Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Bertako ekilore eta koltza olioa, kalitatezkoa eta jasangarria
2022-01-14  |  Garazi Zabaleta

Hamabost bat laborariren elkarlanetik sortu zen 2006an Nouste Ekilili kooperatiba, izenak adierazten duenez, Ipar Euskal Herriaren eta Bearnoren artean –noustek, bearnesez, “gure” esan nahi du–. Pentsa litekeenaren kontrara, ez zen olioa ekoiztea hasierako bultzatzaileen ideia. “Gure abereendako proteinak kanpotik erosi beharrean, etxean bertan egiten hastea zen lehen asmoa”, azaldu du Estebe Sallato kideak. Hain zuzen, animaliei jaten emateko ideiarekin hasi ziren ekiloreak ekoizten, baina kezka bat sortu zitzaien segituan: zer egin ekililia tinkatzerakoan ateratzen zuten olioarekin? 

Europako laguntza batzuei esker, olioa itsasontzietako motorren erregai gisa saltzen hasi ziren lehen urteetan. Laguntzak bukatzearekin, ordea, bide hori itxi eta beste zerbait bilatu behar izan zuten. “Miarritzeko Lurrama azokan, batek baino gehiagok galdetu zigun ea nola zen posible jendeak kontsumitu zezakeen olioa ibilgailuetarako erabiltzea”, kontatu du Sallatok. Ideia horri bueltaka, Frantziako Olio Begetal Puruen Institutuaren laguntzarekin, pertsonentzako olioa egiten hasi ziren pixkanaka. “Gaur egun, %100 pertsonek kontsumitzeko egiten dugu, eta guztia oso azkar saltzen da gainera. Laborari berriak xerkatzen ditugu orain”, dio.

Kooperatiban parte hartzeko, ekoizpenari dagozkion zenbait baldintza dituzte: transgenikorik ezin da erabili, lurrak ezin du inolako tratamendurik jaso –eritasunen bat tarteko lurrak tratatuak direnean, abereendako soilik komertzializatzen dute olio hori, inoiz ez pertsonentzat–, hezetasun aldetik ere parametro batzuk bete behar dituzte… “Nekazaritza herrikoi eta jasangarrian dihardugun ekoizleak gara kide guztiak”, diote. Baldintza horiek betetzeaz gain, kooperatibari denbora bat ere eskaini behar diete partaideek: “Olioa botilaratzen, banaketan, etiketatzen eta halakoetan parte hartzea eskatzen dugu”.

Olio industrialetatik urrun

Laborarietako baten etxaldean dute kooperatibako eraldaketa gunea, Gabadin. “Hasieran eskuz egiten genuen dena, baina orain bi makina ditugu, bata etiketak jartzeko eta bestea botilaratzeko”. Olioa egiteko prozesua eredu industrialetik erabat desberdina da: trituratzerakoan, hazia hotza dago kooperatibaren kasuan. “Eredu industrialean hazia berotu egiten dute, modu horretan olio gehiago ateratzen dutelako”. Berotzearekin, ordea, olioaren propietate ugari ere galdu egiten direla dio Sallatok. “Guk hotzean tinkatu eta hilabete eta erdi uzten dugu olioa; orduan, sortzen diren zikinak kendu, eta kito”, dio.

Azken urteetan, ekilore olioaz gain koltzarena ere egiten hasi da kooperatiba. Guztira, lau olio desberdin saltzen dituzte, batik bat Euskal Herriko eta Biarnoko dendetan, eskoletan eta ostatuetan: mota bakoitzeko bio olioa, eta konbentzionala. Salmentarekin laguntzeko langile bat dute kontratatuta. “Hasi ginenean ez genuen pentsatzen hain fite aterako zenik dena!”, amaitu du.


Zurea bidali