Bizi-baratzea

Abeltzaintza industrialeko hamabost enpresak ia Europar Batasunak adina metano isurtzen dute
2022-11-15  |  Lide Iraola

Haragia eta esnea modu intentsiboan ekoizten duten hamabost enpresak ia Europar Batasunak bezainbeste metano isurtzen du, IATP eta Changing Markets erakundeen ikerketaren arabera. Gobernuei exijitu diete enpresa handiei mugak jartzeko, eta metanoaren isuriak %30 murrizteko akordioa errespetatzeko.

Abeltzaintza industrialeko hamabost enpresen metano isuri handiak azaleraetu dituzte. /Argazkia: Greenpeace

Hamabost haragi eta esne enpresa industrialek igortzen duten metano kopurua Europar Batasunak isuritakoen ia bera da, eta Errusiak igorritakoa baino gehiago. Ez dira edonolako alderaketak, Europar Batasuna eta Errusia metano kutsadura gehien isurtzen dutenen artean baitaude. Enpresa horietako hamar esne ekoizleak dira, eta bost haragiarenak. Denen artean 15,5 milioi tona metano isurtzen dituzte urtean, IATP Laborantza eta Komertzio Politiken Institutuak eta Changing Markets erakundeak emandako datuen arabera.

Metanoa (CH4) da, eldiario.es hedabidean irakur daitekeen moduan, Lurreko tenperaturak izan duen igoeraren erdia baino gehiago eragin duena, industria aurreko garaitik. Karbono Dioxidoak (CO2) baino gutxiago irauten du atmosferan -hamar urte inguru-, baina CO2ak hogei urtetan baino 80 aldiz gehiago berotzen du.

Metanoaren eragin azkarragatik, hain zuzen, adituek haren isuriak murrizteari garrantzia ematea gomendatzen dute, emaitzak hamarkada honetan bertan atzemango liratekeelako; eta hamarkada hau erabakigarria da, haien arabera, mende honen amaierarako tenperatura 1,5ºC baino gehiago ez igotzeko.

Gauzak horrela, iazko Klimari Buruzko Urteroko Gailurrean metanoaren akordioa adostu zuten AEBek eta EBak, eta 130 herrialde gehiago batu ziren. Txostenaren egile IATPk eta Changing Markets erakundeak, ordea, mahai gaineratu dute zerrendatutako hamabost enpresek ez dutela akordioa errespetatzen, eta gobernuei exijitu diete haien isuriak mugatzeko beharrezko neurriak hartzeko.

Enpresa multzo honek Europar Batasunak isuritako metanoaren %83 adina isurtzen du, Errusiak isuritakoa baino %115, eta tarte handia ateratzen die beste potentzia handi batzuei -Kanada baino %377 gehiago eta Alemania baino %705 gehiago isurtzen dute-. 

Herrialde hauetan dute egoitza enpresek: Kanadan (1), AEBen (2), Brasilen (2), Txinan (2), Zelanda Berrian (1), Suizan (1), Alemanian (1), Danimarkan (2), Herbehereetan (1) eta Frantzian (2).

Kutsadura handiena Brasilgo bi enpresek eragiten dute: Marfrig eta JBS. Azken horrek, 4,9 milioi tona metano igortzen ditu, Alemania, Frantzia, Kanada eta Zeelanda Berriak orotara isuritakoa baino gehiago.

Ganadutegiaren esplotazio intentsiboak metano isuri guztiaren ia herena eragiten du , eta berotegi efektuko gas guztien %15. Hala ere, eskala handiko hamabost enpresa hauek dira abeltzaintza industriak isuritako metanoaren %10en erantzule.