Bizi-baratzea

Biriatuko muga itxi dute kamioientzat sute larri batengatik eta auto-ilarak eragin ditu
2022-08-11  |  Maddi Viana Zubimendi

A-8 eta A-63 autobideen arteko pasabidea ixtean auto-ilarak sortu dira. 6.200 hektareatik gora erre ditu abuztuaren 10ean Girondan (Frantzia) piztutako suteak. Landerara ere iritsi da eta 10.000 lagun inguru ebakuatu behar izan dituzte.

Argazkia: Eitb.

Gironda departamenduan piztu zen sutea abuztuaren 10ean eta 6.200 hektareatik gora kiskali ditu jada. Sua azkar zabaldu da eta Landetara ere iritsi da. 1.000 suhiltzaile inguru daude sua itzaltzeko lanetan. Sutea medio, berriro ere Biriatuko muga itxi dute kamioientzako.

Abuztuaren 10eko 21:30etan pasabidea ireki zieten kamioiei eta hurrengo goizean, ostegun honetan, berriro itxi egin diete 07:00tan. Mozte horrez gain, A-63 errepidea ere itxia dago ibilgailu ororentzat 9. irteeratik aurrera (Saint Geours de Maremne-n). Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak adierazi du sutea hainbat lekutan piztu dela eta horregatik uste dutela nahita piztua izan dela.

Larhun eta Angelu ere itxita

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak agindua eman du Larhun mendia ixteko, sute arriskuagatik. Abuztuaren 12ra arte egongo da debekatua handik ibiltzea. 

Horrez gain, Angelun Pignada eta Lazaret ere itxi zituen abuztuaren 8an Angeluko Udalak. Oraindik ez dute esan noiz arte egongo diren itxiak bi zonak. Orain dela bi urte egondako sutearen ondoren tentu handiz ibili dira eta oraingoa aurtengo hirugarren itxiera da. 2020ko sutean 165 hektarea kiskali ziren.


Zurea bidali