Bizi-baratzea

Epidemiak  >  Koronabirusa

Balkoian bezala leihoan janariak erein eta landatu: biba erresilientzia!
2020-03-21  |  Pello Zubiria Kamino

Koronabirusaren kontrako gerra, Covid-19ak ekarritako krisia, 2020ko Larrialdi Handia, etxe guztiak presondegi bihurtu zireneko urte hura... ez dakigu nola deituko dioten gaur bizi dugun emerjentziari. Naturak, bitartean, bere zikloekin aurrera darrai lasai ederrean, itxialdiaren etenaldian ogi bila zoazenean hala gogorarazten dizu loratu berri den espaloi bazterreko arbola horrek, sekula arretarik jarri ez zenion txori haren kanta zirraragarriak, hezurrak goxatzen dizkigun eguzki goxoak berak.

Autonomia sentitzen dugu faltan. Besteren mende geratu gara eta besteren esku... lehenaz gain. Bizimoduan, sotiltasunerako urrats txikiren batzuk egiten hasi gara, halbeharrez. Baina utikan deshazkundeari buruzko sermoiak, horretarako ere lehen zen berandu. Orain biziraun egin behar dugu eta osorik. Erresistentzia eta erresilientzia.

Haziak, landareak... horiek mugiarazteko sasoi betean gaude. Hainbeste gauza irakurri-entzun-ikusi duzu baratze urbanoez, etxeen sabai gaineko ortuez, edible garden edo lorategi jangarriez. Horra praktikan jartzeko egokiera, leihoan, balkoian, menturaz terrazan, etxe-kontran. Gero isolamendua pittin bat lasaituko digutenean –eta lasaituko beharko digute, anabasa kontrolatzea lortzen duten bezain pronto produzitzaile eta kontsumitzaile sutsu nahiko gaituzte berriro, pobreago arren– hitz egin ahal izango dugu ortu kolektiboez, gure herri eta hirietan dauzkagun lorategietako soropilak janariak ekoizteko aukeraz.

Baina hori gero etorriko da. Itxialdian, bakoitzak daukanarekin moldatu beharko du. Batzuek oraindik eskuratu ditzakete landareak. Baina ziurrenik errazagoa  da haziak eskuratzea, komertzio askotan, elikagaiez gain baserritarrentzakok produktuak saltzen dituzten almazenetan... Eskatu lagunari, ezagutzen duzun baserritarrari, saltzaileak asmatuko du erosleari iritsarazten, soberan daukanak ikas beza ematen, ez daukanak eskatzen bezala. Ez galdu aukera: orain erein edo landatu ez dena ezin jango duzu hiruzpalau hilabete barru.

Esperimentatu. Frakaso batzuk ere onartu. Ikasi. Gozatu. Ihes egin itxialdiari. Eman lehenbiziko urratsa elikagaietan ere pìttin bat autonomo eta burujabeago izaten hasteko.

Siriako hiri handietan bonba, kainoi eta tiro artean lortu badute... gu ez gara gutxiago izango. Lagunok: Atxik!