Bizi-baratzea

Biodibertsitatea

Basoilarrak jada ez du kantatzen gure basoetan
2022-03-28  |  Urko Apaolaza Avila

Europako basoko hegazti handiena Euskal Herrian desagertuta edo desagertzeko zorian da, azkeneko aleak Belaguan eta Larran ikusi baitziren aspaldi. Pirinioetako Ekologia Institutuak egin berri duen ikerketa baten arabera, Aragoiko Pirinioetan bizi ohi diren guneetan, %40 inguruan ez da atzeman basoilarrik azken behaketan.

Basoilar arrek kanta-lekuak izaten dituzte baso helduen soilgune edo soroetan, emeak erakartzeko. Euskal Herrian, Larra eta Belagua inguruan ikusi ziren azkenak (argazkia: Natura Bizia / ETB)

Basoilarrak kantatzen dizü / Iratiko soruan... Hala dio herri kantutegiko bertso ezagunak. Ihurk elezakezü pentsa / nik zer düdan goguan... Atharratzen eta  Zuberoako Basaburuko beste hamaika tokitan jaso zuten kanta XIX. eta XX. mendeko euskal etnografoek. Ez dakigu zehazki basoilarrari (Tetrao urogallus) edo argi-oilarrari (Upupa epops) egiten ote dion erreferentzia –toki batzuetan txori gandordun migratzaileak izen bera baitu–, baina pentsatzekoa da orduan hegazti horien kantua ezagunagoa izango zutela, agian guk gaur Benitoren doinuak bezain beste.

Basoilarra ez dugu entzungo gehiago kantatzen ordea, ez Iratin, ez oraindik ale bakar batzuk geratzen ziren Auñamendietako beste basoetan ere. Berrikitan Pirinioetako Ekologia Institutuak egindako ikerketa baten arabera, Aragoin lehendik zegoen eremuen %40 ingurutik desagertu egin da azken urteetan, gallinazeo handiaren arrastorik ez da atzeman behinik behin. Gaur egun basoilar piriniarraren azpi-aldaerako 400 ale baino ez dira gelditzen bizirik, horietako gehienak Katalunian. Euskal Herrian, Nafarroan 15 ale zenbatu ziren 1991 arte, baina 2005ean bi besterik ez, Larra eta Belagua inguruan.

Kanta-lekuak hutsik daude

Europako basoko hegazti handiena da basoilarra: arra 4,5 kilogramoko pisua izatera eta 85 zentimetro neurtzera iritsi daiteke; emea berriz 2 kilogramo izatera eta 68 zentimetro neurtzera. Araldi garaian egiten dituzten kantu eta dantza ikusgarriengatik dira ezagunak, lumak harro erakusten ditu orduan. Natura Bizia dokumentalean aukera izan genuen ikuskizun paregabe horretaz gozatzeko, kamerek harrapatu zituzten irudiotan:

Basoilarrek kanta-lekuak izaten dituzte soilguneetan –edo soroetan, abestiak dioen moduan–, eta halakoak, pagoak, izeiak edo pinu beltzak hazten diren baso heldu eta osasuntsuetan baino ez dira aurkitzen normalean. Pirinioetako Ekologia Institutuak egindako azken zenbaketaren arabera, Aragoin 47 kanta-lekutan egindako behaketetan, 18tan ez zen aurkitu basoilarrik.

Ez da hegaztiaren estintzioaz alarma jotzen duen azkenaldiko ikerketa bakarra ordea. Ugatza Babesteko Fundazioak eta Valentziako Unibertsitateak duela urtebete egindako beste ikerlan batek ere antzeko emaitzak utzi zituen: Kantauriko eta Pirinioetako populazioa %58 murriztu da azken urteetan, dirudienez ugalketa eskasaren ondorioz. Basoilar eme batek urtean txitatzen dituen arrautzetatik 0,68 txita baino ez dira ateratzen bizirik.

Hori horrela, espezie “zaurgarri” izateari utzi eta “desagertzeko arriskuan” dagoen espezie izendatzea eskatzen du askok. Baina zein da gainbehera horren benetako arrazoia? Zalantzarik ez izan: gizakia.

Gizakiaren eskua desagerpenaren atzean

Klima larrialdiak sorturiko tenperatura aldaketek –azken urteetan Pirinioetan 1,2 gradu igo da, munduko batez besteko igoera baino %30 gehiago– nabarmen eragin dute basoilarraren gutxitzean. Aragoin behatu diren kanta-lekuen artean, adibidez, hegoaldera begira eta eremu baxuenetan daudenetan desagertu da gehien –1.400 eta 2.200 metroko altuera artean bizi da–. Gainera, mendiko bideen ugaritzeak, habitataren galerak, turistifikazioak, ehizak, beste harrapari batzuen ugaritzeak... ere jarri dute galzorian.

Adituek diote basoilarra bioindikatzaile ezin hobea dela, bioaniztasun galeraren eta klima aldaketaren iragarle. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak urtero eguneratzen du desagertzeko arriskuan dauden espezien zerrenda gorria eta lehen aldiz 40.000 espezie katalogatu ditu egoera horretan. Basoilarra ere hor daukagu, Asiatik Kantauriraino gainbeheran. Halako albisteek zer pentsatua eman beharko ligukete: Europako basoko hegaztien erregea gure artetik akabatzen ikusiko dugu, baina beti geratuko zaigu kanta bat kontsolatzeko…