Bizi-baratzea

Kosmologiko
2022-09-25  |  Uxue Apaolaza Larrea

Joan den asteko “puf, ze beroa” horiek existentzialistak ziren, sakonetik epe luzera bidalitako aieneak, irautearen inertzia geurekoiari eutsi ezinak sortuak (ez geure iraupen indibiduala, espeziearena baizik). Planetario baten klima hotzagoan, unibertsoaren handitasuna heriotza bezain tabu, bezain aztoragarri zaion berozale honek pentsatu du, agian, aizu, ez dela hainbesterako, ez dela ezer gertatuko Lurreko espezie batzuk, zer batzuk, den-denak desagertuta ere.

Munduko aberatsenak ohartuta daude horretaz, eta independizatu ziren aspaldi, ulertzeko gai ez, eta oztopoak jar ditzakeen oroz. Pandemia garaian ere ikusi genuen gai direla kutsatzaile txikiokin nahastu gabe ederki bizitzeko. Mundu zati garbi eta ederrak erosi dituzte, bakarrik mugitzen dira munduan barrena, mugarik gabeko nazio bat dute, oporleku esklusibo eta guzti.

Eta gu, bitartean, zaborra banatzen jarri gaituzte, gure hondar alea zein baliagarria den esaten zaigu, gure artean haserretzeko gai gara ez hainbeste kontsumitutako Coca-Colak gure esku-arterako bidean eragindako suntsipenagatik, lata ontzi horira ez botatzeagatik baizik. Lorategia edo baratzetxoa gehiegi ureztatzeagatik. Dirudunen bakea gara.

Aberats horiek ez dira berekoiak, ez noski, kosmologikoak dira. Donostiako planetariotik ospitaletara bidean, “bitu, ze pistinak!” ohartu da umea; bat, bi, hiru… Zer inporta zaizkie horiei Zubietako errekatxo bateko arrainak, kutsatzaile txikion osasuna, Zaldibarko zaborra gizajale bilakatzea... “Joango gara noizbait pistina horietara, ama?”. Entzun behar ez lituzkeen hitzak atera zaizkit ezezkoa ematean, ulertzen ez dituen klase egoismoz betetako azalpenak. Kosmologikoak horiek ere, izan ere, beren jet pribatuetatik guztiok puntu ezabagarri dirudigun arren, denok omen gara izaki bakar, paregabe, errepikaezinak. Eta ezertan lehenengoak ez bagara izan, ez gara izaten hasiko desagertzeko ordenan soilik.


Zurea bidali