Bizi-baratzea

Dirulaguntzen politikaz
2022-09-22  |  Ainhoa Etxaide Amorrortu

Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko saioa irailaren 22an (argazkia: Eusko Legebiltzarra)

Saltoki handien jabe diren multinazionalek eta ekoizle txikiek begi onez ikusten ez zutelako agertu zen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburua oinarrizko elikagaien prezioa mugatzearen kontra. Ez zuen gezurrik esan, baina auzi honetan bi aldeek jarrera konpartitzen zutela aditzera ematea iruzur hutsa izan zen. Multinazionalek argi utzi zuten ez zutela mugarik onartuko; ekoizleek berehala ikusi zuten neurriaren kostua euren bizkar gainean.

Asistentzialak diren neurriekin ordezkatzen ari dira trantsiziorako zer nolako politika publikoak behar diren eta hauek nola finantzatu behar diren erabaki ahal izateko eztabaida

Batzuk boteretik hitz egin zuten, besteek biziraupenaren premietatik. Epe luzera begiratzeko aukerarik gabe uzten zaituen zoko horretatik hain zuzen ere. Multinazionalei mugak jartzeaz gain, ekoizpena merkaturatzeko bide zuzenak eta gertukoak ziurtatzeaz edota kontsumo eredua aldatzeaz hitz egitea behar dute nekazariek eta abeltzainek, ELBk bere urtemugan oso garbi esan zuen moduan. Gobernuek, dirulaguntzen kopuruaren eztabaidara lotu dituzte ordea.

Lehorteen, uholdeen edota suteen kalteei aurre egiteko dirulaguntzak; kotxea erabiltzen jarraitzeko laguntzak; kontsumoa suspertzeko bonoak… Dirulaguntzen politikak bizirauteko borrokatzen duenari arnasa ematen badio ere, finean, boterea duenari laguntzen dion politika da. Ziklo amaiera batean gaudela erakusten duten egoera hauek guztiek erroetara jotzea eta oinarri sendoak izan behar dituen bidaietan sartzea eskatzen dute. Eta hori da hain zuzen dirulaguntzen politika hauekin lapurtzen ari diren eskubidea, asistentzialak diren neurriekin ordezkatzen ari direlako trantsiziorako zer nolako politika publikoak behar diren eta hauek nola finantzatu behar diren erabaki ahal izateko eztabaida.


Zurea bidali