Bizi-baratzea

Ibaiak

Bidasoa ibaiaren inoizko garbiketarik handienean, ehunka boluntario mobilizatu nahi dituzte
2021-12-07  |  ARGIA

Lesakan hasi eta Hondarribiraino, Bidasoa ibaian pilaturiko hondakinak biltzea helburu duen garbiketa erraldoia antolatu du Recicla-Birziklatu elkarteak. 40 bat lagun arituko dira antolaketan eta ehunka boluntario lortu nahi dituzte zaborra jasotzeko. Lesaka, Bera, Biriatu, Urruña-Pausu, Irun, Hendaia eta Hondarribia, Bidasoa ibaiak zeharkatzen dituen zazpi herrietako udalek bat egin dute ekimenarekin.

Argazkia: Wikipedia

Udal ordezkariek adierazi dute garbiketa bateratuan lagunduko dutela. Orain, zeregin horretan parte hartuko duen jendea biltzea da erronka.

Garaiz dabiltza, ekainaren 18rako deitu baitute garbiketa, auzolanean. Asmoa da Lesakan abiatu eta hainbat auzo eta puntutan egitea garbiketa: Txarandaka, San Martin presa ohia, Endarlatsa, San Migel, Behobia, Arbes, Santiago, Hendaiako Bidasoako ordokia, Hondarribiko puntala eta herriko hondartza. Batzuek oinez eta bizikletaz garbituko dituzte ibai-bazterrak eta besteak ibai barruan arituko dira, kayak, paddle edo surf taulatan. Gabarra batean biltzen joango dira zabor guztia.


Zurea bidali