Bizi-baratzea

300 milioi lagunen etxeak urpean gera litezke larrialdi klimatikoaren efektuengatik... Euskal Herriko asko ere bai
2019-10-30  |  ARGIA

Euskal Herriko hainbat herri urpean gera litezke klima aldaketaren eraginez. Ikerketa berri batek erakutsi duenez, larrialdi klimatikoaren eraginak aurreikusitakoak baino hiru bider handiagoak dira.

Klima aldaketarekin lotuta kostaldeko uholdeengatik arrisku lekuetan bizi direnen kopurua orain arte uste zenaren hirukoitza da eta hazten jarraituko du tenperaturak eta izotzen urtzeek gora egin eta itsas mailaren igoera aurreikusten den heinean.

Orain 300 milioi pertsona bizi dira 2050. urtean urtero uholdeak jasateko arriskuan dauden itsasertzeko eremuetan, eta kopuru hori 360 milioi pertsonara igoko litzateke mende amaieran. Hala adierazten du Nature Communications aldizkariak argitaratzen duen Climate Centralen ikerketa batek, eta hemen ikus daiteke.

Ikerketa horren arabera, 2050ean 150 milioi pertsona inguru bizi litezke itsasgoraren marraren azpitik, horien artean 30 milioi pertsona Txinan. Aurkikuntza horiek Climate Central ikasketa zentroak garatutako behaketa digitaleko eredu berri batetik (CoastalDEM) ateratako ondorioen parte dira.

Ikertzaileek metodo berri bat erabili zuten, NASAren SRTM (Shuttle Radar Topography Mission) radar topografikoak emandako datu multzoaren akatsak zuzentzen dituena; hori izan da orain arte kostaldeko uholde arriskuak ebaluatzeko erabili izan dena.

CoastalDEM ereduko datuak eguneratzeak hiru aldiz biderkatzen ditu orain arte kontuan hartutako uholde-arriskuak.

Eta Euskal Herrian?

Euskal Herriko kostaldeko herri ugariri eragingo liokete uholdeek, Muskizetik hasi eta Baionaraino. Lapurdin, Donibane Lohizunetik Azkainerainoko kolore gorriko ibai zabal bat erakusten du grafikoak, baita zati handi batean urpean geratuko litzatekeen Txingudiko badia ere, Irun eta Hondarribiko (Gipuzkoa) gune handiak hartuz.

Pasaian eta Donostian kalte handiak eragingo dituzte uholdeek eta, grafikoaren arabera, Orioko eta Zarauzko zati handiak ere urpean geratuko lirateke.

Bizkaiari dagokionez, Ondarroaren zati handienari eragingo lioke, Lekeitiori eta Eako herriguneari ere bai; eta Urdaibai bereziki kaltetuko luke: mapan Gernikaraino iristen den uholde gorri bat agertzen da. Bakion edo Plentzian eragingo lituzkeen kalteez gain, Uribe-Kostan eta Ezkerraldean ere eremu handiak uraren mailaren azpitik geratuko dira gauzak aldatzen ez badira.

Mapak erakusten du uholdea Bilboko Arte Ederren Museoraino iristen dela.