Bizi-baratzea

Klima larrialdiaren erdian, negozio eredua aldatu baino, Total-ek nahiago izaten du zalantza hauspotu eta zabaldu
2022-09-18  |  Nicolas Goñi

Eztabaidagai izan dira azkenaldian erregai fosilen sektoreko enpresa handiak, klimaren, geopolitikaren eta energia baliabideen bidegurutzean. Multinazional horiek beren onargarritasuna eta irudia hamarkadetan nola zaindu duten ikertuz, adituak ohartu dira klima aldaketari buruzko zalantzak sortu eta desmobilizazioa sustatu dutela konpainia horiek, komunikazio estrategia ezberdinak erabiliz, beti xede berarekin: beren negozio eredua ez aldatzea. Noraino jarraitzen ahalko duten jakitea zaila bada ere, tentsioak areagotuko diren testuinguru batean igaroko da.

Klima aldaketaren eraginak nabarmen zabaltzen eta gogortzen ari zaizkigun azkenaldi honetan eta energiaren inguruko tentsioak aldi berean areagotzen direlarik, eztabaidak pizten dira erantzukizunen inguruan. Berotegi efektuko gasen isurketak, eta orokorrago energiaren erabilpena murrizteko ahaleginak, nola banatu? Bakoitzari eskatzen ari zaion ahalegina bere benetako arduraren neurrizkoa ote da? Zenbateraino justifikagarriak dira gaur egungo gasolio, elektrizitate edota gasaren prezioak? Prezio igoera horietan zenbatekoa den benetan baliabide eskasiak bultzaturiko zatia eta zenbatekoa espekulazioak sortua. Zalantza horien artetik, gogo bat baino gehiagori etortzen zaio galdera bat: nahaspilaturiko krisi horietan –klima, energia, elikadura, geopolitika–, ea ez diguten nonbait iruzur egiten enpresa handi batzuek, nahasmena baliaturik beren interesak lehenetsiz.

Azken hilabetetako testuinguruak galdera horiek akuilatzen baditu ere, arazoa ez da berria. Energian eta berotegi efektuko gasen isurketan ardura handiak dituzten –hots, erregai fosiletan maila handiko inbertsioak dituzten– enpresa askok aspaldidanik garatu zituzten komunikazio estrategiak, beren eraginei buruzko zalantzak sortzeko eta beren arduren hautematea lausotzeko. Horien adibide esanguratsu bat Total (2021ean TotalEnergies berrizendatua), Parisen egoitza duen multinazionala.

1970eko hamarkadan erregai fosilen industria jabetu zen berotegi efektuaren arazoaz, eta bere negozio eredua ez aldatzeko komunikazioa garatzen hasi zen
Ardurak estaltzeko estrategia

Christophe Bonneuil historialaria buru izan duen Early warnings and emerging accountability: Total’s responses to global warming, 1971–2021 ("Alerta goiztiarrak eta azaleratzen ari den erantzukizuna: berotze globalerako Total-en erantzunak, 1971-2021") ikerketaren arabera, Total enpresak eta bere aurrekoek 1971n informazioa eskuratu zuten klima aldaketaren jatorriari eta bere ahalezko ondorio txarrenei buruz. 1980ko hamarkadan, informazio osatuagoa jaso zuten. Urte guti geroago –1992ko Rio de Janeiroko Goi Bilera prestatzen zeneko urteetan, hots, energia berriztagarriak eta klima gero eta gehiago aipatzen zirelarik– Total aktiboki komunikatzen hasi zen klima aldaketa ukatzeko. 1990eko hamarkadaren bukaeran estrategia aldatu zuten: klima aldaketaren errealitatea ukatu baino, erabaki zuten klimari buruzko kontsentsu zientifikoa onartzea adierazpen publikoetan, bitartean klima aldaketari aurre egiteko neurriak atzeratzea sustatzen zutelarik, baita beraien hitza jan ahal izateko estrategiak garatuz ere. Bonneuil eta lankideek honako hauek aipatzen dituzte: gaitzustezko ezjakintasuna, ardura saihestea, filantropia estrategikoa, eraginik gabeko konponbideen sustatzea, eta liskar publikoak kudeatzeko komunikazioa.
Total enpresa ez da halako ahaleginak garatu dituen bakarra. ExxonMobil edota Royal Dutch Shell konpainiek ere antzeko esfortzuak egin dituzte, izan jasangarritasunaren aldeko adierazpen publikoak zabaltzea klimaren aldeko ekintza zehatzak oztopatzen zituzten bitartean; edo diskurtsoak egokitzea komunikazio ezberdinen irakurlegoen arabera, alde batetik sinesgarritasun akademikoa mantentzeko asmoz eta bertzaldetik, publiko zabalago batean zalantzak areagotzeko helburuz gaitzustezko editorialak argitaratuz.

Jean-Baptiste Fressoz, zientzien eta tekniken historialariak, trantsizio energetikoa eta klimaren hautematearen gaiak lantzen ditu eta aurten argitaraturiko elkarrizketa batean, anekdota esanguratsutzat aipatzen du: nola Exxon konpainiako I+G departamenduko zuzendari Edward E. Davidek iruzur egin zion NASAko James Hansen klimatologoari, 1982an klimari buruzko konferentzia batean. Hanseni erran zion noski berotegi efektua aspaldidanik ezaguna zela, arriskutsua zela eta hori zientifikoki ez zela jada eztabaidagai, aldiz benetako eztabaida zela zein garatuko zen azkarrago: klima hondamendia ala trantsizio energetikoa. Eta noski, energiaren sektorea trantsizioaren erronkaz jabetu behar zela ohartarazten zion. Hansen ez zen orduan iruzurraz ohartu eta eskertu ere egin zuen, koherentziaz jokatzeagatik. Handik hilabete gutira, Davidek energia sektoreko enpresen gailur batean argi adierazi zuen erregai fosilek eta bereziki ikatzak toki handi bat izaten jarraituko zutela XXI. mendean. Davidek 1979an proiektu handi bat bultzatu zuen, Exxon konpainiaren garraio-ontzi bat erabiliz itsaso eta atmosferaren CO2 laginak biltzeko, klima modelizazioa hobetzeko asmoz. Erretiratu orduko, klima aldaketaren garrantzia gutxiesten zuten zutabeak izenpetzen zituen, ekonomia “deskarbonizatzeko” premia ukatuz.

Erregai fosilen enpresek aspaldi garatu zituzten komunikazio estrategiak, beren eraginei buruzko zalantzak sortzeko eta arduren hautematea lausotzeko

Fressozek azpimarratzen du “ingurunea babestu beharraren ohartze berria” bezalako esamoldeak trikimailutzat erabiltzen direla, ordura arte arazoaz ohartzen ez bagina bezala, klimaren arazoa bete beharreko hutsune batean oinarritzen balitz bezala –eta ez eraberritu beharreko ordena ekonomiko batean–. Funtsean, urte bakoitzak bere hondamendi meteorologikoak badakartza ere, “kontzientzia” hori aspaldi garatzen hasi zen. Fressozen ustez, kontzientzia hori luzeegi aldarrikatu izan da, oraino ezertarako balio izateko eta okerrenean, absoluzio bat izan daiteke, kutsatzaileen zerbitzura.

Zalantza saltzaileak

Bonneuilen taldeak agnogenesis deitzen du ezjakintasunaren antolatzea, gizartearen sektore batzuen eskutik –ignorance as resulting from the organized work of social actors edo "eragileek bideraturiko lan antolatuak eragindako ezjakintasuna"). Duela hamarkada bat, Naomi Oreskes eta Erik Conway zientziaren historialariek gai honi buruz argitaratu zuten Merchants of Doubt ("Zalantza Saltzaileak") izendaturiko beren ikerketa. Bertan deskribatzen zuten nola osasun edo ingurune arazo global ezberdinen aurrean (tabakoa, euri azidoak, ozono geruzaren zuloa, eta abar) beren negozio eredua aldatu nahi ez duten sektoreen estrategia sistematikoki izan den eztabaidak elikatzea, zalantzak eta nahasmena sortuz eta hori, aurretik lortutako kontsentsu zientifikoa hondatzeko asmoz. Egoera bakoitzean taktika bera martxan jartzen zuten: ikerketa zientifikoei sinesgarritasuna kendu, faltsuzko informazioa zabaldu, nahasmena eta zalantza elikatu. Arduradunen izenak ematen dituzte ere bi historialariek, horien artean Bill Nierenberg, Fred Seitz eta Fred Singer, hiruak fisikariak eta sikario moduan lan egiten dabiltzanak tabako, kimika edo petrolioaren sektoreko konpainia handien interesentzat.

Mickael Correia Mediapart-eko kazetariak ere izenak ematen ditu Criminels climatiques ("Klima kriminalak") liburuan, hiru enpresa handitan fokuratuz: Saudi Aramco, China Energy eta Gazprom –bakoitzak bere estatuarekin lotura oso estuak dituenak–. Erregai fosilen enpresak, estatuak eta bankuak, eta hiruen arteko ate birakarien sistemak azaltzen ditu Correiak, horien ondorio negatiboak nola sozializatzen diren erakutsiz. Hiru konklusio nagusi ateratzen ditu: zalantza saltzaileen aurka justiziara jo behar dela, haien azpiegiturak blokatzeko estrategiak garatu behar direla, eta industria fosilen langileekiko aliantzak sortu beharra.

Datozen urteetan baliteke zalantza saltzaileen eginkizunak gero eta aurkari gehiago topatzea.


Zurea bidali