Bizi-baratzea

Baratzetik mundura

Abian dira udako azoka ekologikoak
2021-07-15  |  Garazi Zabaleta

Aspalditik egiten dira Euskal Herriko hainbat tokitan udako azoka ekologikoak. Herrietako kontsumo taldeek eta ekoizpen ekologikoaren aldeko herrialde mailako elkarteek antolatzen dituzte azoka horiek normalki, Arabako Bionekazaritzak, Bizkaiko Ekolurrek eta Gipuzkoako Biolurrek kasu. Horien arteko koordinazio eta komunikazio lanean, berriz, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua ere aritzen da. Aurtengo udako azoka ekologikoen inguruan hitz egin dugu haiekin. Koronabirusa dela-eta ziurgabetasun handia badago ere, azokak egiteko itxaropentsu daude. Lehena egin dute dagoeneko, uztailaren 4an, Elorrion.

“Azoken helburua elikagai ekologikoak ikusaraztea da eta dagoen aniztasun eta kalitatea plazaratzea”, dio Nagore Usabel Kontseiluko komunikazio arduradunak. Ekoizleek ziurtagiri ekologikoa izan behar dute azoketan parte hartu ahal izateko, eta horrez gain, produktuen aniztasuna ere bilatzen dute antolatzaileek: “Esnekien lau mahai izan beharrean, aukera ematen zaio barazkien beste bat jartzeari, adibidez”, dio. Herri bakoitzeko azokan parte hartzen duten ekoizleak aldatuz doaz, guztiek izan dezaten aukera, eta hurbileko nekazari eta abeltzainak izaten dira gehienetan toki bakoitzean.

Produktu ekologikoen geroz eta aukera zabalagoa dago gure inguruan, horixe da Kontseiluak azken hogei urteetan jasotako datuek erakusten dutena: 2001ean ekoizpen ekologikoan 61 ekoizle eta 373 hektarea baziren, 2021ean 515 ekoizle eta 7.420 hektarea izatera iritsi dira. Ez da aldaketa makala, baina Kontseilutik diotenez, oraindik asko dago egiteko: “Ekoizpen ekologikoak gizartearen onespena duen arren, gutxiengoa izaten jarraitzen du, eta autonomia erkidegoan, guztira, nekazaritzako lurren %4,00 lantzen da ekologikoan”, diote. 2030erako konpromisoen artean helburua %25era iristea izanda, urrun ikusten da oraindik zenbaki hori.

Aurtengo udan gordetzeko datak

Jendartean elikagai ekologikoekiko geroz eta interes handiagoa sumatzen dutela dio Usabelek, eta azokek izaten duten erantzunarekin pozik daude. Gainera, bestelako ekintzak egiteko ere aprobetxatzen dituzte merkatuak. Elorriokoan, esaterako, ekoizpen ekologikoari buruzko erakusketa ibiltaria antolatu zuen Kontseiluak, eta iaz, gutizi ekologikoen ibilbidea egin zuen Biolurrek.

Bada, uda honetan hurbileko produktu ekologikoak eskuratu nahi dituenak ez du aitzakiarik.

Nafarroa:

- Iruñeko Ekomerkatua, abuztuak 7 eta irailak 4

- Noaingo Zentzumenen Parkean irailak 24, 25 eta 26

 

Bizkaia:

- Algorta, irailak 11

- Mungia, irailak 25

- Durango, urriak 9

Gipuzkoa:

- Zarautz, abuztuak 20

- Donostia, irailak 4

- Errenteria, irailak 11

- Zerain, irailak 19

- Aretxabaleta, irailak 25

- Eibar, urriak 2

- Leintz-Gatzaga, urriak 17

- Billabona, urriak 31

Araba:

- Zigoitia, uztailak 31

- Gasteiz, urriak 2

 


Zurea bidali