Bizi-baratzea

Zientzia-fikziozko literatura

Ansible Fest, zientzia-fikzio feministari tokia emango dion jaialdia
2018-09-05  |  ARGIA

Bilbon jarri dute hitzordua antolatzaileek, irailaren 21ean eta 22an. Jaialdiak zientzia-fikzio feminista, queer eta dekoloniala barne hartuko ditu.

Bilboko 'La Morada' espazioan egingo da Ansible Fest, Euskal Herriko lehen zientzia-fikzio feminista jaialdia. Egitarau oparoa antolatu dute Arrate Hidalgo, Laura Lazcano, Laura Gaelx eta Laura Huelin antolatzaileek, hasi mahai-inguruetatik eta haurrei zuzenduriko ekintzetaraino, dena dohainik. Euskarazko eskaintzen artean “Zientzia-fikzio feminista idazten” tailerra, “Euskal emakume idazleak zientzia-fikzioan: irakurketa berezia” eta haurrentzako “Ipuin kontalaria” daude.

Bi dira jaialdiaren helburu nagusiak: zientzia-fikzioaren alorrari egindako ekarpen feministak bistaratzea eta sarean gertatzen diren eztabaidei toki fisikoa ematea. Emakumeak literatura genero honetan aspalditik aritu direla kontutan hartuta, hauen ekarpenak “agerian jarri eta ospatu” nahi dituzte. “Gure genealogiari omenaldi bat egin eta ahots berriak entzun nahi ditugulako”, antolatzaileen hitzetan.

Ursula K. Le Guin omentzeko jarri diote Ansible Fest izena jaialdiari, aurten zendu baita zientzia-fikzio idazlea. 1966an idatzitako Rocannon’s World eleberritik hartu dute “Ansible” terminoa, eta azaltzen dutenaren arabera, argi-urteko distantziak gaindituta berehalako komunikazioak ezartzeko bidea ematen duen gailu edo dispositiboa da.


Zurea bidali