Bizi-baratzea

Burujabetza energetikoa I
2022-09-25  |  Eva Perez-Pons Andrade

Hiru-lau hilabeterik behin ur berorik gabe etxean geratzen gara, ez bada galdara, propano botilak kale egiten digulako.

Askotan hausnartu dut burujabetza energetikoaren inguruan; energia berriztagarriak iturri dituzten teknologiak direla, ingurunera egokitutakoak, kontsumo etiko bati lotutako dimentsionamendua dutenak, eredu deszentralizatuetan oinarritzen direnak, menpekotasunik sortzen ez dutenak… igogailurik gabeko zazpigarren solairu baten baliokidea den etxe batean bizi garela, ura eta etxea berotzeko propano botilak behar ditugula eta kotxerik ez dugula, burujabetza energetikoari oso zalantzagarria zaion etiketa berdetik haratago doan ezaugarri bati erreparatzen diot orain: energia lortzeko eta kontrolatzeko dugun gaitasunari. Adibidez, instalazio elektriko osoa izango bagenu, argiaz hornitzeaz gain ura eta etxea berotzea ahalbidetuko ligukeena, nahiz eta argi-kontraturik ez izan, ikas genezake argia pintxatzen eta horrela gure beharrizan energetikoak ase egin. Baina ez, botila erosi eta etxera ekarri behar digute ezarrita dagoen ordutegi batean guk ezin dugulako lan hori egin, eta askotan ur berorik gabe geratzen gara etxean.