Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Baserritar-okinak gari barietate zaharrak biziberritzen
2021-10-07  |  Garazi Zabaleta

Gipuzkoako hiru baserriren arteko elkarlanetik sortu zen iaz Hazitik Ogira proiektua. Errezilgo Irure Txiki eta Solaka baserriak eta Eibarko Sosola daude ekimenaren atzean, Leartiker elikagaien-teknologia zentroarekin batera. Zein den asmoa? Bertako gari barietate zaharrak berreskuratzea, biderkatzea eta lehengo maneran ogia egiten hastea. “Gure ogiari eta egiten dugun lanari balioa emateko beste modu bat da proiektu hau”, dio Edurne Agirre Bengoetxea Irure Txikiko kideak.

Okina edo baserritar-okina? Horixe galdetzen zioten behin eta berriz Agirreri Bretainiako okinek, Biolur elkarteko okin-taldearekin hara egin zuen bidaian. Inguru haietan okin gehienak baserritar ziren aldi berean, eta beren garia egiten zuten. Han ikusitakoarekin piztu zitzaion Agirreri garia ekoizten hasteko gogoa. “Barietate desberdinak hartu eta dena nahastuta ereiten zuten han, eta nahasketa horietako bat ekarri genuen hona”, gogoratzen du. Diru-laguntza bati esker, Errezilen lursail bat alokatu eta gari hura egiten hasi ziren proiektuko hiru baserriak.

“Urtero gure garia egiten segitu dugu ordutik. Erostea kasik errentagarriago atera liteke, baina emozioz ari gara honetan, eta horrela jarraitzen dugu”, dio. Okintzaren prozesu osoa haien esku izanda, ogiaren beraren inguruan gehiago ikasi dutela eta nekazarienganako begirada aldatu zaiela dio. “Konturatu gara zein arazo eta zailtasun dituzten, jarduera honetan gauzak ez direla ‘ez zait gustatzen eta kito’”. Irina egiteko harrizko errotak dituzte baserrietan, eta haiek ekoitzitakoaz gain, produkzioa osatzeko inguruko nekazariei ere erosten diete garia. Aurretik, hori bai, laginekin ogi-probak egiten dituzte, bakoitzaren ezaugarriak aztertzeko eta balekoak zeintzuk diren eta zeintzuk ez ikusteko.

Garai bateko ogiaren bila

“Gluten gutxi zuten lehengo gari barietateek, eta ogiak hainbeste harrotzen ez baziren ere, zaporez hobeak ziren”, Agirreren ustez. Baina, zer gertatu da ogi-industriarekin azken urteetan? Gluten askoko irin motak nagusitu direla, ogiak harro-harro ateratzen direlako. “Gu beti saiatu izan gara barietate ez hain modernoak erabiltzen, ez baitzaigu interesatzen gluten kantitate handiko ogiak izatea”, dio okinak. Hori horrela, Leartikerrek erronka berria proposatu zien proiektuko hiru baserriei: zergatik ez berreskuratu garai bateko bertako barietateak, eta horiekin egin ogia?

Neiker Nekazaritzako Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearen bidez lortu zituzten hamarkadetan Madrilgo hazien banku batean lozorroan egondako Gipuzkoako zazpi gari barietate zahar. Bakoitzetik eskukada bana eman zieten, 300 bat gramo, eta Neikerren eta baserrietan erein zituzten biderkatzeko asmoz. Urtea kaxkarra izan da eta ez zaie nahi adina atera, baina behintzat, Sosolan hiru bat kilo eta Neikerren 12 inguru lortu dituzte. “Azaroan eginen dugu entsegua gari horiekin, eta ikusiko dugu zer ateratzen den hortik”, iragarri du Agirrek. Urtetik urtera biderkatzea eta horiekin geroz eta ogi gehiago egitea da asmoa. “Garai bateko ogiaren antza edukiko dute!”.