Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

“Azafraia ekoizteko euri gehitxo egiten du gurean, baina merezi du esfortzuak”
2021-12-02  |  Garazi Zabaleta

Pagolako (Zuberoa) Sahalbüria baserrira 2003an iritsi zen Xexili Thoreau, eta baratzea eta lehendik etxaldean zeuden fruta arbolak lantzen eta zaintzen hasi zen orduan: mertxika, gerezia, pikua, intxaurrra, udarea… 2014ko uztailean, berriz, lursaileko 300 metro koadroko zatitxoan azafraiak landatu zituen, eta geroztik, urtero, urri inguruan, 15.000 lilietatik 100 bat gramo azafrai ateratzen du. Eskuz egiten du lan zorrotz guztia, eta ondoren, freskoan, idortua, erreximentetan nahiz zukuetan saltzen du. Hurbileko merkatuetan topatuko dute Thoreau, Donapaleukoan, Maule-Lextarrekoan eta Bastidakoan, esaterako. Nekazarien hainbat mugimendu eta elkartetan ere hartzen du parte.

Pagolara iritsi aurretik, bazenuen harremanik nekazaritzarekin?

Ez, esparru espezializatuko kirol irakaslea nintzen, baina irakaskuntzan ere ez nuen gehiegi jardun. Kultur munduan mugitu naiz gehiago, gitarjolea eta abeslaria nintzen. Ez dut nekazaritzako inolako formaziorik, Pirineo Garaietako Edourd Roux azafraigileak erakutsi zidan jarduera honen inguruko guztia. Hari erosten dizkiot erraboilak eta hark gidatu nau fruta arbolagintzan ere.

Nolatan bururatu zitzaizun azafraia ekoizten hastea?

Etxalde inguruan lur gutxi nuelako. Landare horrek ez du lur zati handirik behar; produktu gourmet ezohikoa da, sukaldaritzan balio handia duena. Frantziako estatuan azken hamar urteetan bultzada handia izan du azafrai ekoizpenak, baina hau ez da ezer berria. Egia esan, 1920an 2020an baino askoz azafrai gehiago ekoizten zen estatuan!

Inguru aproposa al da gurea?

Ipar Euskal Herriko klima ez da egokia azafraia egiteko, ez… euri gehiegi egiten du! Ez da erraza inguru hauetan ekoizpena aurrera eramatea, baina tira, esfortzuak merezi du, ur kantitate handiak urtero ekoizten dudan azafraiari kalitate handia ematen diolako. Hori diote nire bezero askok, eta analisietan ere emaitza ona eman du espeziak.

 

 

 

Azafraia. Thoreau: "ur kantitate handiak urtero ekoizten dudan azafraiari kalitate handia ematen diolako. Hori diote nire bezero askok, eta analisietan ere emaitza ona eman du espeziak"

 

 

 

Azafraia eta ekoizten dituzun fruituak etxean bertan eraldatzen dituzu?

Bai, eraldaketa guztiak nire sukaldean egiten ditut. Azukre beltza eta limoiak erosten ditut, ez beste ezer, eta fruituen ezer galdu gabe eraldatzeko moduan egiten dut lan. Freskoan ez bada, marmeladan, fruitu-pastetan, idortuta edo siropeetan saltzen dut.

Zergatik hautatu zenuen ekoizpen eredu ekologikoa?

Ez dakit beste modu batean egiten. Alde batetik, nire landare eta zuhaitzek lurretik hartzen dute indarra, eta beraz, hori kutsatzea ekidin nahi dut. Gainera, polinizatzaileen beharra ere badut. Logikoa iruditzen zait modu hau, eta merkeagoa. Bestetik, ez dut uzta zehatzik aurreikusten: tipulak ateratzen badira, azafraidun tipula-konfita eginen dut. Ez bada tipularik ateratzen, bada, azafraidun piku-konfita eginen dut orduan. Jaso dudan uztan kontzentratzen naiz jaso izan nezakeen horretan baino, dagoenera egokitzen naiz. Askoz sinpleagoa eta dibertigarriagoa da horrela.


Zurea bidali