Bizi-baratzea

Berta Cáceresen hilketagatik 22 urteko espetxe zigorra ezarri diote Desa hidroelektrikako lehendakari exekutibo zenari
2022-06-21  |  ARGIA

Berta Cáceres ekintzaile ekologista hil zutenetik sei urte bete direnean, Roberto David Castillo Mejía, Desa enpresa hidroelektrikako lehendakari exekutibo zena, 22 urteko espetxealdira kondenatu dute Hondurasen. Enpresa hori presak eraikitzen ari zen Lenca herriarentzat sakratua den Gualcarque ibaian, eta eraikuntza horien aurka ari zen borrokan Cáceres.

Lenca herri indigenako liderra, ekintzaile ekologista eta giza eskubideen defendatzaile sutsua zen Berta Cáceres. 2016an, indarrez sartu ziren bere etxera eta tiroz hil zuten.

Krimenagatik, 2019an zazpi pertsona kondenatu zituzten eta iaz Roberto David Castillo hilketaren autore intelektualetako bat izan zela ebatzi zuten epaitegietan, hilketaren finantzazioan, antolaketan eta logistikan parte hartu zuela. Orain, zigorra zehaztu du epaimahaiak: 22 urte eta erdiko espetxealdia.

Honduras, herrialde arriskutsua ekologistentzat

Cáceres hil zutenean kontatu genuenez, Global Witness txostenaren arabera Honduras “munduko herrialderik arriskutsuena da ekologistentzat, herritar kopurua kontuan hartuta”. Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera, 101 ekintzaile hil zituzten 2010 eta 2014. urte artean. “Gobernuek aldaketa klimatikoaren inguruan eztabaidatzen duten bitartean, ibaiak eta oihanak defendatzen dituztenak zigorgabetasun osoz hiltzen dituzte prentsa internazionalean inolako oihartzunik eragin gabe”.

 


Zurea bidali