Bizi-baratzea

Airearen kalitatea

Airearen kutsadurak gora egin zuen otsailaren 3an Donostian eta Tolosan
2020-02-12  |  Tolosaldeko Ataria

Eguraldi lehor eta beroa medio airearen kutsadurak gora egin zuen otsailaren 3, besteak beste, Donostian eta Tolosan; «gure egunerokoak kutsakorrak direla» hausnartu beharraz hitz egin du Eguzkik Talde Ekologistak.

Pasa den otsailaren 3an airearen kutsadura neurketek kopuru altuak eman zituen Euskal Herriko hainbat tokitan, baita Tolosan bertan ere. Bero dezente egin zuen, ia haizerik ez zuen egin, eta horrek sortu zuen neurketetan gorako joera nabarmenak egotea. Airearen kalitatea neurtzeko dauden gailuek PM 10 partikulak neurtzen dituzte eta horien arabera, Gipuzkoan maila altuenak Donostia inguruan eman ziren; bi neurgailu daude bertan eta bietan 100dik gora mikrogramo metro kubikoko neurtu ziren. Tolosan ere kopurua nahiko altua izan zen; 89 mikrogramo metro kubikoko neurtu ziren.  

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren webgunean, ikus daiteke otsailaren 3an Tolosan PM10 partikulen grafikoa.

Hemen, egun berean Donostiako Easo plazako neurketa, PM10 partikularena

 

Eguzki Talde Ekologistako Garikoitz Plazaolak esan duenez, 71tik 100era bitarteko mikrogramo metro kubikoko neurtzen badira aire kalitatea txarra da eta 101etik gora oso txarra. Donostian oso txar horretan egon ziren, beraz, pasa den astean, eta Tolosan berriz, maila ez zen horretaraino igo, «baina bertako neurgailuak momentu batean 89ren bueltan ibili ziren. Momentu batean arnasteko aire txarra izan genuen, beraz». 

Kopurua ez zen egun guztian zehar mantendu, gerora 70era jaitsi baitzen, «baina kopuru hori ez da egokia hala ere, horren larria ez den arren». Plazaolak esan du, era berean, emandako datuak deigarriak direla 24 orduko batez bestekoa egiterakoan eman direlako, «ez une zehatz batean neurtzean eman delako bakarrik». 

Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan egin diren neurketek, beraz, airea nahiko kutsatua dagoela erakutsi dute, arnasteko txarra den airea kontzentratu dela, alegia. Egungo legediak dio pertsonen osasuna babesteko muga 50 mikrogramoak metro kubikoko 24 ordutan zehar ematea eta urteko 35 aldi baino gehiagotan gainditzean neurriak hartu behar direla.

Datuez harago

Neurketek emandako datuez harago, bestelako hausnarketa bat egin du Eguzkiko kideak: «Gure egunerokoak, lanean, enpresetan... kutsakorrak direla esan nahi du horrek, uste duguna baino gehiago. Kutsadura hor dago, sortzen dugu, baina zorionez eguraldiaren arabera zabaldu egiten da eta eraginak ez dira hain zuzenak. Baina kutsadura egon badago».

Pm 10 partikulak

Plazaolak PM 10 partikulen neurgailuak zer diren ere azaldu du: «PM 10 neurgailuak partikula txikiak neurtzen ditu, hau da, milimetro bat baino 100 aldiz txikiagoak diren partikulak. Gure begiek ezin dituzte partikula horiek ikusi, noski, baina horrek ez du esan nahi kaltegarriak ez direnik». Porlanaren hautsa, polena, errautsa, partikula metalikoak... neurtzen dituzte hortaz, neurgailu horiek. Partikula horien sortzaileak nagusiki erreketa ezegokien ondorio izaten dira; autoen motorren erreketa ezegokiak, esaterako. 


Zurea bidali