Bizi-baratzea

Klima aldaketaren lehen lerroan dago Hego Asia, eta bertako txiroenak dira gehien kaltetuak
2023-01-29  |  Nicolas Goñi

Klima aldaketaren ardurari dagokion bezala, klima larrialdiaren aurrean ere ez dago mundu osoa egoera berdinean. Lehen lerroan dago Hego Asia, eta bertako lehen kaltetuak daude txiroenak, kanpoko eskuzko lanak egiten dituztenak. Gizakiaren biziraupena kolokan jarriko du muturreko sargoriak. Aire-girogailuen merkatua garatuko den bitartean, iaz bezalako hondamendien ondorioz hamarnaka milioi pertsona errefuxiatu bihurtu daitezke.

Laborantza kalteturik. Indiako Bhadrak eskualdeko lur eremu bat, bero uhinak kolpatuta, ereintza ezinezkoa bihurtuz.Biswaranjan Rout /AP

Bukatu berri den 2022 urtean klima aldaketaren eraginek marka asko gainditu dituzte, eta dudarik gabe Hego Asia izan da marka gehien gainditu diren munduko eskualdea. Udaberrian hiru hilabeteko bero uhina pairatu zuten Indiak eta Pakistanek, 51° arteko tenperaturekin. Bero uhinak zuzenean hildako pertsonez gain, kalte zerrenda luzea utzi du: langileen akidura iraunkorra, airearen kutsadura –zentral elektrikoek isuritako errauts, ozono eta partikula txikiengatik –, ur  eskasia, zabortegi eta oihan suteak, elektrizitate hornitze etendurak, glaziar aintziren gainditzea –uholdeak eraginez eta azpiegiturak suntsituz–, laborantza galerak –gari uzta eskualde batzuetan erdira jaitsiz, intsolazioz edo egarriz hildako artaldeak–.

Klima aldaketaren ondorioz Hego Asian 40 milioi pertsona inguruk migratu dezakete 2050 bitartean, horietarik 13 milioi baino gehiagok Bangladesh barnean

Hori dena jasateko gehiegi ez balitz, ekainetik hasi eta urrira arte Pakistanek bere historiako uholde gogorrenak pairatu ditu, uztaileko euri maila hilabete horren balore normalen hirukoitza izanik. 33 milioi pertsona kaltetuak izan ziren, 250.000 etxe eta 80.000 laborantza lur hektarea suntsituak, 1.739 pertsona eta 700.000 abere hilik, 3.000 kilometro bide eta 130 zubi xehatuak. Sherry Rehman Pakistango klima aldaketaren ministroaren arabera, iraganeko gertakizunen muga guziak gainditu ditu episodio horrek. Gertakizun horiek ezohikoak izanik ere, klima aldaketak beren probabilitatea nabari emendatu du: bider 30, alegia.
Munduko Bankuaren arabera, Hego Asiako 700 milioi pertsona inguruk –ia bertako populazioaren erdiak– dute klimari loturiko hondamendi baten kaltea pairatu azken hamarkadan. Germanwatch gobernuz kanpoko erakundeak garatu duen klima arrisku indizearen arabera, India eta Pakistan izan dira 2000tik aurrera herrialde kaltetuenak klima aldaketagatik.

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen iazko txostenaren arabera, Hego Asian gertatuko dira laborantza etekinen gutitze nabarmenenak ere, eskualde hartan pilatuko diren estres termiko eta intsektu edo onddo kaltegarrien hedapenaren ondorioz, baita muturreko gertaerak –bero uhinak, uholdeak edo lehorteak– maizago ikusiko direlako ere.
Baina elikatzen gaituzten landare eta abereez gain, gizakia beraren biziraupen fisikoa zuzenki mehatxatuko du sargoriak, bero uhinak aire oso hezean gertatuko direlarik. Hain zuzen, tenperatura eta hezetasun maila batetik gora ezinezkoa bilakatzen da izerdiaren bidez gorputzaren tenperatura 37 gradutan atxikitzea. IPCCren arabera, mendearen bukaeran urteko 150 egunetan edo gehiagotan kanpoko lan fisikoak egiteko gaitasuna %40 murriztu daiteke (SSP5-8.5 hipotesian), batez ere Gujarat estatuan, Pakistanen, Ganga ibaiaren arroan, Bangladeshen, Indiako ekialdeko kostan eta Sri Lankan. %40ko estimazio hori batezbestekoa da, eta pertsona batzuk muturreko sargoria hobe jasan badezakete, bertze asko hilko dira.

Klima aldaketa arazo soziala da

Panorama horrek aski argi erakusten digu denak ez gaudela posizio berean klima aldaketari dagokionez, bai geografikoki –Ipar Europa edo Ekialdeko Ipar Amerika, Maldibak edo Bangladesh baino babestuagoak daude– baita sozialki ere, arrisku handiko eskualde berean kaltetuenak txiroak eta eskuzko langileak baitira.

Zinismorik falta ez zaion iazko azaroko txosten batean, Climate Investment Opportunities in India’s Cooling Sector ("klima inbertsio aukerak Indiako aire girotuaren sektorean") tituluduna, Munduko Bankuak zioen aire girotuaren eskaerak merkatu berriak irekiko dituela Indian, 1.6 bilioi dolarreko inbertsio aukerak emanez. Bertan azaltzen dute 2037an aire-girogailu eskaera zortzikoiztuko dela, eta bide-orri berdeagorik ez bada sustatzen, horrek datozen bi hamarkadetan berotegi efektuko gas isurketak %435 igo ditzakeela Indian. Aldiz, halako ekipamendurik erosi ezin duten laborari edo langile prekarioen biziraupenari buruz xehetasun guti ematen du txostenak, etxebizitza politikarako aholku orokor eta labur bat izan ezik.

Gizakiaren biziraupena mehatxatuko du sargoriak, tenperatura eta hezetasun maila batetik gora ezinezkoa baita gorputzaren tenperatura 37 gradutan atxikitzea

Lau urte lehenago Munduko Bankuak argitaraturiko Preparing for Internal Climate Migration ("Klimak bultzaturiko barne migraziorako prestatzen") txostenean aurreikusten zuten Hego Asian 40 milioi pertsona inguruk migratuko zutela 2050 bitartean –horietarik 13 milioi baino gehiagok Bangladeshen baitan, barne-migraziora behartuz–, baldin eta funtsezko klima politikarik ez balitz martxan ezarriko. Klima aldaketa murrizten lortuz gero ere, 2050ean kopuru hori 20 milioi ingurukoa litzatekeela estimatzen dute.

Slavoj Žižeken esaldi famatuari –"errazago irudika dezakegu munduaren amaiera, kapitalismoarena baino"– bertze ilustrazio bat emanez bezala, errazago aitzintzen ditugu txiroenen erbestea edo heriotza, beren bizi baldintzen hobetzeko behar adinako ahaleginak baino.

Arazoaren dimentsio historikoari begira
muturreko egoerak eraginez. Pakistango Peshawar hirian uholdeak, merkatu baten txabolak suntsitzen. 2022an uholdeek 33 milioi pertsona kaltetu zituzten Pakistanen.

Klima aldaketaren dimentsio sozial eta geografikoari gehi diezaiokegu dimentsio historikoa, berotegi efektuko gasen isurketan Ipar Europa edo Ekialdeko Ipar Amerikak alde batetik eta Pakistan edo Sri Lankak bertzaldetik ez baitute ardura historiko berdina. Horren ildotik bultzatu zen klima aldaketaren aurrean estatu zaurgarrienen galerak eta kalteak konpentsatzeko funts baten eskaera, COP27an onarturikoa, nahiz eta oraindik eskasia eta hutsune asko dituen.

Kim Stanley Robinson idazlearen The Ministry for the Future ("Etorkizunerako Ministeritza") eleberrian, 2025 eta 2050 urteen artean iragaten dena, ezohiko bero uhin batek sorturiko trauma kolektiboaren ondorioz –ehundaka mila pertsonen heriotza dakarren sargoria–, Indiako gobernuak unilateralki erabakitzen du geoingeniaritza programa baten bultzatzea, atmosferan sufrea barreiatuz, montzoian izanen dituen albo-kalteez jakinean izanda ere.

Hil ala biziko egoera hartan edozein aterabide arriskatzeko prest daudela dio Indiako buruzagiak, eleberrian. Ea fikzio hori 2050ean ere fikzio izaten jarraituko duen...