Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Baratzean landaregile handiekiko menpekotasunetik burujabetzara
2020-06-18  |  Garazi Zabaleta

Lapurdi eta Behe Nafarroako lau etxalde elkartu dira baratzerako beren landare txiki biologikoak egiteko. Kooperatiba sorturik, elkarrekin tresneria erosi eta lanpostu bat sortuko dute.

B aratzegintzan diharduten zortzi nekazariok, landare txikiak saltzen dituzten enpresa handiekiko menpekotasuna hausteko ideia bat izan zuten: zergatik ez laborantza biologikoan ziharduten lau etxaldeak elkartu eta beraien baratzetarako landare txikiak ekoizten hasi? Horixe da Hazitik Azira egitasmoa, eta beharrezko materialak eta baliabideak eskuratu ahal izateko diru bilketa kanpaina dute orain abian.

Ekoizle txiki eta biologikoen aliantzatik sortua

Biriatu, Irisarri eta Lekorneko lau etxalde batu dira ekimenera, guztira baratzegintza biologikoan diharduten zortzi ekoizle dira. “Orain arte landare ttipiak kanpotik ekartzen genituen, baina konturatu ginen horrek gure sistemak ahul egiten zituela, kanpoko horien erabakiekiko menpeko ginelako”, azaldu digu Argitxu Ithourria Lekorneko Garroa etxaldeko ekoizleak.

Duela bi urte hasi ziren proiektu hau pentsatzen, eta kooperatiba forma hartu zuen egitasmoak. Aurtengo martxo-apirila ingururako landare txikiak ekoizten hastea zen beraien helburua, udaberri eta udan baratzea horiekin egiteko. Baina koronabirusaren krisiak atzeratu egin dizkie planak: “Irailean behintzat horrekin hastea da orain gure helburua, horrela, hurrengo urtean izanen ditugu landareak”, azaldu digu Lekorneko ekoizleak.

Diru bilketa abian

Kooperatibatik landare txiki biologikoak ekoizten hasteak inbertsioa eskatzen die proiektuko kideei, eta gastuei aurre egiteko asmoz abiatu dute diru bilketa kanpaina internetez. Helburua 12.000 euro lortzea da. “Batetik, landareak ekoizteko tresna bat lortzeko erabiliko dugu dirua: tresna horrekin lur beltza hartzen da zakuetan eta molde batean finkatzen da, horren gainean landareak ereiteko”, dio Ithourriak. Horrez gain, landaretxo biologikoen ekoizpenerako lanpostu bat ere sortuko dute.

Burujabetza irabaztea da helburua: “Proiektu hau denentzako da, kontsumitzaileentzat ere bai”. Egitura handi bat sortu beharrean, lau etxaldeentzako eta inguru horretako baratzezain txikientzat egitura txiki bat sortzea da ideia. “Bakoitzak bere aldetik egitea baino, laurok bat eginez tresna ederragoa sortzeko aukera izanen dugu”. lepotsolidaire.fr webgunean egin daitezke ekarpenak uda bukaera arte.