Bizi-baratzea

Beganoak ez diren landareen arteak
2021-10-21  |  Jakoba Errekondo

Bizitzeko jan beharra dago. Animaliok beste animaliaren bat edo landareak janez bizi gara, ez dago beste biderik. Landareek bere kasa sortzen dute janaria: elikagaiak uretan nahasita hostoetaraino eraman, argiarekin eraldatu eta janari bihurtu eta jan. Horretarako onddo, bakterio eta abarrekin elkarlaguntza antolatzen dute, gehienetan sustraietan gauzatzen dena; landareak zerbait emango dio lagun horri eta hark bueltan beste zerbait: jeneralean ematen duten hori bestearentzako eskuratzea gaitza den zerbait izan ohi da. Eman-hartu horretatik biek lortzen dute etekina, bientzako onuragarria da. Jesus Izco Sevillano botanikariaren arabera, landareen %95 ezin biziko litzateke elkarlan hori gabe, bereziki mikorrizarik gabe, hau da, onddoekin emanhartu gabe. Onddoak lurrean dauden mineralak (nitrogenoa, fosforoa...) xurgatu eta landareari emango dizkio; landareak, bueltan, hostoetan fotosintesi bidez ekoitzitako azukreak (fruktosa, sakarosa eta abar) emango dizkio.

Badira elkarlana beste era batera ulertzen duten landareak ere. Landare batzuk beste batzuen bizkar bizi dira, bizkarroiak dira. Bizkarroien eta ostatatzaileen artean era askotako eman-hartuak sortzen dira. Bi multzo nagusitan banatzen dira: ostatatzaileari izerdia xurgatu eta fotosintesia bere kasa eginez bizitzen direnak (adibidez, mihura –Viscum album– zuhaitzen adarretan) eta fotosintesia egiteko gai ez izan eta lapurtzen dutenetik soilik bizi direnak (Euskal Herrian baditugu adibidez kuskula –Cuscuta spp–, Cytinus hypocistis eta Orobanche genero ugaria).

Bere dietako premiak asetzeko beste bide batzuk jorratu dituztenak ere badira, landare haragijaleak, adibidez. Haragijaleak esaten zaie baina batez ere intsektuak eta artropodoak harrapatzen dituztenez, landare intsektujale esatea egokiagoa iruditzen zait. Harrapatutako intsektuak disolbatuz eta liserituz oinarrizko mantenugaiak xurgatzen dituzte.

Landare horietan paradoxa ederra gertatzen da: intsektuak behar dituzte bere loreak polinizatu eta ernaltzeko, eta intsektuak janez osatzen dute bere dieta. Biak erakarri behar ditu beregana, baina noski, polinizatzailea ez du jango. Polinizatzailea lorera erakarri behar du eta jangaia tranpara. Ikaragarrizko arteak garatu dituzte biak bereizteko. Batzuetan loreak tranpak prestatu aurretik irekiko dira. Beste batzuetan loreak eta tranpak urrunduta dituzte, adibidez tranpak lur azalean eta loreak airean txorten luze baten muturrean. Badira, baita ere, erakarri nahi dituztenak limurtu eta berenagatzeko berariazko gai desberdinak sortzen dituztenak lorean eta tranpan; koloreak, usainak edota opari edo sari itxura izan dezakete: polena, nektarra, olioa... Landare leinu bakoitza bere erara egokitu da, intsektuak jatera. Gure espeziearen etorkizuna ere horixe dela gero eta maizago entzuten dut...