Bizi-baratzea

Errausketa

Beiruteko alkateak gelditu egin du erraustegi proiektua, eztabaida eta protesta artean
2019-07-12  |  Zero Zabor

Egunean 600 tona zabor erreko lituzkeen erraustegiak eztabaida sutsua piztu du Libanon eta Beiruteko alkatea behartuta aurkitu da proiektua lehiaketa publikora ateratzeko prozesua atzeratzera.

Ekialde Hurbileko gatazka zibil handietakoa bihurtu da hondakinen kudeaketa Libanon. Zabortegiak gainezka zeuzkala, Siriako gerrak errefuxiatu uholdea ekarri zion herrialde txiki honi eta agintariak soluziotzat erraustegi handi bat eraikitzea proposatzen ari ziren, Europako multinazional handiekin eskutik hartuta. Ingurumen Justiziaren Atlasak dioenez, egunean 600 tona erretzeko proiektuan sartuta daude –Libanoko zenbait konpainiarekin batera– Danimarkako Ramboll, Koreako Doosan eta Frantziako Vinci eta Suez, zerbitzu publikoen kontrata pribatuetan berezitutako multinazional erraldoiak.

Erraustegiaren aurkako ekintzaileek Beiruten protestan ezarritako tximinia kea dariola. (Argazkia: Greenpeace)

Mobilizazio handiak, sinadura bilketak eta protestak eragin ditu erraustegi asmo honek Beiruten 2017tik, lehendik oso kutsatuta daukaten ingurumen batean gizakien osasunari kalte handiagoak ekarriko dizkiolakoan. Alderdi politikoen artean ere eztabaida handia zen eta ordezkari politiko askok azaldua zuten beren kontrako jarrera.

Uztailaren 4an Beiruteko alkatearen asmoa zen proiektua lehiaketa publikora ateratzeko pleguak erabakitzea. Kontrako ekintzaileak bildu ziren herriko etxearen atarian bezala zenbait auzunetan eta hainbat zinegotzik ere eztabaida eskatu zuten, ez zela posible aurrera jarraitzea aurretik ingurumen eta osasunaren arriskuen azterketa zehatza egin gabe.

Eta azkenean udalak erabaki du prozesua gelditzea, interpretazio batzuen arabera gaia atzeratuz denbora irabazteko, beste batzuen ustez Beiruteko osoko batzarrean gehiengoa daukatelako erraustegiaren kontrakoek.

 


Zurea bidali