Bizi-baratzea

Azpiak egiten
2022-01-14  |  Jakoba Errekondo

Azpiak egindako taulena baratzean.

Landareei azpiak egitea boladan dago. Aziendari, ukuiluan edo kortan duen etzalekua gozatzeko, azpiak egiten zaizkio. Ohe bigungarriduna izateaz gain, gero hortik sortuko den simaurra aberastuko du azpigaiak, eta behar bezala luartzen lagunduko dio. Garoa (Pteridium aquilinum), laboreen lastoa, arta zuztarra eta gainzurikina (Zea mays), belarra, txilarra (Erica spp.), otea (Ulex spp.), artelazkia (Quercus suber), orbela, leka, zerrautsa, txirbila eta edozein hondakin organiko gozo izan daiteke aziendaren etzalekurako aproposa.

Landareei ere egiten zaie bada azpia. Erdaretan, “mulching”, “paillage”, “acolchado” esaten zaio ekintza horri. Harrigarria da, ordea, euskaraz ez izatea, ustez behinik behin. Hortik etorri zitzaidan landareei “azpiak egin” erabiltzen hastea, aziendari egiten zaion ia gauza bera baita.

Azpiak egiteak onura ugari dakar. Landarearen sustraiak hotzetik bezala berotik babesten ditu. Baita lurra bera ere; hala, haren bizitzari laguntzen dio, haizearen eta uraren higadura eragozten du eta lurra bera ez da trinkotzen. Era berean, txartzat ditugun landare edo belarrak ateratzea murrizten du. Azpigaia organikoa eta naturala bada, lurrazala etengabe ongarrituko du. Hezetasunari ere eutsiko dio.

Azpitarako material ugari erabil daiteke: lastoa, pinu azala eta orria, txirbila, paper birrindua, orbela, inaurkina, belar ondua edo moztu berria, hur (Corylus avellana) nahiz intxaur (Juglans regia) nahiz arbendola (Prunus dulcis) azalak, legarra, luarra eta abar. Batzuk ongarri dira eta desegin egingo dira; beste batzuek luze iraungo dute... Aurrekontua, erabilera, eman nahi den itxura eta abarren eskutik etorriko da aukeraketa. Ez da gauza bera barazki-baratzean edo lore-baratzean azpiak egitea. Baratzean, lanen hurrenkera eta lanerako erraztasuna izan daitezke arrazoi nagusi, eta lorategian itxura edota forma.

Kalterik ere ekar dezake azpigaiak. Intxaurrondoaren hostoaren edo zokotenaren jariakinekin landareak kaltetu daitezke. Kakao alearen zorroak (Theobroma cacao) ere erabiltzen dira, baina kontuz, animalientzat toxikoa izan daiteke, txakurrentzat bereziki. Kimikoki tratatutako edota tindatutako egur ezpalak ere eskaintzen dituzte; kontuz horiekin ere, batez ere kreosotarekin tratatuta badaude, ukitzen dituen bizidun onuragarri ia guztiak akabatuko ditu: zizare, marmutxa, bakterio...

Euskal Herri hezean bi dira azpiak egiteak ekar ditzakeen kalte nabarmenenak. Lehena, hezetasuna areagotzea. Lehen gutxi eta azpiak urari eusten dio, landareen ipurdiaren bueltan gaitzak sortzen dituzten onddoak harrotuz. Horri aurre egiteko, baratzean taulenak altxa egiten dira, eta hala, lurraren maila igo eta lehortu. Bigarrena: sataginak diren sailetan, are eta gehiago ibiliko dira arerioengandik babestuta, azpipean harrapakari eta abarrek ezin izango baitituzte ikusi.

Gogoan izan, azpiak egin bai, baina toki edota sasoi lehorretan eta sataginik ez denetan. 


Zurea bidali