Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Baserritik bizi, sistema tradizionalak eta berriak lotuz
2022-05-26  |  Garazi Zabaleta

Elorrioko Zenita auzoko Zenitaldekoa baserrian bizi dira Markel Garaizabal Buldain eta Berenice Lopez Reyes. Baserrian, eta baserritik. “Duela hamar bat urte hasi ginen familiako baserrian lanean, hasieran batez ere ortuan. Gerora, bi urtez bidaiatzen egon ginen, baina handik bueltan, apustu serioagoa egitea erabaki eta esne behiak ipini genituen”. Horrela azaldu ditu Garaizabalek gaur egun Belaze izena daraman proiektuaren hastapenak. Yogurra eta gazta freskoa dira gaur egun haien ekoizpenaren zati garrantzitsuenetakoa, baina ez bakarra. Baratzearekin, fruitu-arbolekin eta bestelako abereekin ere jarraitzen dute, dibertsifikazioa oinarri.

Baserri tradizionalaren formatuari eutsi diote bi gazteek, denetik pixka bat eginez: ortua, behiak, txerriak, oiloak, fruitu-arbolak… Eredu ekologikoan egiten dute lan, nahiz eta ekoizpen esparruren batean zigilurik ez izan, txerrietan eta oiloetan, adibidez. “Gauza asko lehengo moduan egiten ditugu, baina saiatzen gara teknika berriak ere erabiltzen”, dio. Berrikuntza horien artean nagusia, "abeltzaintza birsortzailea" deritzona dute. Honela azaldu du ekoizleak, hitz sinpleekin, zer den: “Oinarrian, zelaia zati txikietan banatzean datza, eta partzela bakoitzean egun bakarra egiten dute behiek”.

Zergatik ari dira eredu horretan? Produktibitate aldetik eta baita lurrari begira ere, sistema horrek onurak besterik ez dakartzala dio bizkaitarrak. “Beti abeltzaintza estentsiboaren ereduaz hitz egin dugu, baina teknikoki hori ere ez da guztiz positiboa, lurrari begira batez ere, gehiegizko ustiatzea ematen baita”. Belazekoek darabilten teknikarekin, partzela bakoitzak inpaktu handia izaten du, baina denbora tarte oso txiki batez, eta deskantsurako eta berriz errekuperatzeko denbora nahikoa emanez. “Belarrak indarra gordetzen du sustraietan, eta behia zati horretara bueltatzerako birsortzeko tartea izan du”, dio. Aldi berean, behiarentzat onuragarria da egunero partzela berri batean belar fresko eta berria jatea, eta ongarria uniformeago banatzeko ere balio du sistema honek.

Bisitak, baserri mundua ezagutzera emateko

Baserrian bertan dute Belazeko kideek transformazio gunea, eta gaur egun dituzten zazpi behietatik ateratzen duten esne guztia bertan eraldatzen dute. “Produkzio txikia da gurea, 70 litro inguru ateratzen ditugu egunean”, dio. Zuzeneko salmenta bidez edo hurbileko dendetan saltzen dituzte haien produktuak, eta baserrian ere badute dendatxoa, astean bi egunetan eta bisita gidatuetan zabaltzen dutena.

Izan ere, Garaizabali eta Lopezi hirugarren kide bat batu zitzaien iaz, baserriko bisita gidatuez arduratzeko. “Gure beste helburuetako bat da baserri mundua jendeari ezagutaraztea, eta hau benetan aukera profesional bat izan daitekeela erakustea”, dio.