Bizi-baratzea

Energiaren sektorea

Balear Uharteetan elektrizitatea publiko egingo dute sei udalerritan eta 50 familiarentzat
2021-09-13  |  Iraitz Madariaga Etxebarria

500 kilowatteko potentzia duten plaka fotovoltaikoak ezarriko dituzte eraikin publikoetan. Administrazioaz gain, inguruetan bizi diren eta “pobrezia energetikoa” pairatzen duten 50 familiari eskainiko diote energia. 2021ean, uharteetako sei udalerritan egingo dituzte instalazioak, eta 750.000 euroko aurrekontua bideratuko dute.

Irailaren 10ean egindako agerraldia: Pep Malagrava Energia eta aldaketa klimatikorako zuzendari nagusia eta Juan Pedro Yllanes trantsizio energetikoko, ekoizpen-sektoreetako eta memoria demokratikoko lehendakariorde eta kontseilaria. Argazkia: Govern Illes Balears

500 kilowatteko potentzia duten plaka fotovoltaikoak ezarriko dituzte eraikin publikoetan. Instalazioak administrazioaz gain, 500 metroko distantzian dauden enpresei eta familiei —bereziki, zaurgarritasun egoeran daudenei— eskainiko die energia. 2021aren amaierarako, partekatutako autokontsumoa bultzateko sei instalazio egingo ditu Balearretako gobernuak.

2019ko otsailean onartu zen Aldaketa klimatikorako eta trantsizio energetikorako legearen barruan kokatzen da plana. Araubidearen helburua, 2050erako erregai fosil gehiago ez erabiltzea da, eta asmoa betetzeko, hil hasieran eman dute lehen pausoa. 

2021erako egin nahi dituzten instalazioak sei eremutan eraikiko dira. Lau Mallorcan egongo dira (Santa Eugènia, Ses Salines, Deià eta Consell udalerrietan), beste bat Menorcan (Ciutadella herrian) eta azkena Ibizan (Sant Antoni de Partmany udalerrian). Halere, dena ondo badoa, 2022an, beste 30 instalazio fotovoltaiko izan nahi dituzte martxan. 

Plakak ezartzeko udalekin hitz egin behar dute. Aukeratutako eraikin publikoan egingo dute instalazioa, eta administrazio publikoaren eguneroko jardunean behar den energia eskainiko dute. Horretaz gain, soberan gelditzen diren kilowattioak “pobrezia energetikoa” sufritzen duten eta inguruan dauden 50 familiaren beharrizanak asetzeko erabiliko dira. 

Izan ere, Espainiako Estatuan etengabe gorantz doa argindarraren prezioa: OMIE operadorearen arabera, igande honetan, orduko 144,18 eurokora iritsi da megawattio bakoitzeko ordaindu behar dena. Balear Uharteetako proposamenarekin, biztanleek faktura hori %70 murriztuko dute eguzki argia dagoen orduetan. Gainera, uharteetako gobernuaren pean dagoen Instituto Balear de la Energía (IBE) enpresak kudeatuko duen azpiegitura izanik, erabiltzaileei ez zaie elektrizitatea erabiltzeko sarbide-tarifarik aplikatuko. 

Pep Malagrava Energia eta aldaketa klimatikorako zuzendari nagusiak elDiario.es hedabideari adierazi dionez, energiaren etengabeko igoerari aurre egiteko bidea da hartutako neurria. Halere, zuzendariak dio beren helburua ez dela elektrizitatearen multinazionalen merkatu kuotarekin lehiatzea eta hauek “mehatxatzea”, baizik eta eduki ezin duenari, energia eskaintzea: “Hori da aberastasunaren banaketa”.

Helburu sozialaz gain, proiektuak klima aldaketarekiko duen konpromisoa azpimarratu dute gobernuko hainbat kidek. Juan Pedro Yllanes trantsizio energetikoko, ekoizpen-sektoreetako eta memoria demokratikoko lehendakariorde eta kontseilaria izan da horietako bat: “Larrialdi klimatiko betean gaude, aldaketak azkartu egin dira, eta gero eta denbora gutxiago daukagu aldaketa klimatikoaren efektuak gutxitzeko”.

Uhartean larrialdi klimatikoaren eraginak “oso larriak” izango direla esan du Yllanesek, eta “inflexio puntura” heltzea lortzeko, energia berriztagarrietarako trantsizioa beharrezkoa dela. Horretarako, eragile guztiei egin die dei lehendakariordeak, “administraziotik hasi —udalak eta Kontseilua— eta PYME, enpresa eta ekoizpen eta sektore ekonomiko guztietaraino”.

Proiektuaren inbertsioa

Aurten martxan jarriko diren sei eremu fotovoltaikoak eraikitzeko, 750.000 euroko inbertsioa egingo du gobernuak. Aurreikusten da hasierako finantzazio horretatik, 56.000 euro berreskuratzea 2022 urterako. Iragarri dute, guztira bost urte beharko direla proiektura bideratutako dirua bueltan lortzeko. Ondoren, instalazio eta egitasmo berrietan inbertitu nahi dute eskuratutakoa.

Beste bi plan

Yllanes eta Malagravak ostiralean egindako agerraldi publikoan Balear Uharteetako Gobernuak kudeatzen dituen energiaren arloko dirulaguntzen lerroak aurkeztu dituzte. Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia-planean, 2026ra arteko inbertsioak egingo dituzte trantsizio energetikoa bultzatzeko: 41 milioi eurotik gorako aurrekontua izango dute, Uharte Iraunkorren 230 milioi euroei gehituko zaien zenbatekoa. 

Europako laguntzetatik jasotako diru hori hiru proiektu nagusitara bideratuko dute: energia berriztagarrien demokratizazioaz gain, kontsumoa murriztera eta energia-eraginkortasuna hobetzera, alde batetik; bestetik, mugikortasuna deskarbonizatzera eta kargatzeko guneen sarea garatzera. Lehenengorako, hamabost milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute; bigarrenerako, 100 miliotik gorakoa; azkenengorako, hogei milioi erabiliko dituzte.


Zurea bidali