Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Alarma egoeran tokiko baserritarren produktuak eskuratzeko webgunea
2020-03-26  |  Garazi Zabaleta

Koronabirusaren ondorioz merkatu eta plaza asko itxi diren honetan, baserritarren egoera samurtzeko webgune bat sortzea proposatu zien Ana Juadristi informatikariak. EHKOlektiboko kideekin harremanetan jarri eta baserritarrei produktuak internetez erosteko gunea sortzeari ekin zioten. Martxan da webgunea: baserrien fitxak sortzen ari dira orain, katalogoa definitzen, baserritarrekin prezioak adosten... Sistemak ongi funtziona dezan hamaika hari daude oraindik lotzeko, eta horretan laguntzeko jendea behar dute.

Koronabirusaren hedapena saihesteko alarma egoera ezarri eta gutxira audio mezu bat jaso genuen gutako askok mugikorrean: “Mezu hau bidaltzen dugu egoera berezi honetan elkartu garen baserritar eta hainbat arlotako eragileek, martxan jarri nahi dugun ekimen baten berri emateko. Asmo zehatz bat dugu: tokiko baserritarron elikagaiak jendartearengana iritsaraztea”. EHKOlektiboko kide baten mezua zen, baina egitasmoa Euskal Herriko baserritar guztiei zabaldu diete. Jada martxan dago eta badu izena: Baserriko Plaza.

Azoka sarean: baserrikoplaza.eus

Ana Juaristi Olalde informatikariak sortu du baserrikoplaza.eus webgunea, software librearen munduan diharduten beste kide batzuekin elkarlanean. “Josebe Blanco ekoizlearen txio bat ikusi nuen: merkatu eta plazak itxi diren honetan genero asko alferrik galtzen ari zela eta baserritarrak gaizki zebiltzala zioen”. Hori ikusita, baserritarren egoera samurtzeko bere ekarpena egin zezakeela pentsatu eta webgune bat sortzeko proposamena egin zien Olaldek. EHKOlektiboko kideekin harremanetan jarri eta baserritarrei produktuak internetez erosteko gunea sortzeari ekin zioten.

Webgunea martxan dute dagoeneko. Baserrien fitxak sortzen ari dira orain, katalogoa definitzen, baserritarrekin prezioak adosten eta sortzen ari zaizkien lan guztiak kudeatzen. “Egokiena litzateke herri guztietan bolondres taldetxo bat sortzea hau guztia bere inguruan antolatzeko, produktuak fisikoki banatzeko mugimenduak mugatuak ditugun honetan hori ere elkarlanean antolatu behar genuke eta”. Momentuz, kudeaketa horiek antolatzen ari dira, eta herrietako zaintza sareekin ere kontaktuan daude.

Txarretik gauza onak ateratzeko aukera

Herrietan bertako ekoizle txikien produktuak zabaltzeko lanean ari direnentzat tresna berri eta erosoa da Baserriko Plaza. Urgentziazko egoera honetan sortu bada ere, Juaristik ez du baztertzen baserritarrentzako tresna egokia bada eta ongi funtzionatzen badu aurrera begira ere mantentzeko aukera: “Beraiek nahi duteneraino irits daiteke, baserritarrek ikusi beharko dute tresna honek balio dien, gerora erabiltzen jarraitu nahi duten... Dena dela, egia da momentu honetan helburu nagusia krisialdi honen kurba ahal den moduan txikitzea dela”.

Erreminta honek funtziona dezan nahitaezkoa da Euskal Herriko eskualdeetako ekoizle eta baserritarrak bertan egotea, eta herritarrei proiektua ezagutaraztea. Bestetik, sistemak ongi funtziona dezan hamaika hari daude oraindik lotzeko, eta horretan laguntzeko jendea behar dutela dio Juaristik: informatikariak, baserritarrei webguneko fitxak betetzen lagunduko dietenak edota herrietako banaketak antolatzeko jendea... baserrikoplaza@gmail.com helbidea, 688 867020 telefonoa edo webgunean jarri duten fitxa dira harremanetarako bideak.