Bizi-baratzea

Donostiako Santa Klara uharteko obrak eta "ingurumenaren suntsiketa" bertan behera uzteko eskatu dute
2020-06-25  |  ARGIA

Donostiako uhartean Cristina Iglesiasen eskultura jartzeko egiten ari diren obrak ezkutuan txikizioa eragiten ari direla salatu du Parkea Bizirik elkarteak. Udalak irla “nazioarteko turismorako erromeria” bihurtu nahi duela ere kritikatu dute.

Irlan egiten ari diren suntsiketa herritarrek ez ikusteko hesi batzuk jarri dituztela dio elkarteak, baina irudiak lortu dituztela (behean, bideoa) eta gogorrak direla: “Berdegunearen kaltetan, bideak zabaldu dituzte eta, goiko belardia zena, orain landaretzarik gabeko lur-mugimendua da. Esku-hartzea ez da amaitu, Santa Klarako flyscharen zati bat haustea falta da, eskultura jartzeko. Itsasoaren oldarraldien aurrean uhartea ahulago bihurtuko dute”. Bertan bizi diren espezieei txarrerako eragingo diela ere ohartarazi dute.

Elkartearen hitzetan, Santa Klararen ondare industriala txikituko du proiektuak eta nazioarteko turismorako erromeria bihurtzea da helburua, “Bermeon Gaztelugatxerekin egin duten bezala”. Jende askoren joan-etorriak “uharteari eta bere bioaniztasunari kalte baino ez dio ekarriko eta gainera hiri-eredu honek bizi-garestitasuna indartuko du”.

10 milioi euroko obra?

Obraren garestitzea ere kritikatu dute: “Esku-hartzeak 1,2 milioi euroko kostua izango zuela jakinarazi zuten, baina dagoeneko 4,2 milioira igo da eta, gai horretan adituak diren iturrien arabera, oso litekeena da 8 edo 10 milioi euroko azken zenbatekora iristea”.

Hainbat eskaera egin ditu Parkea Bizirik elkarteak: “Eneko Goia alkateak eta Cristina Iglesiasek barkamena eskatzea Donostiako jendeari eta hiriari. Uhartea hondatzeko aurrekontuaren zenbateko osoa argitara ematea. Uharteko obrak bertan behera uztea eta bertako ingurumena lehengoratzeari ekitea. Uhartea eta Lurra babestea”.