Bizi-baratzea

COP27 blokeaturik, herri aberatsak pobreenak laguntzeko uzkurregi daudelako
2022-11-18  |  Jenofa Berhokoirigoin

Klima larrialdiari aurre egiteko asmoz, azaroaren 18 honetan borobildu beharra dute ia 200 herrien arteko COP27 akordioa. Baina ez dute adostasunik lortzen eta baliteke eztabaidak asteburuan ere segitzea. Graham institutuaren arabera, 2030etik aurrera, urtero 290.000 eta 580.000 milioi dolar arteko gastuak ukanen dituzte Hegoko herri zaurgarrienek klima larrialdiak eragindako galera eta kalteen eraginez. Gastu horiek estaltzeko orduan, Iparreko herri aberatsenen parte-hartzea eskatzen dute herri txiroenek. Horrelakorik ez dute nahi aberatsenek eta horretan dago blokeoa.

Pakistanen izandako uholdeak, ekainean. Hegoko herri pobreek dituzte klima aldaketaren ondorioak gehienik pairatzen –alta, Iparreko herriak dira fenomenoaren erantzule nagusiak–. (Argazkia: AP)

Azaroaren 18 honetan bukatu beharra bazen ere klima aldaketari buruzko nazioarteko COP27 gailurra, baliteke asteburura luzatzea. Hain zuzen, badabiltza klima larrialdiari aurre egiteko neurriak lantzen, eztabaidatzen… baina ez dute adostasunik lortzen. Herri aberatsenen eta diruz pobreenen artean dago desadostasunik potoloena, elkartasunaren gaia dagoelarik blokeoaren oinarrian. Jakina da Hegoko herri pobreak direla krisi larrialdia gehienik pairatzen ari, nahiz eta Iparreko herri aberatsak izan nagusiki larrialdiaren erantzule. Hori horrela, galerek eta kalteek ondorioztaturiko gastuak estaltzeko herri aberatsen parte-hartzea eskatzen dabiltza lehen kaltetuak. Nazio Batuen Erakundearen funts bat litzateke horretarako tresna. Baina aberatsenek ez dute horrelakorik nahi: Europar Batasuna eta AEB dabiltza blokeatzen –Txina, ordea, Hegoko herriak sostengatzearen alde kokatzen da–.

Graham institutuaren arabera, 2030 urtean klima larrialdiak eragindako 290.000 eta 580.000 milioi dolar arteko gastuak ukanen dituzte Hegoko herri zaurgarrienek –2050 urtean 1.000.000 milioi eta 1.800.000 milioi dolar artekoak–. Adibide bat ematearren, Nazio Batuen arabera, ekainean Pakistango herena hondoratu eta 33 milioi pertsonari eragin zieten uholdeek 30.000 milioi dolar inguruko kalte eta galera ekonomikoak eragin zituzten.

Egoera ekologiko eta ekonomiko hori ikusirik harrigarria baldin bada ere, COP honetan dute lehen aldikoz funts horren gogoeta gai zerrendan sartu. Baina gai zerrendan kokatzea ez da nahikoa, eta ikusteke dago funts horren sorrera aterako den COP27tik.

2030ean, 290.000 eta 580.000 milioi dolar arteko gastuak ukanen dituzte Hegoko herri zaurgarrienek klima larrialdiak eragindako galera eta kalteak estaltzeko
Aberatsenen nahikari eza

Ez da lehen aldia elkartasuna bideratzeko uzkurtasuna daukatela herri aberatsek. Garabidean diren herrialdeei urtero 100.000 milioi dolar bideratzeko —96 mila milioi euro— engaiamendua hartu zuten 2009ko Kopenhageneko COPean. Diru horrekin Hegoko herriek ere klima larrialdiari aurre egiteko aterabideak errazkiago garatu ahal izatea zen asmoa. Baina Iparrekoek ez dute, ordea, haien hitza betetzen.

100.000 milioi horiez gain litzateke galerak eta kalteak estaltzeko funtsa. COP27ak eskaturiko ikerketa baten arabera, Hegokoek urtero 2.000.000 milioi dolar beharko dituzte klima larrialdia gutitzeko aterabideak eta egitasmoak bideratzeko.

"Herrialde aberatsek utzi egin behar diote eztabaida eragozteari eta [klima larrialdiak eragindako] galeren eta kalteen gainean duten erantzukizun historikoa ezkutatzeari", Global Justice Now Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera. COP27aren akordioan ageriko da betikoan segitzen duten ala aldatzea onartzen duten. Eta horrek ukanen du COP15ean finkaturikoan eragin zuzena:  beroketa ez dadila izan 2 ºC baino gehiagokoa, eta ahal bada 1,5 ºCtik gorakoa ere ez, industrializazioaren aurreko garaiari alderatuz.