Bizi-baratzea

Biotopoa babesteko, Donostiako irlako eskultura Pasealeku Berrian eraikitzeko eskatu du Parkea Bizirikek
2019-11-19  |  Irutxuloko Hitza

Obra 450 metro mugituz gero, ingurumenean inpakturik ez izatea lortuko litzatekeela nabarmendu du naturzaleen elkarteak, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren babesarekin.

Parkea Bizirik Kukulunbera naturzale elkarteak agerraldia egin du udalean, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren babesarekin, Santa Klarako faroan eraikitzen ari diren Cristina Iglesiasen eskulturak irlan eragin ditzakeen kalteak salatzeko. Proiektuak “uhartearen artifizializazio masiboa” ekarriko duela adierazi dute, eta hango biotopoa babesteko asmoz, obra Pasealeku Berrira mugitzea eskatu dute.

Aitzole Araneta (Elkarrekin Donostia) eta Markel Ormazabal (EH Bildu) zinegotziekin batera eginiko prentsaurrekoan, Parkea Bizirikeko Joseba Gurutz De Vicentek eskari zuzena egin dio udal gobernuari: “Eskatzen dugu proiektua Pasealeku Berriko aparkalekura eramatea. Soilik 450 metro dira, eta bertan itsasoaren magia dago, eta, garrantzitsuena, ingurumenean ez luke inpakturik izango”.

Izan ere, eskulturaren eraikuntzak eta erakarriko dituen bisitarien inpaktuak irlako biodibertsitateari kalte zuzena eragingo diola uste du De Vicentek. Besteak beste, bertan bizi diren pottorro arruntaren, kaio hankahoriaren eta uharteko sugandilaren habitata kaltetuko dutela azaldu du, eta baita irlan bizi diren zenbait espezie mehatxatuena ere, esaterako, ubarroi mottodunarena, kaio beltzarena eta Euskal Herriko armeria landarearena. 

Munduan desagertze arriskuan dauden milioi bat espezie daudela gogoratuz, proiektu honek “bizitzan nola jokatu behar ez dugun” erakusten duela adierazi du Parkea Bizirikeko kideak. Aranetak, bere aldetik, azpimarratu du proiektuak ingurumen-inpaktuaren txostenik ez izateak irlako faunan, floran eta ondarean “min izugarria” sortu dezakeela.

Udaberrian hiriko kostaldera bueltatu eta irlan bere habia eraiki zuten bi kaio beltzen kasua ezagutarazi eta irlako espezieek dituzten mehatxuak azaleratzeko asmoz, hurrengo bideoa argitaratu dute naturzaleen elkarteko kideek:

 

Proposamenak udaletxean aurkezteko ezintasuna

Parkea Bizirik elkarteak udaletxeko areto batean egin duen agerraldia EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak deitu dute, hiriko elkarteek ez baitute euren kabuz halako prentsaurreko bat antolatzeko aukerarik. Errealitate horrekin desados agertu da De Vicente bere hitzartzearen hasieran: “Donostian jaio gara, Donostian ikasi dugu, Donostian lan egiten dugu, eta Donostian zergak ordaintzen ditugu. Baina, elkarte naturzale bateko kidea bazara, ez duzu aukerarik Donostiako udaletxean, gure etxean, bideo bat aurkeztu eta prentsaurreko bat eskaintzeko. Hori ezinezkoa izan denez, formula hau erabili dugu”.

De Vicenteren salaketarekin bat eginez, Aranetak azaldu du bi alderdiek mozio bat aurkeztuko dutela hiriko kolektibo eta mugimendu sozialek udabaltzan euren egitasmo eta mozio propioak aurkeztu ahal izan ditzaten.