Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Baserriko patata frijitu poltsak existitzen dira, Urruñakoak
2022-06-10  |  Garazi Zabaleta

“Mementuan laborari gutxi gelditzen gara Urruña inguruan, Iparraldean gehienak barnekaldean dira-eta”. Beñat Exposito ekoizle urruñarraren hitzak dira, Lapurdiko kostaldeko egoeraz hizketan. Etxalde geroz eta gutxiago eta urbanizatutako zonalde geroz eta gehiago dagoen inguru horretan, baserritik bizitzeko apustuari eutsi diote Larrean, eta berak, anaiak eta aitak horixe dute bizibide. Alde batetik, behi esnea ekoizten dute paketetan gordinean saltzeko, eta, bestetik, patata, gerora eraldatu eta txips moduan saltzen dutena. “Duela 15 bat urte hasi ginen txips-en ekoizpenarekin, eta urteotan etxeko jarduera gehien aldatu duena hori izan da”, azaldu du.

Gaztetatik oso argi zuen Expositok gurasoen erreleboa hartuko zuela, horregatik egin zituen nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutako ikasketak Pauen. Etxean anaia gaztearentzako adinako lanik izanen ez zela uste zuten hasieran, baina ekoizpenean eta merkaturatze moduan egindako aldaketekin, berarentzako toki bat ere lortu dute Larrean. “Salmenta zuzenarekin hasi gara marjina hobetzeko. Ideia ez da bolumena handitzea, modu hobean saldu ahal izatea baizik”, dio ekoizleak.

Zuzeneko salmentaz gain, patata ekoizpenarena izan da gazteak abiatu duen berrikuntza nagusietako bat. “Duela 15 urte, hasi ginenean, urtean 25.000 patata frijitu pakete saltzen genituen; bada, iaz, 100.000 izan ziren”. 100 gramoko poltsetan saltzen dituzte txips-ak, hurbileko dendetan. Baina, nondik nora bururatu zitzaion Urruñako familiari patata frijituak ekoizten hastea? Horrela azaldu du hasiera Expositok: “Lehenago esnea eta barazkiak ekoizten genituen, baina uda partean patata asko egiten genuen, eta Donibanen txips patatak egiten zituen denda oso ezagun bati saltzen genizkion”. Denda hartako jabea erretiroa hartzekotan zela jakin zutenean, aukera berri bat ikusi zuten parez pare.

Prozesu osoa, etxaldean

Dendako jabearekin tratua egin eta berak zerabiltzan makina eta errezeta jaso zituzten. “Guk ez genuen ezer asmatu, hasterako bagenituen bezeroak”, dio Expositok. Patata ereitetik poltsetan sartzeraino, bide guztia etxaldean bertan egiten dute, eskuz: landatu, jaso, zuritu, moztu, sukaldatu… “Patata fin-fin mozten duen makina bat dugu, eta frijigailu handi bat ere bai”. Ekilore olioa Bordeleko etxalde txiki bati erosi izan dio hastapenetik, baina egungo krisiak eragindako olio eskasia dela-eta, beste bide batzuk bilatu behar izan ditu azken aldian.

Patata industrialak ez bezala, bi edo hiru asteko denbora tartean kontsumitu behar dira Larreakoak, ez baitaramate inolako kontserbatzailerik. “Produktu freskoekin bezala egiten dugu lan patata frijituekin: urte guztian ekoizten dugu, eta ez, industrian bezala, dena kolpe handi batean”. Etxeko esne gordina eta patatak inguruko herrietan banatzeko egunero ateratzen da autoarekin Exposito: Baiona, Biarritz, Angelu, Senpere, Azkaine, Hendaia… “Gehienez, 50 kilometroko tartean saltzen dugu”.