Bizi-baratzea

Iñaki Sanz ARGIAko kolaboratzaileak jaso du zientzia-kazetaritzako CAF-Elhuyar saria
2019-05-16  |  ARGIA

ARGIAren Sagarrondotik aldizkarian plazaratutako Hegaztiak, erleak, zomorroak... Sagastien zaindari txikiak erreportajeagatik jaso du Iñaki Sanz-Azkue biologo hernaniarrak zientzia-kazetaritzaren arloko CAF-Elhuyar saria. Lehen aldiz CAFen Beasaingo egoitzan egin da sari-banaketa, sarion 25. edizioan.

Iñigo González de Arrieta Martínez, Iker González Cubiella, Maider Beitia San Vicente, Itziar Urizar Arenaza, Izaro Zubiria Ibarguren eta Iñaki Sanz-Azkue dira sarituak. Bestalde, Martin Etxauri Sainz de Murietak jaso du beka, Fossil Plastics proiektua garatzeko; eta Jesus Mari Txurruka Argarate Biologian doktorearentzat izan da Merezimendu Saria.

Sarion helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea. Igo trenera! izan da aurtengo leloa.

Irabazleak kategoriaz kategoria:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Iñigo González de Arrieta Martínez bilbotarrak eta Iker González Cubiella ondarroarrak irabazi dute, Dysonen esferen bila izeneko artikuluarekin. "Kontzeptu zail bat modu oso entretenigarrian azaltzea, eta zientziak existitu daitekeena ezagutzeko ere balio duela erakustea" hartu du aintzat epaimahaiak lan hori saritzeko.

Dibulgazio-artikulu orokorren kategorian lan bakarra saritu badaiteke ere, epaimahaikideek erabaki dute beste lan batek aipamen berezia merezi duela, lan irabazlearekin "lehia estu-estuan" egon da eta. "Oso joko interesgarria egiten du Zelulak online daude artikuluak, sare sozialak metafora gisa erabiliz, zelulen arteko komunikazioak nolakoak diren azaltzeko". Maider Beitia San Vicente gasteiztarra eta Itziar Urizar Arenaza bilbotarra dira lanaren egileak.

Lehen sektoreko lanak saritzea du helburu Neiker Sari Bereziak. Aurtengo saritua Izaro Zubiria Ibarguren lizartzarra izan da, Esnea ekoizteko, bertako ala kanpoko proteina erabili? lanarengatik. Lan hori ere dibulgazio-artikulu orokorren kategoriakoa izan da, eta, epaimahaikideen arabera, "oso ondo azalduta dago, era garbi batean, nahiz eta atzean ikerketa-lan handia izan, eta abeltzaintzaren benetako arazo bati erantzun nahi izatea ere goraipatu dute".

CAF-Elhuyar sarietako dibulgazio-artikuluen kategoriako beste atala, egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, oso lan gutxi jaso baitira, eta ez zituzten gutxieneko irizpideak betetzen. Edonola ere, epaimahaikideek kategoria honen garrantzia azpimarratu dute, egileei aukera ematen baitie beren doktoretza-lana azaltzeko eta zabaltzeko publiko orokorrari eta gizarte osoari.

Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute. Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoa Fossil Plastics proiektuak irabazi du. Epaimahaikideen esanean, "planteamendu oso interesgarria du, gaur-gaurko kezka bati erantzuten dio, eta alde pertsonala ere txertatzen du, nortasun handiz". Egilea Martin Etxauri Sainz de Murieta burlatarra da.

Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen proiektuaren emaitza erakutsi dute egileek, Ander Gortazar Balerdik eta Jacek Markusiewiczek: Bastartak!.

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du, euskararen normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu. Aurten, Jesus Mari Txurruka Argarate Biologian doktoreak jaso du aitortza hori, zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lanarengatik.