Bizi-baratzea

Munduko birziklapen datuek argazki kezkagarria utzi dute
2020-02-12  |  Maria Ortega Zubiate

2017. urtean lehengaien kontsumoak gora egin zuela azaldu du The Circularity Gap Report txostenak eta lehen aldiz gainditu dela 100.000 milioi tona lehengaien langa. Kontsumo frenetiko horrekin batera, ekonomia zirkularraren datuek okerrera egin zuten urte horretan: materialen %9,1 berrerabiltzetik %8,6ra jaitsi ziren datuak, La Vanguardiak jaso duenez.

Birziklatze datu kaskar horiek esplikatzeko, ekonomiaren gorakadak eragin zuzena izan duela azpimarratu dute adituek, munduko ekonomiak azken urteetan utzitako hazkundeak lehengaien kontsumoa baitakar eta, ondorioz, arestian berrerabiliko lituzketen materialak zakarretara botatzea.

Ekonomia soilik ez, munduko biztanleriak ere gora egin du etengabe. Izan ere, planetan bizi diren gizakien kopurua bikoiztu egin da 50 urtean, eta ez hori bakarrik, pertsona horiek lau aldiz gehiago kontsumitzen dute.

Munduko herrialdeak oso urrun daude birziklapen tasa gomendagarritik. Europako Batzordeak 2030eko helburuen barruan jarri zuen birziklatu gabeko hondakinen tasa %10eraino gutxitzea. Gaur egungo datuak, ordea, urrun daude hortik, %24an –eta portzentaje honetatik kanpo geratzen dira erraustutako materialak–. Zer esanik ez espainiar Estatuari dagokionez: %54koa da zabortegietara doan hondakinen ehunekoa, Europako batez bestekoa baino handiagoa.

Adituak bat datoz hondakinen kantitatea gutxitzeko pizgarriak falta direla gobernuen aldetik, jendartea ez baitago kontzientziatuta honek ekar ditzakeen arazoez.


Zurea bidali