Bizi-baratzea

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak  >  EAEko hauteskundeak 2020

Arantxa Tapiak hauteskunde legea urratu al du sare sozialen bidez?
2020-02-14  |  ARGIA

Espainiako Gobernuarekin izandako bilera baten berri eman du sare sozialetan Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako jarduneko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak. 2.700 eurorainoko isuna jar diezaioke hauteskunde batzordeak, astelehen honetatik Euskal Autonomia Erkidegoa hauteskunde-epean dagoela kontuan izanda, erakunde publikoek komunikatu dezaketena asko mugatzen baitu legeak.

Iñigo Urkulluk astelehen honetan EAEko hauteskundeen aurrerapena iragarri zuenetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde publikoek kontuan izan behar dituzte legeak hauteskunde epeetarako aurreikusten dituen baldintzak. Eta hauek nahiko zorrotzak dira administrazioak apirilaren 5era arte komunikatu dezakeenari dagokionez.

1990eko ekainaren 15ean onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legea eta, Asier Gomez Barrenetxea kazetariak Twitterren nabarmendu duen moduan, lege horren 68 (bis) artikuluko 1 eta 2 ataletan espresuki debekatzen da botere publikoek finantzatutako edozein ekintza, egindako lorpenen aipamenen bat jasotzen badu. Gainera, artikulu horren bigarren puntuak dioenez, obra publikoen edo hauen proiektuen inguruko edozein inaugurazio, aurkezpen edo erakusketa ez dago baimenduta.

Arantxa Tapiak, ordea, ostegun honetan José Luis Ábalos Espainiako Garraio ministroarekin izandako bileraren berri eman zuen Twitter bidez eta Abiadura Handiko Trenaren Bilboko eta Gasteizko sarrerei buruz Moncloari proposatutakoaren berri eman zuen besteak beste.

 

Lege horretaz gain, beste bat ere urratu duela adierazi du Gomez Barrenetxeak: 2010eko abenduaren 23an onartu zen EAEko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari dagokiona. Honen 11.2 artikuluan zehazten denez, erakunde publikoek bertan behera utzi behar dituzte zuzenean eragiten dieten gaietako komunikazio kanpainak hauteskunde garaian. Salbuespen bakarra interes publikoaren babesa edo zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia jokoan egotea litzateke, baina AHT bukatu gabeko azpiegitura denez, Tapiaren mezuak ez lirateke horren barruan sartuko.

1990eko legeak 2.700 eurorainoko zigorrak ezartzeko aukera ematen dio EAEko hauteskunde batzordeari ezarritako debekuak urratzeagatik.