Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Desintentsifikazioa: Esne behi kopurua erdira gutxitu duen baserria
2022-01-05  |  Garazi Zabaleta

Hamarkadak daramatzate Karrantzako Vista Alegre baserrian behi esnea ekoizten; laugarren belaunaldia da gaurkoa. Baina baserriaren eboluzioak izan du berezitasunik: esne ekoizpenean azken urteotan eman den intentsifikatze prozesuaren aurrean, kontrako norabidea hartu eta behi kopurua gutxitzea eta ekoizpen ekologikorako jauzia ematea izan da haiek aukeratutako bidea. 40-45 burutik 20-25era jaitsi dira pixkanaka, eta hautu horri esker, bi langiletik zazpira pasatu dira azken urteotan. Nola den hori posible? Proiektuko kide Helen Groome-k kontatu digu haien esperientzia.

Duela 35 urte arte eredu konbentzionalean ziharduten Vista Alegren, eta sistemak ekoizpena handitzea eskatzen zien. “Horretarako bi aukera besterik ez genituen: behi gehiago jartzea, edo behi bakoitzari esne gehiago ateratzea”, dio Groomek. Eskualdean lurrerako sarbidea mugatua da, eta behi buru gehiago izateak forraje eta pentsu gehiago erostea ekartzen zien. Zenbat eta pentsu gehiago erabili, behiek ere gaixotasun gehiago dituzte, eta antibiotikoen erabilera igotzen da… Gurpil zoroan sartzea ekarriko zien ekoizpena handitzeak, eta ez zeuden horretarako prest.

“Urteotan pixkanaka joan gara aldatzen, eta geroz eta behi gutxiago zeudenez, bakoitzarentzako belar gehiago zegoen, pentsu gutxiago ematen hasi ginen…”. Noski, behi bakoitzak esne gutxiago ematen zuen, lehen egunero 30 bat litro ateratzen bazituzten, orain 20-25 bat ateratzen dituzte. “Baina errazagoa da esnearen kalitatea mantentzea eta animalien osasuna zaintzea”. 2011n azken pausoa eman eta ekoizpena ekologikora pasatzeko hautua egin zuten. Bi urteko prozesuaren ondoren, ziurtagiria lortu zuten.

Eraldaketa eta salmenta haien gain

Baserrian eman duten beste aldaketa garrantzitsua salmenta izan da. “Lehen, esne guztia industria enpresa handiei saltzen genien, baina 2011n gure gaztandegi txikia eraiki eta esnea gu geu eraldatzen hasi ginen”, azaldu du ekoizleak. Haien esnea soilik erabiltzen dute, eta ekoizpenaren %80 inguru eraldatzen dute. Esne pasteurizatua, jogurt naturala eta lau gazta mota egiten dituzte. “Lehen ez genekien nora zihoan gure esnea, orain badakigu esneki guztiak hemendik asko jota 100 kilometrora doazela”, gehitu du.

Izan ere, banaketa ere haien gain hartu dute: denda ekologiko eta txikietan, kontsumo taldeetan, Bilboko merkatuan eta antzeko tokietan zuzeneko salmenta egiten dute, bitartekariak ekidinez. “Balio erantsia mantentzeko egiten dugu horrela, inoiz ez dugu saldu supermerkatu edo saltoki handietan”, dio. Horrez gain, genero ikuspegitik ere izan du aldaketarik baserriak: “Lehen taldea %100 maskulinoa zen, gaur egun zazpitik bi emakumeak gara, eta hiru ere egon izan gara”. Adibide ederra da Vista Alegrekoa zentzu askotan, eta intentsifikaziora jo gabe lehen sektorean mantentzea ezinezkoa dela dioten horientzat eredu. “Urteetan EHNE Bizkaian agroekologiaren alde lanean aritu nintzen, bada, orain, hau da gure lana, horrelako proiektuak posible direla ezagutaraztea”, amaitu du.


Zurea bidali