Bizi-baratzea

Batu Elkarlaguntza Sarea sortu dute, gizarte arazoei "erantzun integrala" emateko
2020-06-25  |  Aiaraldea

Arrankudiagan ez ezik, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Miguel, Zaratamo, Ugao eta Zeberion ere funtzionatuko du sareak. Etxebizitza eta elikadura izango dira egitasmoaren ildo nagusiak.

Batu Elkarlaguntza Sarea sortu dute Arrankudiagako hainbat bizilagunek, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Miguel, Zaratamo, Ugao eta Zeberioko beste kide batzuekin batera. Herri horietan guztietan eragingo du ekimenak, eta gizarte arazoei “erantzun integrala” ematea izango du helburu.

“Klase-egitura, patriarkatua eta arrazismoa dira, gure ustez, egungo arazo sozialen oinarria. Horiek gainditzea da, beraz, injustizia soziala gainditzeko bidea”, azaldu dute sareko kideek. Baina, nabarmendu dutenez, “hankak lurrean” dituzte. “Nora goazen bezain argi dugu non gauden; egungo testuingurutik abiatzen gara”.

Gauzak hala, “herritarren egungo bizi baldintzak hobetzeko” egingo dute lan, “mundu berri baten eraikuntzaren bidean”. Sarearen “autonomia politikoa” ere aldarrikatu dute, baina ez dute baztertzen instituzio zein alderdiekin hainbat motatako harremanak garatzea.

Bi ildo nagusi jorratuko dituzte lan-taldeen bidez: elikadura eta etxebizitza. “Emakume talde bat ere egongo da sarean, egindako lanketa guztietan ikuspegi feminista txertatzeko helburuarekin”, jakinarazi dute. Beste bi talde ere egongo dira sarean. Bata formakuntzaz arduratuko da eta komunikazioaz, aldiz, bestea.

Parte hartzeko gonbita

Sarean parte hartzeko gonbita luzatu dute egitasmoaren bultzatzaileek: “Sarearekin lan egin nahiko bazenuke aipatu ditugun arazoetakoren bat bizi duzulako edo bertan lan egin nahiko bazenu gure helburuak konpartitzen dituzulako, jarri harremanetan 654821486 zenbaki edo batuelkar@gmail.com helbidearen bitartez”.

Sare sozialak (@batuelkar) eta webgunea (Batuelkar.eus) ere jarri dituzte abian, sarearen jardunaren berri emateko.

“Garai ilunak” datozela uste dute Batuko kideek: “2008ko krisiaren kolpea asimilatzen ari ginen honetan, krisi berria dugu ate-joka eta esperientziak erakutsi digu nork ordaintzen dituen kalte-ordainak, herri langileak hain zuzen”. Gauzak hala, bide bakarra antolakuntza dela nabarmendu dute, “herriak bakarrik salba dezakeelako herria”.