Bizi-baratzea

Laborantza  >  Lurraren espekulazioa

Arbonako lurren jabeari eroste proposamen bat eginen dio lurren kudeaketaren ardura duen SAFERak
2021-09-30  |  Jenofa Berhokoirigoin

Arbonan 3,15 milioi eurotan salgai diren lur eta etxeei buruzko auzian aterabide bat atzemateko asmoz burutu dute bilkura Lurzaindia, Euskal Hirigune Elkargoa eta lurraren kudeaketaren ardura duten SAFER eta EPFL egituren artean. Prezio espekulatzaile horretan ez erosteko hautua egin badute ere, saltzailearekin harremanetan jarriko dira, bi aldeen artean adosturiko prezio batean erosteko aukera lantzeko.

Lurrak okupatzen hasi eta ondotik jabearen etxearen okupazioari lotu ziren ELB eta Lurzaindia (Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin)

Bilera garrantzitsua burutu zuten atzo, irailaren 29an, Lurzaindia, Euskal Hirigune Elkargoa eta lurraren kudeaketaren ardura duten SAFER eta EPFL egituren artean. Arbonan 3,15 milioi eurotan salgai diren lur eta etxeen afera zuten aipagai, auzi honi aterabide bat atzemateko helburuarekin.

Lurrak prezio horretan ez erosteko erabakia aho batez hartu dute, espekulazioaren jokoan ez dutelako sartu nahi. Hala ere, saltzailearekin harremanetan sartuko da SAFER egitura, EPFL egiturarekin elkarlanean, eroste proposamen bat egiteko eta saleroste bat adosteko asmoz.

Irailaren 9an jakitera eman zuten erosleak azkenean ez zituela erosiko lurrak eta etxeak. Hala ere, okupazioak segitzen du salmenta espekulatiboa behin betikoz geldiarazteko xedez. Okupazioa urriaren 24an bukatuko da, Lurrama nekazaritza iraunkor eta herrikoiaren aldeko hitzordua bertan ospatuz.

Okupazioak ehun egun asteburuan

Asteburu honetan beteko ditu ehun egun okupazioak. ELB eta Lurzaindiarekin batera okupazioa biziarazten dabilen Bost kolektiboak hitzordua jarri du Baionako Lauga gelaren aitzinean, larunbatean 11:00tan, Euskal Hirigune Elkargoaren biltzarraren kari.

Arratsaldearekin, zuhaitzak landatuko dituzte lur okupatuetan, borroka honen helburuari segi, lurrak hazkurri emaile izaten segitzeko gisan. Biharamunean hainbat formakuntza eta solasaldi dituzte finkaturik Arbonan. ELB eta Lurzaindia elkarteak ere bat egin dute hitzordu hauekin.

Laborantza lurrei buruzko politika sendo bat lortzeko bidea irekirik

Bigarren aldarrikapen bat esku artean hasi zuten okupazioa ekainaren 23an: Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko laborantza lurrei buruzko politika bat abiaraztea galdetzen diote Euskal Hirigune Elkargoari. Neurri eta erabaki politikorik gabe, ezinezkoa zaielako lurren desagerpena geldiaraztea.

Bi egunen buruan okupaziora jin ziren Jean-Rene Etxegarai elkargoko presidentea eta Isabelle Pargade laborantzaren ardura duen presidenteordea. Haien sostengua erakusteaz gain, udazkenean lanketa abiarazteko engaiamendua hartu zuten. Horri dagokionez, urriaren 13an jakinen dute zehazki noiz eginen diren topaketak.

Arazoari aurre egiteko, beharrezkotzat daukate legediaren aldaketa ELB eta Lurzaindiak, eta hori helburu jarririk, harremanetan dira parlamentariekin –Frantziako Parlamentuan laborantza lurrei buruzko lege-proposamenaren ardura duen Jean-Bernard Sempastous diputatuarekin ere bildu ziren uztailaren 2an Arbonan–. Hor ere, SAFER egiturak duen erosteko lehentasun partzialari buruzko emendakinaren idazketa aitzina doa –hain zuzen, hobetu beharra dago legea, orain arte ez duelako osoki bermatzen laborantza lurra nekazaritzara bideratzeko bidea–.