Bizi-baratzea

Bergarako erraustegiaren aurkako plataforma: "Jaurlaritzaren lehentasuna enpresa pribatuen interesak dira"
2022-06-16  |  ARGIA

4.500 herritarrek eta Bergarako Udalak jarritako helegiteei muzin egitea egotzi dio Larramendiko Arnasa plataformak Eusko Jaurlaritzari eta manifestazioa antolatu du erraustegi proiektuaren aurka hilaren 19an, igandearekin.

Erraustegia joango litzatekeen orubea.

Eusko Jaurlaritzak ez ditu aintzat hartu Valogreene enpresak Bergaran ustez papergintzarako hondakinen erraustegia izango dena eraikitzeko proiektuaren kontrako 4.500 helegiteak, ez eta horren kontra Bergarako Udalak jarritako gorako errekurtsoa eta bide administratiboa itxi dio horrela.

Larramendiko Arnasa plataformak manifestazioa deitu du, Jaurlaritzaren erabakiak "agerian uzten duelako Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna: herritarren osasunaren gainetik, enpresa pribatuen interes ekonomikoen alde egitea".  Manifestazioa igandean izango da, 12:30ean san Martin plazatik abiatuta.

Proiektu horren arabera, gutxienez 155.000 tona hondakin industrial erraustuko dituzte Bergaran, hori bultzatu dutenek errausketa ez baizik "pirolosia" dela diote –hondakinak erretzeko beste teknika bat, nola nahi ere–: "Zubietako erraustegiak bainoa 7.000 hondakin gutxiago bakarri erraustuko lituzkete. Zelan defenditu dezake hori ingurumen organoak, instalazio horietan sartuko den lehengaia hondakin bezala katalogatua dagoenean?", azaldu dute plataformako kideek prentsaurrean. Zentzu horretan, osasunaren arloan kalte handiak eragingo dituela-eta kezkatuta azaldu dira.

Bergarako Udala ere proiektuaren kontra azaldu da, baina "Tapia Legeak" pisu handia izan dezake proiektua aurrera ateratzeko.