Bizi-baratzea

Atzera bota dituzte Navarra 1 eta Navarra 2 parke eoliko proiektuak
2022-06-17  |  Xabier Letona Biteri

Nafarroako Erro, Esteribar, Anue eta Olaibarren jarri nahi dituen parke eolikoen ingurumen eraginaren kontrako ebazpena eman du foru gobernuko Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendaritza nagusiak.

Udalerri horiei ez ezik, Ezkabarte, Txulapain, Berriobeiti eta Orkoien udalerriei ere eragiten die ebazpenak. Hauek dira kontrako adierazpena egiteko arrazoiak, 120. Foru Aldizkariak dioenaren arabera: "Inguruak ingurumen aldetik duen sentikortasun handia, fauna hegalari mehatxatuaren presentzia, instalazioaren kontra talka egiteko arrisku handia, hesi efektua, mendebaldeko paleartikoko hegaztien Atlantikoko migrazio ibilbide garrantzitsuenetako batean eta Pirinioen eta Kantauriar mendikatearen arteko komunikazio korridorean izanen duten eragina, inguruko Kontserbazio Bereziko Eremu batzuen kontserbazioaren oinarri diren funtsezko elementuetako batzuetan eta Natura 2000 Sareko espazioen koherentzia ekologikoan eta konektagarritasunean izan dezaketen eragina, eta paisaian izanen duten inpaktua".

Kontrara, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak ingurumen ukipenerako baimena eman dio Corellan jarri nahi den IFV Naval poligono fotovoltaikoa eraikitzeko proiektuari. 998 kilowatte potentzia du eta Chilos Solar 2 SL da haren sustatzailea.

Foru aldizkari berean irakur dezakegunez, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak eraikitzeko administrazio baimena eman dio energia elektrikoa ekoizteko “Orkoien” parke eolikoa jartzeko Oltza Zendea eta Orkoienen.

Nafarroan hainbat parke eolikoren aurka egin duten herri mugimenduek poza agertu dute Navarra 1 eta Navarra 2 atzera bota dituztelako: