Bizi-baratzea

Amiantoak zabortegian ere hiltzen du
2020-02-13  |  Juan Mari Arregi

Amiantoaren erabilera Espainiako Estatuan 2002 urtera arte mantendu zen eraikuntzan eta enpresa askotan. 20, 30 eta 40 urte geroago milaka heriotza eragin ditu asbestoak, bai Europa osoan, bai Euskal Herrian: urtero hamarnaka heriotza antzematen dira gurean, egunez egun.

2018an soilik, 35 heriotza antzeman ziren, 2019an beste 30… Eta ezagutzen direnak %10 baino ez dira. Urtez urte, isilean, amianto hiltzaile horrekin kontaktuan lan egin zuten dozenaka langilek galduko dute bizia.

Amianto hiltzailea Zaldibarko zabortegi horretan ere agertu da orain. Bertan bi langile desagertu dira, eta enpresaren, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa negargarria izan da. Eskandalu handia. Bi langile horien erreskatera joan behar izan zuten langile eta ertzainek zabortegi horretan amianto arrastoak bazeudenik ere ez zekiten. Eta desagertuek ere ez. Nork bere neurrian, denok dugu ardurarik lan-istripuen aurrean; baina kasu honetan, zabortegi horren kudeaketaren eta haren eraistearen benetako erantzuleak enpresa jabea, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira.

Zaldibarko zabortegian erreskatera joan ziren langile eta ertzain horiek hiltzeko hautagaiak dira jadanik. Bere egunean gerta liteke hori, hemendik urte batzuetara, baina amiantoaren biktimak dira beraiek ere. Hil arte itxaron gabe, eta horrelakorik ez gertatzea espero dut, enpresak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak beharrezko neurriak hartu behar dituzte dagoeneko, langile eta ertzain horiek etengabe kontrolatuta egon daitezen. Era berean, enpresa kudeatzailearen erantzukizuna errukirik gabe aztertu beharko dute. Eta tragedia nahiz eskandalu hori ez eragozteagatik –edo eragiteagatik– erantzule diren arduradun politiko eta foralak kargugabetu behar dira.


Zurea bidali