Bizi-baratzea

"Onartzen dugu Sanchezen Legea, baina asko hitz egin beharko dugu energia aurrezteko neurriez"
2022-08-05  |  Maddi Viana Zubimendi

Hori adierazi du Arantxa Tapiak Onda Vascari eskainitako elkarrizketan. Bertan Urkullu lehendakariarekin bat eginez, nabarmendu du Espainiako Gobernuarekin energia aurrezteko neurriei buruzko elkarrizketa Sanchezek neurriak iragarri aurretik egin behar zela beren ustez, eta ez a posteriori. Nafarroan neurri berberak hartuko dira. Neurrien arabera, besteak beste, administrazio-eraikinak, merkataritza-guneak, autobus- eta  tren-geltokiak eta aireportuak beren termostatoak udan 27 gradutik behera ezin dira jarri eta neguan 19 gradutik gora.

Arantxa Tapia elkarrizketan. Argazkia: Eusko Jaurlaritza.

Urkullu Eusko Jaurlaritzak prestatutako neurriak hartzekotan zegoela —20 eta 25 gradu arteko tenperaturaren artean jarri nahi zuen baremoa—, Espainiako Gobernuak antzeko neurri batzuk ezarri zituela jakinarazi zuen. Hasieran aurkakoa iradoki arren, neurri horiek bere egitea erabaki du EAEko lehendakariak. Hala ere, kexu agertu da Espainiako Gobernuak “hainbeste aldarrikatutako” kogobernutza albo batera utzi eta autonomia erkidegoen esku-hartzeak baztertu ditueako.

EAEko Ekonomia, Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak Onda Vascari eskainitako elkarrizketan honakoa adierazi du: “Asko hitz egin beharko dugu energia aurrezteko neurriekin zer gertatuko den aztertzeko. Erret-Lege Dekretuak beste arau batzuekin bizi behar du, hala nola elikagaien segurtasunarekin, laneko osasunarekin eta kaleetako pertsonen segurtasunarekin, batez ere, emakumeenarekin”.

Tenperatura baremoaz gain, badira beste desberdintasun batzuk ere. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak energia aurrezteko neurriak eraikin publikoetan soilik ezartzeko asmoa zuen. Espainiako Gobernuak ordea, beste hainbat lokaletan ere eragingo duen neurria aterako du, besteak beste ostalaritzan.

Bestalde Eusko Jaurlaritzak nahi zituen neurriak irailaren 1etik aurrerra ezarri, baina Espainiako Gobernuak datorren asteartean, abuztuaren 9an, ezarri du neurriak aplikatzeko azken data.

NBEren aholkuak antzeko neurriak

Nazio Batuen Erakundeak aholku batzuk luzatu ditu ere, Noticias de Navarrak azaldu duenez. Aire girotuaren eta kalefakzioaren erabilera mugatzea aholkatzen ditu. Horrez gain garraio publikoaren erabilera sustatzea eta naturan oinarritutako irtenbideak erabiltzearen garrantzia azpimarratu du António Guterres NBEko idazkari nagusiak.