Bizi-baratzea

Baiona Miarritze eta Angelu lotzen dituen bizikleta bidearen alde mobilizatuko dira gaur Baionan
2020-10-13  |  ARGIA

Hitzordua 17:30ean jarri dute Bizi! eta Txirrind’Ola elkarteek. Horrez gain, Baionako auzapezak etxegabeen aurka harturiko erabakiaren kontrakoek ere deitu dute elkarretaratzera, Baionako auzapeza presionatzeko.

Baiona Miarritze eta Angelu lotzen dituen bizikleta bidearen geroaz erabakitzeko bilera dute urriaren 13 honetan 17:30ean Baionako Arteen Hirian. Hori horrela, bide hauen mantentzea exijitzeko elkarretaratzera deitu dute Bizi! eta Txirrind'Ola elkarteek.

Hain zuzen, Angeluko eta Biarritzeko auzapezak urriaren bukaerako "koronapistak" deitu bide hauen kentzearen alde liratekela jakin berri dute bi elkarteek. Hori horrela gertatzen balitz, "gibelkada larri eta onartezina" litzatekela salatzen dute ekologistek. Mezu hau entzunarazteko elkarretaratzea eginen dute arratsalde honetan,  Mugikortasunen Sindikatuarekin batera udalek egitekoa duten bileraren kari.

Etxegabeen aldeko elkarretaratzea ere bai

Ez da mobilizazio bakarra izanen. Hain zuzen, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza bertan egonen delako, etxegabeen kontra hartu duen erabakiaren kontrako elkarretaratzera deitu du herritar talde batek.

Etxegabeen kontrako neurri zorrotzak hartu zituen Baionako auzapezak irailaren 18ko erabakiaren bidez. Besteak beste, Baiona Ttipia, Baiona Handia eta Santa Izpiritu auzoetan lurrean jartzea eta etzatea debekatua zaie. "Aspaldian abiaturiko gentrifikazio prozesuaren baitako urrats berri bat" dela salatu dute protestaren antolatzaileek.