Bizi-baratzea

Laborantza  >  Lurraren espekulazioa

Arbonako lurren salmenta gelditzea lortu dute ELBk eta Lurzaindiak
2021-09-10  |  Iraitz Madariaga Etxebarria

Ostegun honetan iragarri dute eroslea behin betiko erretiratu dela. Halere, eragileek Arbona okupatzen jarraituko dute, prozesua bukatu arte. Saltzaileak SAFERarekin negoziazioan jarraitu nahi du, eta 100.000 eurotan estimatutako lurrak 3,2 miliotan saltzeko nahia agertu du berriro.

Argazkia: @euskalirratiak

79 eguneko okupazioaren ondoren, ELB laborarien sindikatuak eta Lurzaindiak Arbonako lurren salmenta gelditzea lortu dute. Ostegun arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, erosle gaia behin betiko erretiratu da prozesutik. Lurrak 3,2 milioi euroko prezio espekulatiboan saltzea eta laborantzarako lurrak helburu horrekin ez erabiltzea oztopatu dute eragileek.

Halere, bidea ez da bukatu. Lurren saltzailea, M. Borotra, prestu agertu da SAFERarekin negoziazio prozesu berriari ekiteko. Ustez, Borotrak erakundeari proposatu dio lurrak hark ezarritako milioko prezioan erosi ditzan, SAFERak 100.000 eurotan baloratu baditu ere. ELBk eta Lurzaindiak Arbonako okupazioarekin jarraituko dute prozesua amaitu arte.

Irailaren 9ko prentsaurrekoan bi elkarteak baikor agertu dira lorpenarekin, eta baita hemendik aurrera egiteko daukaten lanarekin ere. Dominique Ameztoi ELBko kideak nabarmendu du Arbonan “herri proiektua” garatu dutela, laguntzaile gehiago gehitu zaizkielako hilabete hauetan.

Abuztu bukaeran, BOST Berroetako Okupazioko Sostengu Taldea sortu zuen herritar talde batek okupazioa biziarazteko asmoz. Bestalde, Euskal Hirigune Elkargoa ere bildu da proiektura, salmentaren negoziaketetan esku hartzeko helburuarekin. Eragileek datorren astelehenean egingo dute bilkura okupazioaren nondik norakoak erabakitzeko.

Prezio espekulatiboak

Arbonan saldu nahi diren ondasunen artean, hamabost hektareako lursaila eta hauei lotutako etxea daude, eta saltzaileak 3,2 milioi eurotan transferitu nahi ditu. ELBk eta Lurzaindiak operazioaren hasieratik salatu izan dute Ipar Euskal Herrian hainbatetan jazotzen den espekulazio kasua dela honakoa. Izan ere, Frantziako Abeltzaintza Sailak kudeatzen duen SAFER konpainiak Arbonako ondasunen prezioa gehiegizkoa dela aitortu du: 100.000 eurotan ezarri dute beren benetako balioa. 

Mota horretako salmentekin lurrak laborariengandik “ebasten” direla salatu izan dute elkarteek, eta konponbide gisa, Arbonako lurrak eta etxea banatuta saltzeko eskatu dute. Horrela, lursailaren salmenta SAFERrak kudeatu lezake, eta hauek nekazaritzarako erabiliko direla ziurtatuko litzateke. Bidearen beste aldean diren 11,2 hektarea inguru laborantzarako uztea eskatu izan dute laborariek.

SAFERak uztailaren 16an hasi zuen prozesua, erosteko lehentasun partzialaren urratsarekin. Lurren jabeak irailaren 16ra arte zeukan erantzuna emateko epea. Azkenean, eroslea izan da astebete lehenago atzera egin duena.

Okupazioaren urratsak

ELBk eta Lurzaindiak ekainaren 23an hasi zuten Arbonaren okupazioa. Uztailaren 15etik aurrera, etxe nagusira sartu ziren, eta bertan jarraitu izan dute orain arte. Bitartean, lurra lantzen ibili izan dira hainbat laborari, eta zenbait ekimen antolatu dituzte okupazioa bultzatzera eragile gehiago bildu daitezen.  

Irailerako, Berroetako lurren okupatze egutegia antolatu dute. Egunka eta herrika egingo dute hemendik aurrerako bidea: udalerri bakoitzak izango du lurra 24 orduz okupatzearen ardura. Bi hilabetez, elkarretaratzeak, eztabaidak, kontzertuak, tailerrak eta animazioak antolatuko dituztela iragarri dute. 


Zurea bidali