Bizi-baratzea

Laborantza  >  Laborantza ekologikoa

Baserriko Uzta apirilaren 2an itzuliko da Baztanen bi urteko geldialdiaren ondotik
2022-03-24  |  ARGIA

Pettiren kontzertuak irekiko du EHKOlektiboak antolatzen duen Baserriko Uzta ekimenaren hirugarren edizioa. Kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batu nahi ditu ekimenak.

EƱaut Elorrietaren kontzertua, 2019ko edizioan. Argazkia: Baserriko Uzta

Baserriko Uztaren helburua herritarrek etxaldeak bertatik bertara ezagutzea da, baserritarren lanak eta produktuak  nola lantzen diren ezagutuz. 2020an ekimena bertan behera utzi behar izan zuten pandemiagatik, eta aurten berriro heldu diote proiektuari. Aurten hiru urtarotan antolatuko dute: Udaberrikoa Anizen (Baztan), apirilaren 2an; udakoa Bizkaian, data eta leku zehatza zehazteke; eta udazkenekoa Ibarlan (Baxe Nafarroa), urriaren 8an.

Baserria, laborantza ekologikoa eta euskal musika uztartzen ditu ekimenak. Josebe Blanco antolatzaileak dioenez, “Hurbiletik, formatuak elkar ezagutzeko eta solaserako tartea ematea espero dugu”.  Baserriko Uzta, EHKOkolektiboaren eta Paperezko Kontzertuen elkarlanetik sortu zen 2017ko udazkenean, "euskal kultura bultzatzeko, elkartzeko eta komunitatea indartzeko gogoak" eraginda.

Aurtengo lehen "uzta" Nafarroako Aniz herrian hasiko da, Jauregia etxaldean. Etxalde horretan behi-esne ekoizpena dute, eta nekazalturismoarekin osatzen dute etxaldea.

Aurtengo edizioaren egitarau eta informazio guztia www.ehkolektiboa.eus helbidean prestatu dute.