Bizi-baratzea

Colin Campbell hil da, ‘Peak Oil’ fenomenoa iragarri zuen geologoa
2022-11-20  |  ARGIA

91 urterekin azaroaren 13an hil da Colin Campbell azken urteak eman zituen Irlandako bere etxean. Maila handiko geologoa, berak sortu zuen “petrolioaren gailurra” (‘Peak Oil’) kontzeptua, laburki adierazten duena petrolio ekoizpenak laster jo behar zuela goia, urritzen hasiko zela eta amaitua dela petrolio merkearen aroa. Hari zor zaio energia-krisiaren analisietan aitzindaria izan den Petrolioaren Gailurra Ikertzeko Elkartea (ASPO, ingelesezko sigletan) sortu izana.

Colin Campbell 2006an, Italian emandako hitzaldi batean. (Argazkia: Wikipedia).

2007an petrolioaren gailurra azaltzera joanik, baso bete garagardo eskuetan hasi omen zuen hitzaldia: “Oso teoria xinplea da, garagardoa edaten duen edonork uler dezake. Hasieran basoa beteta dago eta amaierarako hustu egiten da; zenbat eta azkarrago edaten duzun, azkarrago amaitzen da”. Zailak erraz azaltzeko gai zen geologo hark sortu zuen geroztik txit ezagun egin den “Peak Oil” kontzeptua, eta baita Petrolioaren Gailurra Ikertzeko Elkartea (ASPO).

Kornuallesen (Britainia Handia) 1931n jaioa, Campbellek 1957an lortu zuen Geologian doktoretza, Borneo uhartean egindako landa-lan batean oinarrituta. Shell multinazionalak kontratatu zuen esplorazioko geologotzat, hartatik beste multinazional batera –Texaco– jauzi egin eta arroken ikerketan hasi zen Hego Amerikan.

Bere lana zelarik leku bakoitzeko petrolio hobien datu historikoak aztertu eta horien etorkizuneko ekoizpenak aurreikustea, laster egin zuen topo petrolio ekoizpenaren mugekin. Campbellen aurretik M. King Hubbertek 1956an aurreikusia zuen Amerikako Estatu Batuetan petrolio ekoizpenak goia joko zuela 1965 eta 1970an, eta hala gertatu zen 1970ean.

Munduko petrolio ekoizpenaz 2004an ASPOk egindako aurreikuspenen grafikoa. 

Hubberten ideiaren gainean baina analisian mundu osoa sartuz, 1998an bi idatzi erreferentziazko argitaratu zituen Campbellek: “Datorkigun petrolio krisia” (The Coming Oil Crisis) –Jean Laherrèrekin batera– eta  "Petrolio merkearen amaiera" (The End of Cheap Oil). Horietan defenditzen zuen ez petrolioa halako urte baterako erabat agortuko zenik, baizik eta lurpetik gero eta petrolio gehiago atera eta kontsumitzeko joerak goia joko zuela, petrolio produkzioa urritzen hasiko zela eta horrek sekulako eragina izango zuela ekonomian bezala gizarte egituretan ere, garapen eredua krisi larrian jarriz.

Campbellek espero zuen petrolioaren gailur globala gertatuko zela XXI. mendeko lehen hamarkada amaiera aldean. 2008an Bartzelonan egin zuen ASPO elkarteak munduko batzarra –ARGIAk "ASPO Bartzelonan: petrolio urriko aroan sartu gara" kronikan bildu zuenez– mende honetako lehen ekonomia krisia handia lehertze betean zegoela, eta zenbait adituk lotu zuen petrolioak jada goia jo izanarekin. Baina bitartean, zerbait gertatua zen energiaren merkatuan,  Richard Heinbergek “Resilience”-n idatzi duenez: ohiko petrolioaren ekoizpenak bere hazkundea eten arren, ‘fracking’ teknologiari esker bestelako petrolio eta gasak hasi ziren ekoizten, ‘peak oil’ fenomenoa atzeratuz.

Egia da ‘fracking’-ak gero eta itxura handiagoa daukala petrolioaren krisia  larria atzeratzeko adabaki batena, 2022an fracking eta bestelako gas eta petrolio ez-konbentzionalen artean jada ez dute lortzen munduko petrolio ekoizpen osoari erori gabe eustea. Egia den bezala Campbellek munduko petrolioaren gailurrari ezarritako epean huts egin bazuen, askoz gehiago egin dutela huts bitarteko gehiagorekin –eta multinazionalen eta gobernuen bermearekin– Energiaren Nazioarteko Agentziak  eta abarrek egindako beste aurreikuspenek; horiek baino gehiago hurbildu zaizkio ASPOren eta Laherrèreren aurreikuspenak. Alabaina, 'fracking'-ak petroliozaleen artean sortutako euforiak kolpe hilgarria eman zion ASPO elkarteari, Ugo Bardik The Seneca Effect blogean idatzi berri duenez: “2010az geroztik, publikoak galdu zuen interesa petrolioaren gailurrean. Jendeak erraz ahazten ditu egia kezkagarriak, askoz nahiago ditu gezur erosoak. Horixe da gertatu zena. ASPO ez da inoiz hil ofizialki, baina asko apaldu da hasieran erakutsi zuen indarretik”.

Petrolio ekoizpenaren gailurraren garapenaz egindako aurreikuspenak, tartean ASPOrena. Grafikoan nabarmentzekoa da Colin Campbellekin hainbat lan sinatutako Jean Laherrèrek jada zuzentzen zuela ASPOren hipotesia eta BP petrolio multinazionalarena asko hurbiltzen zaiela biei. (Irudia: Espainiako ASPO).

2022an sekula baino ageriago dago mundua energia krisi betean dagoela, eta horren ondorioak ere modu xehean azalduak zituen Colin Campbellek: “Bankuek beren gordailuetan zeukaten dirua baino gehiago utzi zuten maileguetan, sinetsita gaurko zorraren bermea biharko hazkundea dela. Baina ez dute ikusi hazkundea egoteko baldintza dela energia, nagusiki petrolioan oinarritutako energia, gero eta gehiago eta merke egotea. Eta, beraz, laburbilduz, Petrolioaren Gailurrak esan nahi du zorra usteldu egin dela”.

Richard Heinberg energian adituak “Resilience”-n idatzi duenez, “Campbellek gizadiaren eta bere etorkizunaren ikuspegi filosofikoa zuen. Erregai fosiletatik aterata energia-iturri alternatiboetarako trantsizio mirakuluzkorik ez zuen espero. Aitzitik, sinetsita zeukan tokatuko zitzaigula sufritzea berriro energia gutxiagorekin bizi beharra, gauza mingarria eta ikasgaiz betea”.

Colin Campbell bere aurkezpen famatuan, petrolioaren gailurra azaltzen edan ahala garagardoz husten doan basoarekin. (Argazkia: Ugo Bardi)