Bizi-baratzea

Agroekologia

"Familia-ustiategia amaituta dago, Pertsona bakarrak ezin du dena egin eta familia hipotekatzea ere ez da bidea"
2022-09-18  |  Reyes Ilintxeta

Gazta eta gazta artean hamaika bilera, dei eta txosten egiten ditu Mirian Otxotorena Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko presidenteak. Ekoizpen ekologikoa eta nekaritza soziala bultzatzea etorkizunerako giltza dela aldarrikatzen du.

Argazkia: Dani Blanco

Mirian Otxotorena. Iruñea, IRUÑEA, 1972

Nekazal Ingeniaritza ikasi zuen Almunia de Doña Godinan, Zaragozan (Aragoi). Artzaina eta Axuribeltz izeneko gaztaren egilea da. Iturgoienen 300 ardi latxa eta hamabost behor ditu, Andimendian bazkatzen dutenak. 2021etik CPAEN-NNPEK, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko presidentea da.

 

Hiritik herrirako aldaketa zergatik egin zenuen?
Bikotea eta biok Iruñean bizi ginen, baina erabaki genuen herri batean bizi nahi genuela. Landa eremua beti maite izan dut eta argi nuen zerbait egin nahi nuela. Etxe eta herri bila hasi ginen mendialdean, baina ez da batere erraza herrietan etxebizitzarik aurkitzea.

Buelta asko eman ondoren aitaren herrira jo genuen, Iturgoienera. Han familiaren etxearen zati bat utzi ziguten eta hura moldatu genuen.

Garai hartan lana Iruñean nuen EHNE sindikatuan eta joan-etorrian ibiltzen nintzen. Lehen semea jaio zenean, ordea, erabaki nuen herrian gelditzea, ez nuelako dena bateragarria ikusten. Hasieran landetxe bat zabaldu nuen ahizparekin batera eta beranduago ardiak eta behorrak jarri eta gazta egiten hasi nintzen.                                        

Nola ikasi duzu ofizioa?
Hanka sartze handiak eginez eta poliki-poliki. Artzain bakarra gelditzen zen herrian. 50 ardi baino ez zituen eta ez zuen gaztarik egiten, beraz laguntza handirik ezin zidan eman eta nire kabuz hasi nintzen. Hasieran ez nuen argi zer azienda mota jarri. Niri behiak eta behorrak gustatzen zitzaizkidan, baina ardiak Andia eta Urbasan modu estentsiboan haztea eta gazta egitea bideragarriagoa ikusten nuen. Behorrak ere baditut baina ez diet hainbeste etekinik ikusten. Oso ongi egokitzen dira eremu horretara baina nik haragi hori ez dudanez jaten zaila ikusten nuen hori saltzen saiatzea.

Behiekin ikusten dudana da kanpoko bazkarekiko menpekotasun gehiago dutela. Guk ditugun belaiekin ardiak hobeto moldatzen dira. Ardi esnearekin, gainera, gazta eta bestelako produktuak egin ditzakezu eta hori sortzaileagoa iruditzen zait. Gainera gu bertan gaude eta egunero Andimendira edo Trinitatera igotzen gara, goizean eta arratsaldean.

Egun 300 bat ardi eta hamabost behor ditugu. 3.000 kilo inguru gazta egiten dut urtean eta salmenta zuzena egiten dugu etxean, Iruñean eta Lizarrako ekomerkatuetan eta Ekoalderen bitartez zenbait jantoki kolektibo, kontsumo talde eta dendatara iristen gara.

Aurten uda lehor eta beroa izan dugu. Zuentzat nola joan da?
Oso urte txarra doa eta emigratzeko beharra izan dugu. Andimendian belar aski ez zegoenez, beldur ginen ardiak udazkenean ez ote ziren egongo behar baino argalago eta ahulago. Hala izatekotan, gerta daiteke estaltzeko indarrik ez izatea eta, ondorioz, kume gutxiago ekartzea. Negurako badugu beste bazkaleku bat Gesalaz bailarako Garisoain herrian. Normalean behorrak hara eramaten ditugu elur gutxiago egiten duelako, eta aurtengo abuztuan behorrak eta ardiak eraman ditugu hara. Ez da goiko belarra bezain aberatsa, baina behintzat jana badute eta ez dugu ibili behar belarra erosten eta mendira igotzen.

Etxalde askotan neguko belarra ari dira orain bazkatzen eta, gainera, negu honetarako belar gutxi dago udaberrian euri gutxi egin zuelako. Nik beltza ikusten dut etorkizuna, baina udaberritik ikusten dut horrela. Oraindik badugu esperantza, hala ere. Ekaitz on batzuk botata belarra aterako litzateke, gure lurra horretarako oso ona baita. Ur gutxirekin belar ona ateratzen da.

"Nafarroan orain %7a da ekoizpen ekologikoa. %25era iristea posiblea da, baina horretarako neurri eraginkorrak jarri behar dira eta aldaketa antolatu”

 

Argazkia: Dani Blanco

Uda hau hemendik aurrerako hotzena izan dela diote adituek...
Hori horrela baldin bada, gure artzain bizimodua aldatu beharko dugu. Beste toki batzuetan jendea nekazaritza uzteko beharrean dago, bada guk berdin egin beharko dugu gauzak okertzen badira. Urte bat eusten ahal diogu bazka gutxirekin edo transhumantzia egiten, baina horrela bada betirako, gure bizimodua desagertuko da.

Eta zer egin behar dugu?
Horri gizarte bezala eman beharko diogu erantzuna. Aspaldi ohartarazi ziguten eta oraindik jarraitzen dugu kasurik egin gabe. Soluziobide globalak planteatu beharrean, irtenbide indibidualak bilatzen ari gara. Hau da, bero itzela baldin badator aire girotua jarriko dut etxean. Indibidualki pentsatzen dugu nola pasako dugun bero hori, baina zer dagoen atzetik begiratu gabe. Gure ongizatean baizik ez dugu pentsatzen.

Kontzienteago gara orain gure elikadurak duen garrantziaz?
Gogoeta horiek batzuek egiten dituzte, baina beste askok ez. Oso ikuspuntu desberdinak daude gizarten. Ukrainako gerraren ondorioen aurrean, adibidez, batzuek esango dizute bertako ekoizpena biderkatzea dela aterabidea. Ekoizpen bolumena lehenesten dute, moduari erreparatu gabe. Kopuru handiak lortzeko ongarri kimikoak eta pestizidak erabili behar badira berdin dio. Ingurumena, nekazaritza iraunkorra, nekazaritza soziala… hori dena bazterrean uzten dute. Beste batzuek, aldiz, ikusten dute klima aldaketa dela eta, nekazaritzan eta abeltzaintzan aldaketa sakonak egin behar direla, eta ekologikorantz abiatzen dira. Egia da Europar Batasunak gogoeta bat egin duela orain, lehen inoiz egin ez zuena, eta horren ondorioz Itun Berdea eta Baserritik mahaira estrategiak abian jarri dituela. Batzuentzat hankamotz gelditzen da eta besteentzat gehiegi da, baina behintzat itxaropen puntu bat ematen digu.

2030erako ekoizpenaren %25 ekologikoa izatea lortu nahi da?
Hori ezarri dute helburu gisa, baita ekoizpen konbentzionalean erabiltzen diren pestizidak, antibiotikoak eta hormonen kopuruak gutxitzea ere. Batzuek uste dute hori ekintza ildo bat besterik ez dela, aholku moduko bat, baina ez bete beharreko agindu bat. Hemen behintzat, Nafarroan, gobernuak hartu zuen estrategia hori bultzatzeko konpromisoa, larrialdi klimatikoari lotuta. Hala ere, egun batetik bestera nekazaritza sistema eta egitura guztiak aldatzea zaila da. Horretarako sinetsi egin behar da horretan eta hemen, oro har, betiko martxan jarraitzen dugu. Nafarroan nekazaritza oso intentsiboa da, Europa osoan bezala. Hori da azken urteotan bultzatu dena eta orain horri buelta ematea asko kostako da.

Urruti gaude Nafarroan helburu horretatik?
Orain %7 da ekoizpen ekologikoa. %25era iristea posiblea da, baina horretarako neurri eraginkorrak jarri behar dira eta aldaketa antolatu, bestela nekazaritza ekologikoak handitzen jarraituko du, baina oso erritmo motelean eta Europako trena galduko dugu.
Aurtengo lehen seihilekoan 108 partaide berri gehitu dira Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilura (NNPEK).

Nola baloratzen duzue?
NNPEK bezala oso modu positiboan baloratzen dugu. Orain 800 inguru gaude. Aurten NPBk (Nekazaritzako Politika Bateratua) bazituen dirulaguntzak ekoizpen ekologikoan alta ematen zuten nekazarientzat. Aurreko urteotakoa baino handiagoa izan da igoera, neurri batean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza egon delako. Argi dago batzuk ekologikora etorri direla gehiago diru-laguntzarengatik kontzientziarengatik baino. Hor eztabaidatu daiteke. Hala eta guztiz ere, orain 70.000 hektarea inguru dugu ekologikoan, inoiz baino gehiago, eta hori ona da.

Sektoreka ikusten da, adibidez, Arguedas eta inguru horretan kooperatiben bitartez bultzatu dutela zerealak eta arroza modu ekologikoan ekoiztea. Abeltzaintzan, bai ardietan bai behietan gehitu dira ustiategi berriak eta Lesakan operadore batek alta eman du ahuakateak ekoizteko. Ondo dago probatzea eta produktu desberdinetan lortzen badugu aurrera egitea, hori ere ongi etorria.

“Ekologikoa” zigilua preziatua da?
Guk gehiago ikusten dugu egiten dugunaren aitortza bezala. Egia esan, merkatu batzuetan pisu handiagoa du besteetan baino. Niri gazta erosten didanari, adibidez, berdin zaio zigilua izatea edo ez, badakielako nola eta zerez egina dagoen, eta hori da bilatzen duena. Nekazaritzan eta elikaduran azken urte hauetan sortu dugun nahaste-borrastearekin kontsumitzaile batzuek jada ez dakite zer den ekologikoa, artisaua, naturala... Batzuek kontzientziarekin erosten dute, baina besteek, aldiz, ez diote hainbesteko garrantzirik ematen.

Produktu ekologikoak non saltzen dira gehiago, bertan edo kanpoan?
Denetarik dago. Batzuek hurbileko merkatuetan saldu nahi dugu eta beste batzuek, aldiz, kanpoko merkatuetan saltzeko erronka dute. Europan eta beste toki batzuetan ere kontsumitzaile ekologikoaren potentzial handia dago, hemen baino gehiago. Nafarroa betidanik esportatzailea izan da eta enpresa handiak ekoizpen ekologikora batu dira merkatu horiek mantentzeko. Hori garbi ikusten da Erriberako enpresa handietan. Kontzientzia desberdinak badirela ikusten da.

Ekologikoarekiko interesik sumatzen da ekoizle gazteen artean?
Oso gutxi. Hala ere, ekoizle berrien inguruko informazioa ematen denean, zenbat diren emakumezkoak zehazten da, edota zer sektoretan arituko diren, baina ekoizteko moduaz ez da ezer esaten. Emakumeen presentzia nekazaritzan ikusaraztea garrantzitsua eta pozgarria da, baina besteaz ere hitz egin beharko litzateke.

Europako egitasmoekin bat egin nahi badugu, diruz lagundu behar ditugu hasten diren nekazari berriak %100 ekologikoak izan daitezen. Errazagoa da hastea nekazaritza eredu batean, gero aldaketa egitea baino.

Zaila da gazteentzat, oro har, lehen sektorean lanean hastea?
Ez da batere erraza. Nekazaritza antolatuta dagoen bezala, gero eta zailagoa da. Lurra falta da, herrietan daudenek jarraitzea zaila dute, eta sektoretik kanpoko jendea behar da. Landa eremu bizia nahi badugu, nekazaritza soziala nahi badugu, nekazari gazteak behar ditugu. Gaur egun,  30 urtetik beherako 40 bat nekazari soilik dago Nafarroan. Niri askotan gaztea naizela esaten didate eta 50 urte ditut. Hor zerbait gaziki dago. Hori landu beharreko zerbait da. Gazteak sartzea, ekologikoan sartzea eta nekazariek egindako nekazaritza behar ditugu.

Nola lortu daiteke hori?
Nekazaritza industrialari mugak jarriz, baliabideen banaketa eta diru laguntzak beste modu batez kudeatuz. Sartzen den jende berriak soldata bat eduki beharko luke, ezin delako nekazaritzan hasi eta bien bitartean beste toki batean ere lanean ibili bizi ahal izateko. Hasieran ez du etekinik ematen eta kosta egiten da ustiategi bat martxan jartzea. Familia-ustiategien eredua amaituta dago nire iritziz. Pertsona bakarrak ezin du dena egin eta familia hipotekatzea ere ez da bidea. Oso nekazari gutxi dago gaur egun eta gazteen artean formulak bilatu behar dira baserrietan elkarlanean aritzeko. Zaila da baina moduak bilatu behar ditugu jendeak denbora librea izateko eta neurriko lana egiteko. Egokiena litzateke kooperatiba edo elkarte txikiak eratzea lana eta denbora modu egokiagoan banatzeko. Badira halako esperientziak hemen Euskal Herrian eta nik uste dut etorkizunean hala izan behar duela, bestela akabo.

"Oso nekazari gutxi dago gaur egun eta gazteen artean formulak bilatu behar dira baserrietan elkarlanean aritzeko"
 

 

Argazkia: Dani Blanco

Zer da Ekoalde?
Ekoizpen ekologikoan ari garen 70 bat ekoizleren banaketa plataforma da. Horrela elkarrekin iristen gara bai denda eta taberna txikietara, bai jantoki kolektiboetara.

Jantoki kolektiboen alorra da gehien handitzen ari dena. Iruñeko haur-eskoletako jantokiak hornitzen hasi gara eta orain Nafarroako Ospitalearekin ari gara solasean produktu batzuekin hasteko; eta bagaude harremanetan etxez etxeko zerbitzuarekin, ikastetxe gehiagorekin, adinekoen zenbait egoitzarekin eta enpresa batzuekin.

Bertakoa eta ekologikoa bultzatuz administraziotik ekoizleei ere laguntzen zaie. Jantoki kolektiboetan aritzeak, esate baterako, gure arteko antolaketa ekarri du eta baita produktuen dibertsifikazioa ere.

Errigora ekimena nola baloratzen duzu?
Oso positiboa da euskararen aldetik, baita Erriberako ekoizpena balorean jarri duelako ere, elikadura burujabetza filosofiaren ikuspegitik. Esparru askotan kontzientzia hartzeko ekimen indartsua da.

Iruñean hilean behin egiten duzuen Ekomerkatuarekin pozik zaudete?
Bai. Iruditzen zitzaigun hirian egon behar genuela, kontsumitzaileei zuzenean erosteko aukera emateko; aldi berean, iruditzen zaigu Ekomerkatua hor dagoela, baina oso modu prekarioan. Udalaren borondatearen menpe gaude eta hilabetero egiteko aukera ez dugu ziurtatuta. Urtero, uztailean sanferminengatik eta azaroan Nuevo Futuro elkartearen merkatua jartzen delako, ezin dugu egin, baina aurten, gainera, esan digute urrian ezin dela egin eta beste hilabete batean ere ez ping-pong lehiaketa bat dagoelako. Hori gertatzen da benetan sinesten ez dutelako. Guk beti beste hiri batzuetako udalek bultzatutako azoken adibideak jartzen dizkiegu: Zaragoza, Madril, Sevilla edo Valladolid… Hemen Nafarroan garai bateko ekoizleen merkatuak akabatu ziren, Gipuzkoan edo Bizkaian ez bezala, eta udalen laguntza behar dugu; arazoa da ez dutela sinesten halako ereduan.

Zergatik onartu zenuen NNPEK-ko presidente kargua?
Pentsatzen dudalako zerbait egin daitekeela beste nekazaritza eredu baten alde. Batzuen ahotsa entzunarazteko aukera ematen du kargu honetan egoteak. Gizarte bezala iruditzen zait tontotuta gaudela. Nahiko ezkorra naiz orokorrean. Pentsatzeko ahalmena galtzen ari gara. Bakoitzak bere esparruan, beti ditu gauzak borrokatzeko. Lana eta borroka egin behar da.

Idilikoa da zure bizimodua?
Ez! Kaotikoa da, baina ikasi dut kaosean bizitzen.


Zurea bidali