Bizi-baratzea

Gipuzkoako erraustegia

Arkaitzerrekan egindako isurketa ikertzeko eskatu diote ekologistek Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzari
2020-05-21  |  ARGIA

Arkaitzerrekan ehunka arrain hiltzea eragin zuen amoniako isurketa salatu dute Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan Anerreka, Zubieta Lantzen eta Eguzki elkarteek, delitua egon daitekeela iritzita. Zubietako erraustegiaren ardura duen GHK enpresaren gardentasun falta ere kritikatu dute.

Isurketak erraustegitik datozela eta ikerketa bat abiatu behar duela adierazi diote Fiskaltzari, ingurumenaren aurkako delitua egon daitekeela-eta.

Gogoan izango duzuenez, maiatzaren 7an kamioi zisterna batek amoniakoa isuri zuen Zubietako errauste-planta ondoan dagoen Arkaitzerrekara, haren kudeatzailea den Ekondakin enpresak (Urbaser, Meridiam, Altuna y Uria, Moyua eta LKS-k osatua) gerora jakinarazi zuenez.

Zientoka arrain hilda agertu ziren egunean, kutsadura erraustegitik etor zitekeela ziurtatu zuten lekukoek, baina Gipuzkoako ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ukatu egin zuen loturarik, esanez erraustegiak "ura kudeatzeko sistema itxia" duela.

Gerora jakin genuen baita ere arrainen pozoiketa ikertzen ari ziren funtzionarioei –URA agentziaren ikuskatzaile bat eta basozaina– Zubietako erraustegiko arduradunek ez zietela instalazioak eta inguruak begiratzera sartzen utzi, horrela galduz ikerketa lehen unean burutu ahal izatea.