Bizi-baratzea

Basoratzea
2022-05-29  |  Aritz Galarraga

Modu zinez bitxi batez bukatzen du liburua Alice Zeniterrek: esplikatuz, zer eginik ez dagoela uste duen garaietan, are idazteko gorputzik ez duenetan, beti dagoela azkenik une bat, zeinean berriz esaten dion bere buruari gauzak egin daitezkeela, egin egin behar direla, eta, hemen bitxiena, “eskuarki une horretantxe sartzen zait basoan paseatzera joateko gogoa”. Lehen irakurraldian ez zidan atentziorik eman, begia beste gauza batzuetara, baina berehala ohartu nintzen basoari egindako erreferentzia hori, harago ez zihoana, lerratzen zela basoari erreferentzia egin izan dioten beste hainbat idazlerekin –oroi Le Guin bera, eta Oihan hitzean mundua–. Miguel Sánchez-Ostiz maitearekin, adibidez, maiz aritu izan baita bakardade, bakartze, basoratzeari buruz, luze gabe, berriki argitaratu duen Emboscaduras y resistencias lanean.

Ibilaldiak egitea atsegin du, inguruetako basoetan, “garbi baino zikinagoak”; bertako haritzak, amerikarrak, pago kalakari, alertze sotil, gaztainondo gaztigatuak: “Nik horri esaten nion buelta bat ematea, baina antza denez zera japoniar bat da, eta deitu behar zaio baso-bainua”. Zergatik basoratu, baina? Harrapariengandik defendatzeko, unea iritsita zeure buruagandik, bilatzen baituzu basoaren sakontasuna, ibiltzen baituzu galdu nahian, edo galdutzat eman zaitzaten, baina salbu, zerengandik salbu, zeure buruagandik. Ez dago, ordea, hori ezkutatzeko bezain baso trinko, itxi, sarririk. “Nire basoratzea”, dio Sánchez-Ostizek, “betekada, txotxongilo sentimendu, garai koipeztu baten ondorio da”. Nahiz jakin, benetan basoratzea, benetan bazterreratzea –eta ez orain mundu guztiak aldarrikatzen duen bazter zentriko hori–, Thoreauk egin bezala Walden mitiko hartan, fantasia bat dela beste ezer bainoago.

Basoa, beraz, aspaldi gordeleku, gero beldurgune, gaur egunean orotariko aisitoki –trekking, quad, mountain bike–, Senekaren harekin geratuko nintzateke: arrastorik ez utzi, saiatu ezabatzen, ezkutatzean egiten duten bezala basoko animaliek.