Bizi-baratzea

Laborantza

Renée Vellvé: "Elikadura prezioen igoera Ukrainako gerraren eragina dela diote, baina gezurra da"
2022-07-31  |  Jenofa Berhokoirigoin

Lekuan-leku, laborariek eta tokiko komunitateek bideratuko eta kudeatuko lituzketen elikadura sistemen alde lanean dabilen elkartea da GRAIN. 1980ko hamarkadan sortu zuen Renée Vellvék, beste lagun batekin batera, nazioarte mailan antolaturiko egitura ttipi hori. Berekin hitz egin du ARGIAk, besteak beste, gaur egun ditugun elikadura prezioen emendioak hobeki ulertu nahian. Ez digu lurraz edota agronomiaz hitz egin, bai ordea finantzaz: gaur egun finantza merkatuan sarturik delako laborantza ere, inolako erregulaziorik gabe, gainera.

Elikadura sistema geroz eta mundializatuagoa eta liberalizatuagoa dugu. Nola heldu gara honaino? Zein izan da azken hamarkadetan laborantzak ezagutu duen bilakaera?

Bigarren Mundu Gerlaz geroztik bidean daukagu laborantzaren industrializazio prozesua, hastapen batean herri aberatsetan eta ondotik Hegoko herri deskolonizatuetan eman izan dena. Monokultura handien produkzioa emendatzea dute helburu, eta horretarako hazi komertzialetara, pestizidetara eta ongailu kimikoetara jotzen dute masiboki. Mailegu emaile handiek, tartean Munduko Bankuak, bultzaturiko programa izan zen, ondotik merkatu askerako itunek sustatuko zutena. Baina, agrobusiness-ean dabiltzan enpresa handien dirutza emendatzeko helburuarekin idatzia da programa hori, eta horiek dira irabazle handiak. Sozialki, ekologikoki eta politikoki kalte alimaleak egiten dituen politika da.

Multinazional bakar batzuen esku da laborantzaren sektorea, eta finantzaren sektoreari geroz eta lotuagoa ere da. Xehekiago, nolakoa dugu panorama?

Gure elikaduraren %90 dator laborantzaren industrializaziotik (kaloriei dagokienez), 30 labore daude oinarrian eta horietarik hiruk dute erdia osatzen: ogiak, artoak eta irrisak. Alta, badira 10.000 urte baino gehiago laborantzan gabiltzala eta laborari eta abeltzainek aniztasun ikaragarria garatu dutela, izan fruitu, barazki, zereal ala abereei dagokionez. Landareen sailean, aniztasun hori xehatu du hazien industriak. Lobbyen presiopean, 1960ko hamarkadaz geroztik, herri gehiegik dute hazien pribatizazioa onartu, hazi egileentzako patente gisako zerbait sortuz, UPOV Landaren Erdiespenak Babesteko Batasuna deiturikoa. Sistema juridiko horrek debekatzen die laborariei babesturiko barietateen zati bat berrerabiltzea hazi gisa, eta urtero berriz erosi behar izaten dituzte hazi berriak. Horri esker dute hamar bat enpresak –Bayer/Monsanto, DuPont/Dow, Syngenta eta beste– munduko merkatuaren %60 baino gehiago kontrolatzen. Noski, beti ere “aitzinamenduaren” izenean…

1970eko hamarkadan hasi zen elikaduraren sektorearen finantzarizazioa. Laborantzako produktuak finantza produktu eratorrien merkatura sartu zituzten eta merkatu hori araugabetu zuten. Goldman Sachs, JP Morgan eta beste batzuk [finantza merkatuan dabiltzan banku erraldoiak] garatu izan dituzte oinarri fisikorik gabeko laborantza salgaiak trukatu ahal izateko bideak. Espekulazioan gara, bete-betean. Gainera, lobby lanari esker, erregulatzaileen kontrol oro saihestea lortu dute. Zein izan da emaitza? Prezioen burbuila zartatu zela 2008ko finantza eta elikadura krisian. Hori errepikatzeko arriskuan gara berriz ere.

Zehaztu ditzakezu zein diren banku erraldoi horiek garaturiko tresnak?

Bankuek eta bestelako finantza-eragileek funts batzuk sortzen dituzte eta parteak saltzen norbanako ala instituzioei. Funts horiei esker inbertsiogileek espekulatu dezakete, parteak salduz eta erosiz. Baina berez ez dituzte zerealak erosten, oinarrian ez dagoelako horrelako ezer. Hori horrela, eta arauetan dauden akatsengatik, distortsio handiak gertatu daitezke funts horietako prezioak gailentzen direnean, eta hori ekonomia errealeko, hau da, merkatu fisikoko prezioak bideratzeraino. Hori gertatzen ari da gaur egun ogiaren prezioarekin.

Burtsaren krakaren arriskua badago?

Ez, ustez ez da bere horretan burtsaren kraka gertatuko. Haatik, finantza merkatuko espekulazioak merkatu errealeko prezioak finkatzen ditu, horrek dauzkan ondorio guztiekin.

Zenbaki deigarri bat: zerealen salerosketen %90 kontrolatzen dute lau taldek –Archer Daniels Midland (ADM), Bunge, Cargill eta Louis Dreyfus–, eta hazien, produktu kimikoen, elikadura-transformazioen, banaketen eta salmenten arloak ere haien esku dituzte. Zergatik da errealitate hori arriskutsua?

"2021ean jadanik hasia zen prezioen igoera, COVID-19 krisiagatik eta hornikuntzan eragin perturbazioengatik”

Multinazionalen botere kontzentrazio hori biziki arriskutsua da kartel batzuen aurrean garelako. Ekoizpenen benetako balioak faltsutzen dituzte eta sekulako boterea dute gobernuengan. Arrisku guztiak laborariengan bideratzen dituzte industrial horiek, eta etekin guztiak beraien artean banatzen dituzte, ingurumena eta gure ongizatea kaltetuz, gainera, –lurzoruen eta uren kutsadura, animalien sufrimendua, elikagaien pobretze nutritiboa, berotegi efektua dakarten gas isurketak, eta abar–. Horrez gain, ekoizpenak nazioarteko merkatura bideratzeko presionatzen dabiltza, elikadura segurtasuna edota burujabetza bigarren mailan kokatuz.

Elikagaien prezioak gora doaz azken garai hauetan. Azaltzen ahal diguzu zerk dakarren emendio hori?

Anitzek diote Errusiak Ukraina inbaditu izana dela arrazoia. Hori ez da egia. 2021ean jadanik hasia zen prezioen igoera, COVID-19 krisiagatik eta hornikuntzan eragindako perturbazioengatik. Gaur egun oraindik eragiten du COVID-19ak eta beste arrazoien artean dugu energiaren sektoreko prezioen emendioa eta horrek dakarren inflazio orokorra. Nola ez, espekulazioa ere dugu prezioen emendioaren arrazoien artean.

Elikadura Bankuaren zifrak dira: elikadura prezioen puntu bateko emendio bakoitzean hamar milioi lagun dira muturreko pobrezian sartzen. Beste behin ere, Hegoko herri pobreak dira lehen kaltetuak.

"Finantza merkatuko espekulazioak merkatu errealeko prezioak finkatzen ditu, horrek dauzkan ondorio guztiekin”

Bai, hori horrela da. Herri batzuk dependentzia handia daukate kanpoari begira, eta anitzez zaurgarriagoak dira prezio-kolpeak jasotzean. Gatazkak suntsituriko herriak dira gehienak –Afganistan, Yemen, Somalia, Etiopia…–. Horrez gain, kanpoko zorra dela eta, elikadura erosi ahal izateko dibisak eskas dauzkaten herriak ere baditugu kaltetuetan –Sri Lanka, Egipto, Sudan...–. Baina herri aberatsetan gauza bera da: aberastasun gutien dutenek dute gehien pairatzen eta sufritzen elikadura prezioen emendioa.

Irakurtzen nion CCFD Terre Solidaire egiturako Valentin Brichardi ekoizpenaren apaltzea erreala baldin bada ere, ez dela prezioen emendioaren heinekoa, berez elikadura erreserbak badauzkagulako. Aurreko erantzunean aipaturiko espekulazioa dugu egiaztapen horren atzealdean?

Elikadura prezioen krisia bizi dugu gaur egun, baina berez ez dago hornikuntza arazorik. Buruzagi askok diote Ukrainako gerraren eragina dela, baina gezurra da. Egia, Ukraina eta Errusiak ogiaren esportazioen %25 baino gehiago ordezkatzen dute, baina, soilik ekoizpenaren %0,9! Zerealen ekoizpenaren zati bat da mundu mailako merkatura bideratua –Europak eta beste zazpi herrik dute ogiaren esportazioen %90 segurtatzen, eta arto esportazioen %87 lau herrik–. Arazoa da herri batzuk, demagun Egipto, ikaragarri dependente direla Ukraina eta Errusiari eta bai ala bai beste iturri batzuk aurkitu behar dituztela. Aldi berean, stockak dituzten herri batzuk esportazioak gelditu dituzte, elikadura beraien herritarrei bermatzeko.

Baina hein handi batean, gehiegizko espekulazioari lotua da prezioen emendioa, eta hori Ukrainako gerla hasi aitzin jadanik hor zen. Lighthouse Project-eko kazetariek argitara ekarri dute nola laborantza-salgaien indize-fondoek gora egin duten AEBetan. Igotze horrek ez du ezer ikustekorik eskaintza eta eskaera errealarekin; inbertsiogileen etekin bilaketak ditu prezioak leherrarazi –ikusi grafikoa, jarraian–. Arazoa da horrek eragin zuzena duela prezio errealetan. Hori horrela, txiroak kalteturik dira, espekulatzaileak etekinak poltsikoratzen dabiltzan bitartean. Pandemiak eta gaur egungo elikadura krisiak milioi askoko 62 aberats berri ondorioztatu ditu eta hori elikaduraren sektoreari dagokionez bakarrik!

Gosearen matxinadak errepikatu daitezke?

Bai, posible da. Azpimarratu beharra daukat Ukrainako gerrak eragin zuzena daukala ongailuen kostuan eta hornikuntzan. Errusia eta Bielorrusia potasio iturri garrantzitsuak dira, eta mineral hori ezinbestekoa dugu ongailuen ekoizpenean. Gas natural esportatzaile handiak ere dira, eta hori beharrezkoa da ongailu nitrogenodunentzat. Ongarri eskasia eta horien prezio igoera direla eta –2021etik bikoiztu baino gehiago dira prezioak, ikusi grafikoa–, gutxiago erabiliko dituzte munduko laborariek. Hori horrela, baliteke uzta ttipiagoak ukaitea datorren urtean, eta elikadura eskuragarritasunean ondorioak eragitea. Gaur egun ogiaz ari gara, baina bihar agian irrisa izanen da, humanitatearen erdiaren oinarrizko elikagaia duguna.

Hegoko herriak dira lehen kaltetuak. Alta, laborantza azkarki presente dute, baita etxeko kontsumora bideraturikoa ere. Nolaz hainbeste gosete herri horietan? Soilik esportatzeko dabiltza ekoizten edo zer?

Erran bezala, gatazkak pairatzen dabiltzan herriek dute osatzen gosete horren zati handi bat. Mailegu emaileek beharturiko neurrien menpe diren herriak ere badira: mundu mailako merkaturako ekoiztu behar dituzte lehengaiak –soja, artoa, palma-olioa, eta abar– tokiko beharrak alde batera utziz. Industriaren eta finantza talde handien kontrolpean bideraturiko espezializazio hori aberastasun suntsitzaile eta pobrezia garatzaile da.

Laborari ttipientzako lurren eskasia dugu beste faktore bat. Maiz, familia elikatzeko dabiltza laborantzan, baina lurrak galtzen dituzte handien mesedetara marrazturiko politikengatik. Ironia tragikoa da gosetea pairatzen dutenen erdia laborari dela.

Klima larrialdiari ere aurre egin beharko diogu geroz eta gehiago. Zein izango dira elikadura sisteman izanen dituen eraginak? Zerk kezkatzen zaitu?

"Arrisku guztiak laborariengan bideratzen dituzte multinazionalek, eta etekin guztiak haientzat dituzte”

Kalte andana eragiten ditu jadanik elikadura-sisteman. Uholde, idorte edota bestelako katastrofeengatik badauzkagu produkzio apaltzeak. Elikagaien balio nutritiboaren apaltze konstantea daukagu, hori ere klima krisiaren emaitza da. Aurre egiten ahalko diogu, baina horretarako laborantza industriala alde batera utzi beharko genukeela uste dugu guk, GRAIN elkarteko kideok. Berotegi efektua dakarten isurketen herena eredu horretatik dator, izan monokulturak ahalbidetzeko deforestazioengatik, animaliak itsuski metatzen dituzten etxalde erraldoiengatik eta gehiegizko garraioengatik. Produktibitatea goraipatzen dute, baina osasunean, ingurumenean eta laborarien ongizatean eragindako kalteak gordez.

Hainbat eragilek dituzte elikadura autonomia eta burujabetza aterabide gisa kokatzen. Zuk ere bat egiten duzu horrekin?

Bai, erabat. Goseteari eta krisi klimatikoari aurre egiteko lagungarri genituzke laborantza herrikoia eta agroekologia. Baina horretarako, baliabideak eredu horretara bideratu behar lirateke: laborantza politiketan aldaketak behar ditugu –baita Europako NPBn ere–, tokian tokiko merkatuak garatu ahal izateko, kalitatezko ekoizpenak sostengatzeko eta horren eskuragarritasuna bermatzeko, enpleguak sortzeko, laborariei ordainsari zuzena bideratzeko… Hori erratea ez da ameslari izatea, guztion helburua izan behar luke.

Sistema errotik aldatzea erran nahi du horrek.

Bai, guk uste dugu sistema aldatu beharra daukagula. Aldaketa ez da agroindustriatik eta finantza industriatik etorriko, haien botereaz eta aberastasunez bereizteko interes izpirik ez dutelako horiek. Etengabean dabiltza aterabide faltsuak goraipatzen –izan “bioerregai berdeak” edo “laborantza karbonoduna”–, baina ohoinkerietan dabiltza. Esperientziak erakutsi digu enpresa horiek eta negozioa egiteko duten moldea erreformatzeak ez dutela balio. Ordezkatu behar dira. Beste eredu bat behar dugu zeinetan laborariek eta lekuko komunitateek duten lidergoa izanen, zentzu komuna iparroratz harturik.

Gaur egungo elikadura sistema hobeto ulertzeko bidean, bada gehitu nahi zenukeen ideiarik?

Argi utzi behar da lurren bereganatzea eta kontzentrazioa direla oinarrian ditugun arazo kaltegarriak. Balio segurua eta finantza-aktibo dira laborantza-lurrak inbertsiogileentzat. 2008ko elikadura eta finantza krisi garaian benetako lurren bereganatzea ikusi genuen, eta ez zen bakarrik Hegoko herrietan gertatu. Lurraren gaineko kontrola ezinbestekoa dugu, eta horren alde doazen lur-erreformak behar dira, baita Europan ere.