Bizi-baratzea

Gure beharren asetzea, geure gain
2023-01-29  |  AurĂ©lien Berlan

Aurélien Berlan filosofo eta baratzezainak denbora erdiz idatzi eta kurtsoak ematen ditu eta beste denbora erdia ‘bizirauteko lanetan’ ematen du, baratzean bezala etxean. 2021eko azaroan La Lenteur argitaletxe txikian plazaratu du ekologia politikoaren mundu frankofonoan oso aipatua –eta goraipatua– izaten ari den Terre et Liberté, la quête d’autonomie contre le fantasme de délivrance (Lurra eta Askatasuna. Autonomia lortu nahia versus zereginak gainetik kentzeko ameskeria). Egileak egin dituen zenbait aurkezpenen eta eskaini dituen elkarrizketen artean, LARRUNen irakurleentzako hautatu dugu Montreuil hirian (Paris metropoliko udalerria, 111.000 biztanle) Michèle Firk  kafe-liburutegian egindako hitzaldia, Radio Zinzine irratiak Internetez eskainia. Zer lotura ote daukate gaur irteerarik gabeko bidean daukagun egoera sozio-ekologikoak eta askatasunaren kontzepzio modernoak? Zergatik ezin da osotasunean ulertu krisi ekologikoa ez bada krisi sozialarekin, gizakien esplotazio eta menperatzearekin? Zein euskarri filosofiko eta politikotan oinarritzen dira autonomia material eta politikoa eskuratzeko ahaleginak, aurkitu ditzakegunak bai ekologia politikoaren eta bai kapitalismo globalaren aurkako hainbat mugimendu enblematikoren muinean? Aurélien Berlanek erakusten du libertatearen kontzepzio modernoek, izan liberal edo marxista, barruan daramatela zereginak gainetik kentzeko gogo bat, ondorio sozial eta ekologiko sakonak dakartzana. Ikuspegi hori nagusitu zaio bestelako askatasun kontzepzio bati, hain zuzen ere garaiotan berpizten ikusten dugunari: autonomia gure bizimodua geure gain hartzea bezala ulertua. Berlanen eta berak ordezkatzen duen pentsamenduaren arabera, nahi baldin badugu bizirautea bai lurrak eta bai askatasunak, beste imajinario horren ildoan sakondu beharra daukagu.
Aurelien Berlan bizi da Saint Sulpice la Pointe herrian, Okzitaniako Tolosa inguruan, etxalde kolektibo batean.

Aurelien Berlan bizi eta lan egiten duen etxaldean, Okzitaniako Tolosa inguruan. Argazkia: Liberation

Oso pozik nago liburu hau hemen, Montreuilen, aurkezten. Esan dezadan nire “aurreko bizi batean” hamar urte eman nituela doktoretza-tesi bat idazten, haren zati bat publikatu nuen La fabrique des derniers hommes (Azken gizonen fabrika) tituluarekin. Unibertsitateko afera bat zen, oso akademikoa; arakatu nituen hainbat autore gaur bizi garen munduari buruzko hainbat galderatan miatzeko, ulertu nahian zer dabilen gaizki mundu kapitalista industrial honetan. Eta tesia amaitzearekin batera, 2008an hiritik ospa egin eta baserri ingurura joan nintzen bizitzera, Tarn eskualdera: doktoretza tesia entregatu eta biharamunean lagun talde batekin kamioia hartu eta landa eremura joan ginen, etxe bila. Hor bizi naiz azken hamabi urteotan, eta oso gustura.

Aurélien Berlanek erakusten du libertatearen kontzepzio modernoek, izan liberal edo marxista, barruan daramatela zereginak gainetik kentzeko gogo bat, ondorio sozial eta ekologiko sakonak dakartzan

Zergatik egin nuen alde? Oso pozik nago gaur zuen artean, Montreuilen, hemen bizi izan bainintzen, autonomoen giroan, squattean [okupazioan] biziz denboraldi batez. Giro hartan asko eztabaidatzen genuen autonomiaz, zer den autonomo bizitzea, zer den bere funtsa... Autonomia politikoarena erraz ulertzen zen, alderdi eta egitura instituzional handietatik aparte antolatzea, alderdi, sindikatu, fundazio eta horrelakoetatik at, geure buruak organizatzen saiatzea munduan politikoki esku hartzeko. Autonomiaren bigarren esanahia, jatorritik da, geure buruei geuk jartzea geure legeak, izan herri bat edo herritar talde batek erabakitzea beren arauak, etorkizunerako garrantzitsuak diren kontuak erabakitzerakoan. Laburrean, zuzeneko demokrazia.

Gure arteko eztabaidetan autonomiaren beste ideia batez ere aritzen ginen, autonomia materialaz. Antikapitalistak ginen, beraz kritikatzen genituen soldatapean bizitzea, kontsumismoa, hauteskunde sistema… baina ikusten genuen autonomia bilatu nahian antolatutako bizimodua, oinarritzen zena squattean (okupazioan), kalean aurkitutako hondakinen berrerabiltzean, diruarekiko menpekotasun gutxiago eduki eta gure lana besteri saldu beharrik ez izateko, jornal baten truke gustukoak ez ditugun lanak egitera kondenatuta ez egoteko… hori bizitzeko era ederra zela baina oso epe laburrera begirakoa.

Luzera oso estresatzailea gertatzen zen; pentsa, hemen bertan squattean bizi ziren lagun batzuei behin goizeko lauetan etxean sartu zitzaizkien RAIDeko poliziak [RAID da Frantziako Polizia Nazionalaren eliteko unitatea, Ertzaintzaren Esku-hartze Operazio Taldearen edo Espainiako Polizia Nazionalaren GEOaren parekoa], ez da gozoa sei hilabetean behin horrelako bat sufritzea. Bestalde, horrelako esperientziak gazte zarenean egiteko modukoak dira, sasoi betean zaudenean, baina ezta pentsatu ere fisikoki edo psikologikoki ahulago daudenentzako. Parisen segitzekotan, goiz edo berandu alogera ordainduz bizitzera iristen zara, horretarako soldata baten menpean jarri beharko zara, soldatapean sartuz gero denbora gutxiago izango duzu politika eta beste jarduerak egiteko, baratze kolektiboetara joateari utzi eta supermerkatura joan beharko duzu… hamar urteren buruan bukatzeko, tamalez, edozein “monsieur X” edo “madamme Z” bezala, alienatuta, zanpatuta, manipulatuta eta atseginik gabeko bizimoduan.

"Lurra eta Askatasuna" liburua oso aipatua izaten ari da ekologia politikoaren mundu frankofonoan. Titulu txikian dio: "Autonomia lortu nahia versus zereginak gainetik kentzeko ameskeria".


Garai hura altermundialismoaren amaierarena zen, hartan hasia nintzen ni formatzen, 1980etatik aurrera. Hala ohartua nintzen ni ere kontsumitzen nuen ia dena, egunero erabiltzen nituen katxarro guztiak, ekoiztuta zeudela nik ordurako neuzkan balioekin batera ezinak ziren baldintza ekologiko eta sozialetan. Bizimodu hark ez gintuen asebetetzen, hartatik aldendu nahi genuen, eta Montreuilen geneuzkan eztabaidetan aipatzen genuen menpekotasun haietatik askatu beharko genukeela, eta denborarekin berriro sistemak irentsi ez gintzan bestelako bizitza ereduak garatu beharko genituzkeela, autonomia material handiagokoak, eta hori errazago lortuko genuela landa eremuan.

2008an plantatu nintzen Tarnen, hainbat jardueratan murgildu ginen, geure barazkiak geure baratzeetan ekoiztu, abere multzo txikiak hazi, eraikuntza auzolanean, basa fruituen bilketa, aktibitate politikoak, eta abar, oso gauza politak, egia. Aldi berean, sakondu nahi genuen autonomia honen muineko esanahi politikoetan… egia baita posible dela autonomia materialezko ahaleginak egitea modu batere politizatu gabe batean ere. Alde horretatik, ez genuen bideratu nahi gero denborarekin Colibris mugimendua [Pierre Rabhiren inguruan antolatutako agroekologia esperientziak] bezalakoetara, horrek ere ez gintuen asebetetzen.

Gainera, arazo filosofiko bat ere bazegoen: autonomia ulertu daiteke askatasunaren sinonimotzat ere, eta jakina da guk hainbeste kritikatzen dugun gizarte ereduak libertatea aipatzen duela balio zentraltzat. Guk hainbeste defenditzen genuen autonomia zerk bereizten zuen gaur nagusi den askatasunaren kontzepziotik? Bazen azterketa lan bat egiteko eta nik filosofia maitatzen jarraitzen nuenez, horretan hasi nintzen.

Murgilduta gauden hondamendi ekologikoa estu-estu dago lotuta kontsumitzearen eta ekoiztearen arteko urruntzearekin, horren ezaugarria baita gure soldatapeko-kontsumitzaile bizimodua

Liburuaren beste bultzada bat Snowdenen aferak eman zidan. Horrekin hasten da, hain zuzen, liburua. Dakizuenez, 2013an AEBetako zerbitzu sekretuetako kidea zen [Edwar] Snowdenek argitara atera zuen nola bere herrialdeak zelatatze sistema masiboak ezarriak zituen. Ordurako askatasuna landu duten testu klasikoetan murgilduta nintzen. Haietan irakur dezakezunez, libertatearen tradizio liberal deituan ‘leit motiv’-a da bizitza pribatuaren inbiolabilitatea. Alta, Snowdenek erakutsi zuen delako gure mundu liberal edo are ultraliberalean, ezkerretik hain kritikatua zen horretan, sistematikoki oinpean erabiltzen zutela bizitza pribatua. Erakutsi du gaudela libertate hitzak justu kontrako esanahia daukan mundu orwelldar batean, nolabait esateko. Eta hala iritsi gara gaur egungo nahasketa handira, non azkenean libertate hitzaren inguruan kanpaina egiten duten bakarrak baitira eskuin muturrekoak, bai Frantzian, Alemanian eta bestetan. Beraz, erregimen liberalek libertateak zanpatzen dituzte eta justu indar ez-liberal eta anti-liberalek –hedabideek deitzen dieten bezala– aldarrikatzen dituzte libertateak. Nahasketa larria da.

Oinarrizko zera hau gogorarazi beharra dago: libertatea, hitz hori lehenbizikoz idatzita agertu zen garaietatik hona, izan dela mugimendu protestazko eta iraultzaileen ikurra, aginte autokratiko edo oligarkikoei aurre egin nahi zietenena. Antzinaroan libertatea lotuta egon da zorrengatik esklabotzan eroritakoen erreboltei, Grezian eta Mesopotamian. Antzinako Erroman ageri da plebeioen artean, patrizioen kontrako borroketan. Erdiaro osoan aurkitzen dugu feudalismoaren kontra nekazariek piztutako matxinada guztietan. Frantziako iraultzaren muinean dago, 1793ko iraultzaileen goiburua zen Aske izan ala hil. XVIII. mende amaieran laborariek herri guztietan “Askatasunaren zuhaitzak” landatzen zituzten, haien inguruan dantza egin eta askatasunak ospatzeko.

Askatasuna, beraz, izan da iraultzarako aldarri bat, pribilegio eta desberdintasunen suntsitzeko deia. XIX. mendetik bereganatu egin du kontzeptu hori kapitalismo industrialak, eta gaur ultraeskuineko indarrak ari zaizkio OPA bat egiten.
Kontua da berrikitan, Covid pasearen [hitzaldiaren egunetan Frantzian ‘osasun pasea’ zena, geroago ‘txerto pasea’ bilakatu zen] kontrako bilkura batean, 2021eko uztailean, entzun dut ezkerreko burkide bat argudiatzen “baina erne, kontu hau eskuin muturrarena da, libertatea eskuinaren kontzeptua da, kapitalismoaren asmakizuna”… Ezkerreko jendearen ahotan hori entzundakoan pentsatzen dut “baina ez, amore ematen ari zarete askatasuna hitzaren bahiketaren aurrean”, zeren eta hitzak kontrolatzea pentsamendua kontrolatzea baita, eta ondo dakigu pentsamendua kontrolatzea dela populazioak kontrolatzea. Horixe da Orwellen mezua eta egia da mundu orwelldar batean bizi garela.

Eguneroko zereginak gainetik kentzeko ez daude mila modu: beste norbaiten bizkar utzi behar dira. Gauzak norberak ez egin baina besteri egin araztea, jokabide horrek ondorio sozial, politiko eta ekologiko oso handiak dakartza

Horra, beraz, askatasunaren eta autonomiaren zikulu-saltsa argitzeko hamar urtez egin dudan lanaren testuingurua. Sakonean landu dut zeren eta, horra, goi ikasketak egin ditut, doktorego tesia, unibertsitatean ikerketa buru izateko habilitazioa eskuratu… eta beraz, badaukat ‘ikasle txintxoaren’ alderdi hori, horregatik irakurri ditut filosofoak, historialariak, antropologoak eta abar askatasunaz zer dioten ezagutzeko, eta ondoren saiatu naiz aurkitutakoan jendeari ahalik eta errazen azaltzen, batetik gorroto dudalako hizkera akademikoa, gauzak argitzea oztopatzen duena, eta bestetik uste dudalako denoi eragiten diguten gauzak egon behar dutela denek ulertzeko moduan. Horregatik bereziki eskertzen diet beren laguntza nire idatzia gainbegiratu duten guztiei, ohartarazi didatenei: “hau luzeegi” edo “ez da argi geratzen” edo “eman adibide bat” edo “argitu zure argudio hau”.

Askatasunaren esanahiari dagokionez, pentsa liteke gaur egun nahasmendu handia dagoen arren garai batean oso garbi zegoela, batik bat ezkerrean. Aldiz, ohartu nahiz inoiz ez dela gaia oso garbi egon, oso aspalditik datorrela nahasketa. Antzinako Grezian bertan, libertatea zen berdinak izatea plaza publikoan, baina berdintasuna mugatuz herritartasuna zeukatenei, hots, biztanleen %20 bati gehienera, gizonezkoak, Atenasen sortuak, eta abar. Beraz, askatasuna zen Orwellek aipatutakoa, menpekotasuna; aspaldi dago erakutsita greziarren askatasuna oinarrituta zegoela esklabotzan. Beraz, ez dago kontzeptu honen ale garbi bat, gu hartara itzultzeko. Betidanik dauzka hainbat korapilo, nire lan honekin askatzen saiatu naizena.

Oro har, liburuan azaldu ditut askatasunaren bi kontzepzio, gure asmo eta nahiak zeharkatzen dituztenak eta historian zehar testu guztietan elkarren aurrez aurre aurkitzen direnak, nahiz eta ez argiki esplizitatuak. Alde batetik libertatea “zereginak gainetik kentzea” [‘delivrance’ jatorrizkoan, kargak arintzea, gainetik kentzea…] bezala ulertua; hau da kontzeptuaren esanahi hegemonikoa mundu modernoan, batik bat liberalen artean baina baita marxisten artean ere, hein batean. Horren aurrean, saiatu naiz erakusten badagoela oso bestelako kontzepzio bat, lurpean bezala dagoena betidanik, aurkitzen ez dena filosofiako testuetan baina bai klase herrikoiek eta hauek askatze nahian egin dituzten borroken mamian, eta gutxi izan dena definitua modu esplizituan; hori da nik ‘autonomia’ deitzen dudana.

Aurélien Berlan 2021ean Tolosan "Deboulonner la Mégamachine" (Megamakina desmuntatzea) jardunaldian Fabian Scheidlerrekin batera parte hartzen.

Hau berpizten ari da garaiotan bere errautsetatik, batez ere ekologia politikoa deitzen dugun mundu horretan eta zehazkiago ekofeministak deitzen ditugunetan. Horiek lotura egin dute askatasunaren kontzepzio herrikoiarekin, zeinetan askatasunak bere baitan eduki behar duen autonomia materiala ere. Iruditzen zait gu ere duela hamabost urte Montreuileko squatt garaian saiatzen ari ginela lotura egiten ahaztuta geratuak ziren ebidentzia batzuekin, hots, gure behar materialak asebetetzeko erabat sistemaren mendean baldin bagaude, sistemak erabat menpean gauzkala eta ezin garela libre izan. Klase herrikoiek betidanik jakin dute hori, horregatik borrokatzen ziren oinarrizko baliabideak eskuratzeko; gero hori erabat abandonatu da eta gaur berriro dator indarrez, ondasun komunak eskuratzeko borroketan. Sakoneko mugimendu hori elikatzen laguntzea da liburuaren helburua.

Beraz, batetik askatasuna “zereginak gainetik kentzea” moduan ulertua. Gaur egun libertatea kontzeptua sarritan mugatu ohi da bere alde instituzionalera: demokrazia, zenbait eskubide bermatuak edukitzea, mugimendu, adierazpen edo elkartzeko eskubideak, libertate publikoak deituak… hain zuzen beren buruak liberal jotzen dituzten erregimenek gero eta gehiago erasotzen dituztenak. Horietan fokalizatzen dira teoria filosofiko gehienak.

Klase herrikoiak ez dira borrokatu izan eguneroko betekizun materialetatik askatzeko: borrokatu dira eguneroko beharrak asetzeko bitartekoak eskuratzeko, eta nagusiki lurra, bizirauteko baliabide ororen oinarria

Baina hurbilagotik aztertzen baldin bada, libertateak badauka alderdi materiala ere, gutxiagotan aipatzen dena. Eta horretan libre izateak esan nahi du aske egotea eguneroko betebehar materialetatik, bizirauteko beharrezkoak diren hainbat zereginetatik, hauek gogaikarri, aspergarri edo pisutzat dauzkagulako. Hots: eguneroko janariak ekoiztea, bizilekua eraikitzea, etxe, ontzi eta janzkien garbiketak, inguruko pertsona ezinduak zaintzea eta abar luzea. Askatasunaren kontzepzio modernoan, soilik izan gaitezke libre baldin eta askatzen baldin bagara bizi garen bezala bizitzeko dauzkagun behar eta zeregin guztiotatik.
Ideia hau filosofo guztiek jakintzat ematen dute Platonengandik gaurdaino, Mendebaldeko pentsamendu guztiak ebidentziatzat jotzen du, eta denok harrapatzen gaitu, batera ez bada bestera. Neure kasuan bertan, liburua egiten ari nintzelarik, behin baino gehiagotan neukan baratze lanetatik edo etxearen eraikuntzatik askatzeko gogoa, lanok gehiago baitira oztopo atsegin iturri baino.

Arazoa da lan materialetatik askatu nahi orokortu horrek hainbat arazo dakartzala. Eguneroko zereginak gainetik kentzeko ez daude mila modu: beste norbaiten bizkar utzi behar dira. Gauzak norberak ez egin baina besteri egin araztea, jokabide horrek ondorio sozial, politiko eta ekologiko oso handiak dakartza. Askatasuna baldin bada eguneroko zereginak gainetik kentzea, jarduera jasoago eta atseginagoetan aritu ahal izateko, orduan askatasuna oinarritzen da besteren menperatzean… eta berriro gaude greziarrei egozten diegun horretan: libertatea, esklabotzan oinarritzen da. Zergatik? Norbere beharrak asetzeko besteri egin araztea delako eta besteri egin araztea da menperatze sozialaren formularen sustraia. Menperatze politikoaren oinarrian dago buruzagien eta egileen arteko bereizketa, alde batetik besteei zer egin behar duten agintzen dietenak, beste aldetik egin beharrekoak egiten dituztenak.

Janariak hondakinetara botatzen: "Gauzak egiteak zenbat neke eragiten dituen jakinez gero, ez dituzu gauzak hain erraz jaurtitzen zakarretara. Aldiz, dena besteri egin arazten dietenei ez inork eta ez ezerk ez dizkie beren apetak asetzen".

Historiari erreparatzen badiogu, garai guztietako talde menperatzaile guztiek eguneroko hainbat zeregin kendu dituzte beren bizkar gainetik, horiek egin araziz menperatuei: emakumeei, esklaboei Antzinaroan, jopuei Erdiaroan, obrero edo ordainpeko zerbitzariei garai moderno burgesetan. Agintea zuten klaseek hainbat estrategia erabili dituzte, oso ezberdinak, bortizkeria maila ezberdinetakoak: antzinaroan jendeak bortxatzeko egitera norberak egin nahi ez zituenak, lepoa mozteko mehatxu egin behar zieten; baina badaude modu leunagoak, dirua, komertzioa, menperatze mentala… Ez ditut aipatuko hemen xehetasun guztiak, liburuan zehar azaldu ditut. Zentratuko naiz gaur egunean, zein ondorio ekologiko dituen bizi garen kontsumo gizartean gure zereginak besteri egin araztearen keinu horrek.

Ekologia politikoaren hainbat pentsalarik erakutsia dutenez, murgilduta gauden hondamendi ekologikoa estu-estu dago lotuta kontsumitzearen eta ekoiztearen arteko urruntzearekin, horren ezaugarria baita gure soldatapeko-kontsumitzaile bizimodua, André Gorz pentsalariaren formula nire eginez honela definituko nukeena: alde batetik daude soldatapeko ekoizleak, ekoizten dutenetik ezer kontsumitzen ez dutenak, eta bestetik kontsumitzaileak, kontsumitzen dutenetik ezer ekoizten ez dutenak. Erabateko leizea dago horren eta gauzak modu direktoagoan egiten ziren beste bizi moldeen artean. Ideia hau aurkituko dugu zirkuitu laburreko kontsumoa eraiki nahiaren oinarrian, gauzak ahal bada geuk egitea edo geuk konpondu nahiaren eta ez dena besteri egin araztearen oinarrian.

Autonomia ez da independentzia, da dependentzia asimetrikoen kontrako borroka. Honek dakar interdependentziak eraikitzea eta hau soilik da posible eskala txikian

Zergatik da bereizketa hori arazo ekologiarentzako? Hasteko, kontsumitzearen eta ekoiztearen arteko arrakalak mundu mailako dimentsioa hartu du, zentro batzuetan egiten da urrundik erositako gauza gehienen kontsumoa; eta periferietan, Txinan eta bestetan, murgilduta daude kanpoan kontsumituko diren gauzak ekoizten. Honek berekin behar du, noski, logistika oso bat, garraiabideak alde guztietara, kutsadura, eta abar.

Beste arazoa da leize horrek baimentzen duela kontsumitzailearen begien bistatik urrun geratzea ekoizpen honek eragindako kalte ekologiko eta sozialak. Esan dizuedanez, ni 25 urterekin jabetu naiz, mugimendu altermundialistari esker, zenbat esplotazio eta kutsadura zegoen nik hain lasaiki eta batere galderarik gabe kontsumitzen nituen gauzen atzean. Errealitate hori ikusiezin geratzen baita, lanaren banaketa mundu mailan gertatzen delako.

Azken argudioa, eta nire ustez zentrala: hondamendi ekologikoa lotuta dagoela gure beharrak eten gabe handitzearekin [‘fuite en avant de nos besoins’]. Gero eta gauza gehiago behar ditugu, beti eta gehiago… sartuta gaude eten gabeko hazkundearen eta eten gabeko behar eta irriken dinamika batean. Zalantzarik gabe, gauzak norberak egin behar dituenean, beharren halako auto-mugatze bat gertatzen da; zeren eta gauzak norberak egin behar dituenean lehen helburua da ez pasatzea egun osoa zoro moduan lanean mugarik ez duten beharrak ase nahian. Gauzak egiteak zenbat neke eragiten dituen jakinez gero, ez dituzu hain erraz jaurtitzen zure jeans zaharrak zakarretara, ondo pentsatzen duzu ez ote dizun merezi gehiago adabaki batez moldatzea janzki berri bat hasieratik bukaerara osorik egitea baino. Aldiz, dena besteri egin arazten dietenei ez inork eta ez ezerk ez dizkie beren apetak asetzen. Sartuta gauden kontsumismo eroa oso lotuta dago kontsumitzearen eta ekoiztearen arteko eten horri.

Vietnamen arropa ekoizten Mendebalderako: "25 urterekin jabetu naiz, mugimendu altermundialistari esker, zenbat esplotazio eta kutsadura zegoen nik hain lasaiki eta batere galderarik gabe kontsumitzen nituen gauzen atzean". Argazkia: Better World.

Honen inplikazio sozial eta politikoak aipatuko ditut. Ekoiztearen eta kontsumitzearen arteko banaketak hein batean eramaten gaitu menperatze sozialaren ezaugarria den zuzendaritzaren eta exekutatzearen arteko banaketara. Baina soilik neurri batean da egia, zeren eta klase menperatzaile guztiak kontsumitzaileak diren arren, kontsumitzaile asko ez baitira klase hartakoak: nik neure burua ere soldatapeko-kontsumitzailetzat daukat, autonomia asko landu arren hainbat gauzaren kontsumitzaile naiz neu ere. Kontua da, hasiera batean klase menperatzaileen ezaugarria baldin bazen bestek egindakoa kontsumitzea, munduaren industrializazioarekin eta bereziki masa-kontsumoaren hedatzearekin bizimodu hori “demokratizatu” egin dela, kakotx artean, nik zehazkiago esango nuke masifikatu egin dela, masen eskueran jarrita. Eta orduan bere esanahi politikoa erabat aldatu zaio.

Iraganean nagusitasun sozialaren marka zen biziraupenerako betebeharrak gainetik kentzea. Baina masazko kontsumoa hedatzearekin, betebeharrak gainetik kentze hori bilakatu da gure ezintasunaren giltzarrapo. Denok bilakatu gara batere kontrolatzen ez dugun sistema baten mendeko, zeren eta sistema geldituko balitz, baita sistemak dardara batzuk egite hutsarekin ere, panikoa zabalduko bailitzateke: “nola biziko gara?”, “nola elikatuko ditut gure haurrak?”, “nola berotuko naiz?”, “nondik aterako ditut janzkiak?”… Gaur sartuta gauden irtenbide falta dramatiko honen funtsean dago gu denok errotik gaudela planetako izaki bizidun gehienak arriskuan jarri dituen sistemaren mendeko.

Askatasuna, beraz, izan da iraultzarako aldarri bat, pribilegio eta desberdintasunen suntsitzeko deia. XIX. mendetik bereganatu egin du kontzeptu hori kapitalismo industrialak, eta gaur ultra-eskuineko indarrak ari zaizkio OPA bat egiten

Gure mendekotasun materialari lotutako paradoxa batean bizi gara. Askatasunak esan nahi du zanpaketa sozialetik libratzea, baina burujabetasun integral bat lortzea ere bai. Horregatik sentitzen gara inpotente. Ondo dakigu zein etorkizun datorkigun bide honetan jarraituz gero, baina ez dugu lortzen ildo horretatik ateratzea, norabidea aldatzea, frenatzea. Sistema hiltzaile honen mendeko bihurtu garelako, bai norbanako gisa eta bai gizarte moduan.

Askatasunaren ideiak, baldin eta beste ikuspuntu horretatik begiratzea onartzen badugu, bi gauza ulertzen laguntzen digu. Batetik, zein den gaur egun goikoen aginduen, sistemaren eta hondamendi ekologikoen aurrean sentitzen dugun ezintasunaren sustraia. Eta bestetik, zein arazo sakonengatik ezin diren bereizi arazo ekologikoa eta arazo soziala. Hein batean, arazo ekologikoa da XIX. mendean arazo soziala konpondu ez izanaren ondorioa: ez da lortu gizarte igualitarioago bat eraikitzea, ezberdina kapitalismotik eta gero eta gehiago ekoiztu eta kontsumitu behar honetatik. Bien sustraian dago askatasunaren kontzepzio bat gizakien eta naturaren zukutzean oinarritua. Horiek aldatu beharko ditugu, baldin eta nahi badugu irtenbide bat aurkitu edo gutxienez frenatu harrapatuta gauden galbide zoro hau.

Hau dena esatea gauza gogorra da, baina aldi berean badira itxaropen argi batzuk ere diotenak dena ez dagoela erabat itxita. Bai baitago askatasunaren beste adiera lurpeko hori ere, nik autonomiarekin parekatu dudana. Bestea, askatasuna ‘delivrance’ edo eguneroko betekizun ezatseginak gainetik kentzearekin parekatze hori, berez pribilegiodunen kontzepzioa baina hegemonikoa bilakatua liberalen artean bezala marxisten artean, nagusitu da klase herrikoien nahiak zanpatuz. Oro har, begiratzen badugu nola bizi izan diren klase herrikoiak eta nolako borroka motak eraiki dituzten, haiek ez ziren borrokatzen eguneroko betekizun materialetatik askatzeko: borrokatzen ziren eskuratu nahian eguneroko beharrak asetzeko bitartekoak. Hauetan lehenengoa eta nagusia lurra zen, noski: lurra, jendeen bizirauteko baliabide ororen oinarria.

Lurra edo ondasun komunak eskuratzeko borrokak aurkitzen ditugu humanitatearen historiako borroka guztietan, menperatze soziala dagoenez geroztik. Pribilegiodunak fite ohartu ziren populazioak katez lotzeko materialki haien mendeko bilakatu behar zituztela eta horretarako ahalik eta gehien kendu behar zizkietela baliabideak, funtsean lurra, biziraupen ororen iturri dena. Zibilizazio guztietan aurkitzen dugu: menpekoei bizirauteko baliabideak mozteko joera. Errusian Tsarrak eta nobleek XIX. mendean ikusi zuten jendeen artean zebilen egonezina baretzeko Erdi Arotik zetorren morrontza ezabatu beharra zegoela, baina… inolaz ere lurrik eman gabe nekazariei, beren beharrak ase ezin izan zitzaten. Baserritarrei ugazaben etxalde handietan lan egitera behartzeko modu bakarra hori baitzen, bizibiderik gabe uztea.

"Norbere beharrak asetzeko besteri egin araztea da menperatze sozialaren formularen sustraia". Argazkia: Efe.

Denetan aurkitu dezakegu hori bera. Horregatik borrokatzen ziren klase herrikoiak lurra eskuratu nahian. Lurra eta ondasun komunak: basotik egurra atera ahal izatea, aziendak zilegi lurretan bazkatzera bidali ahal izatea, ibaietan arrantzan egitea… Borroka berdina daramate Hirugarren Mundua deitutako herritar askok multinazionalei oihanaren jabe egitea eragozteko, burura datozkit Chipko etniako emakumeak Indian, esaterako, herrixken inguruan aberastasun iturri dauzkaten oihanen defentsan.

Beraz, hor bada zerbait txit garrantzizkoa. Ez baita soilik historiagile edo antropologoek dioten kontua, ez: klase herrikoien helburua ez zen eguneroko betekizunak gainetik kentzea, beren borroketan bazen zerbait benetan garrantzitsua askatasunaren historiarako, eguneroko betekizunak gainetik kendu ez baina beren gain hartzea baitzen askatasunari ematen dioten esanahia, mendekotasun materialean oinarritzen den menperatze harremanak suntsitu nahi zituzten. Eta horietan askatasunaren oso bestelako zentzu bat marrazten da: auto aski izatera autonomiaren bidez iristea, baliabideak beren gain hartuta.

Gaur egun, modu lausoago batean bada ere, jende askoren artean jokoan dagoena da autonomia material handiagoa lortzeko nahi hori autonomia material eta energetiko handiagoa lortzeko ahaleginean, energiarako bezala elikatzeko multinazionalen mende egoteko ordez nor bere gain hartu nahi horretan… askatasunaren aipatu zentzu hori dago sakonean, nahiz eta ez beti jabetu horretan dabiltzanak. Autonomia praktiketan ari diren jendeak horrela lotzen dira klase herrikoien betiko nahiekin.

Autonomiaren kontzepzio honetaz zehaztasun gehiago emate aldera… Esaten baldin badugu askatasuna dela nork bere bizirautea bermatzea, zati batean bederen… askatasun hau ezin da modu indibidualean segurtatu. Hau da libertatearen beste zentzuarekiko alde handi bat. Ezinezkoa baita norberak bakarrik segurtatzea bere bizirautea. Bizirautea lotuta dago munduarekiko harremanei, naturarekikoei, honek berekin dakar elkar lagundu beharra. Modernitatearen hasierako libertate nahi liberal indibidualisten ikurretakoa den Robinson Crusoek berak ezingo zuen egun bakar batez biziraun uharte bakartu hartan, baldin eta Daniel Defoek ez balu egoki pentsatu Crusoe lehorreratzea hainbat tresna zekartzan kutxa eta guzti. Kutxako tresna haietan zetorren jende pila bat Crusoerekin uhartera, garaiko artisauen teknologia guztia, ez zegoen bera bakarrik naturaren aurrean, gizarte osoa zekarren berarekin. Berdin gaur ere, hartzen baldin badugu ‘robinsonkerien’ bertsio berria den ‘Into the Wild’, Sean Pennena, nortasun agiria eta bankuko txartela erre eta oihanera abiatzen den heroiarena… ez zuen hamabost egun iraungo fusil bat eduki ez balu berarekin. Biziraupena segurtatzea, ustez bakarrik zaudenean ere, beti dago gizarte harremanari lotua.

Autonomiaren aldeko borrokak etengabe eskatzen du teknologiak kritikatzea eta teknologiarekiko daukagun liluratik askatzea. Askatzea teknologiaren ustezko neutraltasunaren mitotik

Autonomia ez da independentzia materiala. Lurrean inor ez da independentea, denok gara elkarren mendeko, bai beste gizakiekiko eta bai bestelako bizidunekiko. Autonomia da elkarren arteko lotura berriak eraikitzea, baztertuz dependentzia asimetrikoak, mendeko jartzen gaituzten pertsona eta erakundeekiko. Hauetakoak dira gaurko munduan organizazio industrial handi guztiek ezartzen dizkiguten mendekotasunak. Industria agro-alimentario handi batentzako lanean ari den nekazaria, haziak bezala ongarriak ere industriak ematen dizkiona, gezurra da nekazari hori interdependentzian ari dela esatea. Harremanetan dagoen asimetriari esker, industria handiak leherrarazi egin dezake baserritar hori, gaur oso argi ageri denez, baserritarrak ez dauka ezartzen zaizkion baldintzak onartu edo ukatzeko aukerarik. Horregatik eskuratzen ditu industriak nekazaritzak ekoiztutako elikagaiak produkzio-kosteak baino merkeago.

Gauza bera zorpean harrapatutako pertsona baten eta bankuaren artean, zorpetua menpekotasun asimetriko totalean harrapatuta dago. Beraz, autonomia ez da independentzia, da dependentzia asimetrikoen kontrako borroka. Honek dakar interdependentziak eraikitzea eta hau soilik da posible eskala txikian, herrian, komunitatean, jende talde txikietan, hitz egin, eztabaidatu eta eten gabe negoziatu dezaketen pertsona talde txikietan. Autonomia hori da: interdependentzia pertsonal eta komunitarioak berreraikitzea.

Eta eredu honek berria izan behar du antzinako gizarte patriarkalek zeukatenetik ere, haietan ere menperakuntzazko rolak oso gogor jokatzen baitziren, botere banaketa hain asimetrikoa ez izan arren boterea komunitateko pertsona baten gain ezartzen zelako. Autonomiaren definizio berrian ekofeministak dira urrunen iritsi direnak, saiatuz biziraupen baldintzak eraikitzen pertsonen arteko menpekotasunak gaindituz. Uste dut hori bera saiatzen dela egiten hainbat jende kooperatiba egituretan, produkzioa berrantolatzeko bidean betebeharrak modu ekitatiboan banatuz, pertsonen ahalmen eta nahien arabera gehiago, adibidez, sexuen arabera baino.

Emiliano Zapataren gidaritzapean XX. mende hasieran "Lurra eta Askatasuna" aldarrikatu zuten nekazari mexikar matxinatuak, Diego Riverak magotutako horma-irudi ospetsuan. Irudia: Wikipedia.

Liburua amaitu dut modu… nola esan… misteriotsu samar batean, “Gosea, eskuak eta lurra” (“La faim, les mains et la terre”) ipini dut autonomiaren ideia hau pittin bat gehiago zabaltzeko. Azaldu nahian autonomia material hau zein planotan jokatzen den, ohartu naiz hiru oinarritan jokatzen dela. “Gosea”-k adierazten ditu beharrak, sentitzen ditugun beharrak. “Eskuek” adierazten dute egiteko ahalmena, tartean teknikoa. Eta “lurra” da baliabideen metonimia bat. Hiru plano horietan jokatzen da autonomia: beharrak, teknikak edo bitartekoak, eta baliabideak.

Autonomia deitzen baldin badiogu “norbere biziraupena segurtatzea” delakoari, eguneroko hizkeran baditugu hiru formula ohiko: “geure beharrak asebetetzea”, “geure bitartekoekin egitea” eta “geure baliabideetatik bizitzea”.
“Gure beharrak geuk asebetetzea”, laburzki esanda da beharrak asetzea supermerkatutik pasa beharrik gabe, erabat mendeko egiten gaituen kapitalismo globalistara jo gabe. Bi modutara egin daiteke: edo gauzak norberak ekoiztuz edo eta bestela orain dauden sareez at bestelako harreman sareak eraikiz. Gauzak norberak egitea, “Do It Yourself” bezala ere uler daiteke. Baina zenbat eta gehiago saiatu autonomian bizitzen, gehiago ohartzen zara ikuspegi indibidualista hori oztopoa dela, norbera bere txokoan itxita bere gauzak ekoizten… Ez, autonomia harremana da, kolektiboa. Norberak berea ekoiztea baino are garrantzitsuagoa da eraikitzea bestelako trukatze sareak, alderantzizkoak ergelkerietara eraman zaitzake.

Ekologia politikoak eta zehazkiago ekofeministek lotura egin dute askatasunaren kontzepzio herrikoiarekin, zeinetan askatasunak bere baitan eduki behar duen autonomia

Ni Tarn eskualdean kokatu nintzen, nire ogia egiten nuen, egitura kolektibo batean egiten genuen, labea eraiki genuen horretarako, gure barazkiak ekoizten genituen, izugarri maite nuen hori dena. Egia da aspaldian ez dudala ogirik egin eta nire buruari esaten diot tarteka “putain, berriro egin beharko huke ogia!”. Kontua da egitura hura lehertu egin zela, baina gure inguruan lagun berriak kokatu ziren, tartean badira okinak horretatik bizi nahi dutenak, labealdi handiak egiten dituzte 80 edo 100 kilokoak eta batzuetan arazoak dituzte ogi horiek guztiak saltzeko. Horregatik autonomia kolektiboaren ikuspegitik, maila lokal batean, pentsatzen dut nik neure ogia egitea baino, denok astero nork bere bi edo hiru kilo ogi egiteak lekarzkeen energia kosteak eta abar kontua hartuta… askoz zentzu handiagoa duela kide horiei laguntzea beren jarduera eraikitzen, ez daitezen aurkitu urte gutxiren buruan kondenatuta okindegi eta kate handien aurrean makurtzera. Egokiagoa da horiekin bestelako harreman eta trukaketak antolatzea, edo tarteka beren lanetan lagunduz edo trukean gure kasuan haiei ahuntz gaztak emanez, nire neskalagunak ahuntzak baititu. Ez dut uste demonizatu behar dugunik txanpona eta horiei ogia dirutan ordaintzea ere ontzat jo behar dugu, denok bakarka nork bere etxetxoan “Do It Yourself” praktikatzen tematuz funtsean mundu industriala sendotzen jarraitu orde. AMAP edo nekazarien saskiak, trukatzeak, hurbileko zirkuituak… hainbat ahalegin daude supermerkatu industrial globalizatutik at bizitzeko.

Bestalde, “geure beharrak” esanahi sendoenean hartu behar da, ez baitugu sekula lortuko “geure behar” gero eta handiagoak asebetetzea baldin ez badira benetako gure beharrak, baizik eta sistema industrialak iradoki, barneratu eta inposatu dizkigunak, etengabe proposatzen baitizkigu ustezko behar berriak kapitala metatzen segitzearren. Beharren autonomia ere planteatu behar da, eta hau ere hobe egiten da maila kolektiboan indibidualean baino, benetan gure beharrak zeintzuk diren definitzea, beharrak aztertzea horiek gutxitzeko. Autonomia nahi horrekin bizi izan dira klase herrikoiak mundu osoan milaka urtez, Frantzian bertan esango nuke hala bizi izan direla baserrietako klase herrikoiak XIX. mende amaiera arte, ia esango nuke Bigarren Mundu Gerraren amaiera arte, populazioaren parte handi bat hein handi batean oso autonomoki bizi zen. Ez noski gaur inposatzen zaizkigun behar zoro horiekin guztiekin.

Atelier Paysan elkartearen ikastaro batean, emakumeak burdina soldatzen ikasten. Argazkia: Atelier Paysan.

Autonomia, “geure eskuz egitea”. Esan dugunez, ez DIY eta egizu zuk zeuk bezalako formulekin, baizik eta gehiago elkar laguntza sareetan. Horretarako, mugimendu obreroaren muinean egon den mutualismoa berreraiki beharra dago. Ideia horrek badakar ere teknikei buruzko erreflexio beharra, bereiziz batetik gure nekeak arintzeko balio digutenak, teknika legitimoak, eta bestetik gu esfortzu guztietatik askatuko omen gaituzten teknologiak, tresna horiek ekoizten dituzten industrien mendeko bilakatzen gaituztenak, horiek eskuratzeko diru bila lan merkatuan sartzera behartuko gaituztenak. Autonomia sendotzen duten tresnak dira, mundu guztiak dakienez, norberak erraz ekoizteko modukoak, erraz mantendu eta konpontzekoak, konplexutasun gutxi samarrekoak, gizakiaren eskalakoak. Autonomiaren aldeko borrokak etengabe eskatzen du teknologiak kritikatzea eta teknologiarekiko daukagun liluratik askatzea. Askatzea teknologiaren ustezko neutraltasunaren mitotik: “Teknologia neutroa da, dependitzen du nola erabiltzen duzun” hori ez da egia. Laban baten kasuan izan daiteke; aldiz, zentral nuklear bat, izan eskuineko edo ezkerreko, kapitalista bezala sobietarra, berdin lehertu daiteke eta erradioaktibitatea zabaldu.

Gauzak norberak egin behar dituenean, beharren halako auto-mugatze bat gertatzen da. Aldiz, dena besteri egin arazten dietenei ez inork eta ez ezerk ez dizkie beren apetak asetzen. Sartuta gauden kontsumismo eroa oso lotuta dago kontsumitzearen eta ekoiztearen arteko eten horri

Alor honetan, publizitatea egingo diot Atelier Paysan izeneko talde batek plazaratu berri duen Reprendre la terre aux machines (Atera lurra makinen atzaparretatik) liburuari. Baserrirako lan tresnak ekoizten dituen kooperatiba bat da Atelier Paysan: ingeniariz eta nekazariz osatutako talde horretan ohartuak ziren Frantzia osoan badirela laborariak eskulanetan oso trebeak direnak, beren tresnak ekoizteko edo industriak sortutakoak beren egoera berezietara egokitzeko trebe direnak, eta urteak daramatzate biltzen nekazari burutsu horien emaitzak, bricolage lan horien planoak egin eta Interneten edonoren eskueran libre jartzeko, atelier eta ikastaroak ere antolatzen dituzte batean eta bestean, baserritarrak teknika mailan ahalik eta burujabeen izan daitezen.

Hirugarren atala, “geure baliabide propioetatik bizi”. Alegia, hurbil dauzkagun baliabideetatik, gure eskualdekoetatik. Horregatik autonomiak itxura oso ezberdinak hartu ditzake segun eta non bizi garen, mendialdean edo lautadan, hirian edo baso inguruan… Honek eskatzen du populazio batek bere eskueran edukitzea baliabide sail oso zabala. Hori lortzeko proposamenetan, bada autonomiaren bertsio bat “bunker faxista” deitzen ahal duguna: batean edo bestean uharte bat edo 200 edo 400 hektareako lur eremu zabal bat bereganatu autonomiaz bizi ahal izateko datozen garai zailetan, ideia bat eliteen artean zabaldua dagoena.

Aldiz, klase herrikoiek aspaldi daukate aurkitua beste soluzio bat askoz interesgarriagoa: lurraldearen zati handi bat jabego komunean atxikitzea, batez ere basoak baina bestelako lur gehiago ere bai, mundu guztiak eduki dezan bere baliabideak osatzeko aukera hori, norbere adinarekin, urtaroarekin eta abar aldatu daitezkeen beharrak asetzeko. Ariege eskualdean (Okzitanian, hiri nagusia Foix du) XIX. mendean zergatik borrokatu ziren hain gogor nekazariak “Code Forestier” (oihanak kudeatzeko Parisko gobernuak ezarritako lege berria) delakoaren kontra ‘Andereñoen gerra’ (‘Guerre des Demoiselles’) hartan? Hain zuzen ere legeak oihanak bihurtzen zituelako estatuaren jabego, lekuko herritarrei debekatuz mendi haietan aziendak bazkatzea, oihanetik sutarako egurra ekartzea eta abar. Oihanean badira sendabelarrak, bada ehiza, bada eraikuntzako materiala, harria eta abar familia batek bere etxaldean bertan ez dauzkanak.

Autonomiak badauka, noski, parte bat modu indibidualean moldatzekoa. Esaterako, herri oso batentzako baratze bakarra antolatzeak ez dauka zentzurik, familia bakoitzari bere lur muturra emateak dauka logika osoa. Baina horrelako herri batek soilik funtzionatu zezakeen baldin eta jabego kolektibo hori ere present baldin bazegoen. Autonomiaren aldeko borroka, beraz, ezingo da garatu ondasun komun horien aldarrikapenarekin batera ez bada.

Zer lotura ote daukate gaur irteerarik gabeko bidean daukagun egoera sozio-ekologikoak eta askatasunaren kontzepzio modernoak? Zergatik ezin da osotasunean ulertu krisi ekologikoa ez bada krisi sozialarekin, gizakien esplotazio eta menperatzearekin?

Amaitzeko, esango dut modernitatea, askatasunaren ideia modernoa, eraiki dutela lurretik eta nekazaritzako lanetatik askatzeko nahiaren gainean. Modernitatearen leitmotiva da hiriko aireak aske egiten zaituela, hainbat testutan ageri da nabarmen. Baina hirian zure bizimodua segurtatzea askoz zailagoa da, hirian biziraupena askoz lotuagoa da teknologiari eta diruari baserri eremuan baino. Gaur, aldiz, ohartzen hasten gara hiriko bizimodu ereduaren orokortzeak dakarrela Lurra basamortu bihurtzeko arriskua. Hiri ereduaren azken fanatikoak iritsi dira gaur proposatzera kolonizatu behar dugula Marte. Alde batera utzita ea hiriko aireak bezala Marteko aireak egin ote zaitzakeen libre… garbi dago Marten bizitzera iristen baldin bada norbait haren menpekotasuna erabatekoa izango dela, teknologiari dagokionez bezala beste gauza orotan.

Gizakiok soilik Lurrean hartu dezakegu arnasa libreki, ez dugu ahantzi behar baldin eta askatasunaren ideiari eutsi nahi badiogu. Horregatik, bizi estralurtarra proposatzen diguten horien aurrean, liburu honetan proposatzen dugu berreskuratzea askatasunaren beste kontzepzio bat, lur gaineko gure biziarekin bateragarria dena, eta ideia hori da autonomia.

“Lurra eta Askatasuna” aipatuta Espainiako gerraz akordatzen gara berehala, Ken Loachen Land and Freedom filmaren eraginez ziurrenik. “Tierra y Libertad” ez da soilik Mexikoko iraultza ere, Emiliano Zapataren garaikoa. Ez, “Lurra eta Astakasuna” kontzeptu hori kontinente guztietan aurki dezakegu eta garai guztietan: lurra berreskuratzea libertatea eskuratzeko baldintzatzat.

Chipko mugimenduko emakumeak beren bizibidea diren oihanetako zuhaitzak defenditzen, 1970eko hamarkadan:
ekofeminismoaren aitzindarien artean kokatzen dira. Argazkia: Wikipedia.