Bizi-baratzea

Energia krisia
2022-05-22  |  Kimetz Arana Butroe

Ukraina eta Errusiaren arteko gerraren aitzakiapean izugarri azkartu da azken urteetako energia eta erregaien garestitzea. Garraiolarien protestek supermerkatuak husteko beldurrak haizatu ditu jendearengan. Horrela munduko beste tokietan gertatzen denak gure egunerokoa nola baldintza dezakeen ikusi da, agerian utziz deslokalizazioan eta etengabeko mozkinen garraioan oinarritzen den sistemaren ahultasuna.

Horren aurrean estatuetako gobernuek erregaiekiko zergak murriztu eta bonu sozialak ugaritu dituzte. Agintariek ez dute ordea erregaien gaineko prezioetan zein enpresa handien joko arauetan eragiteko ahalik erakutsi, ezta erregai fosilak ordezkatzeko sakoneko proposamenik aurkeztu ere.  

"Estaturik gabekoentzat maila lokala da eraldaketa eta erronka berriei aurre egiteko esparrurik praktiko eta gauzagarriena"

Natur baliabideen agortzeak globalizazio aroaren amaiera dakar. Orain arteko ekonomiaren etengabeko hazi beharrak planetaren mugekin egin du topo. Badirudi hemendik aurrera bere beharrak gertutasunean asetzeko gai diren herriak izango direla etorkizuneko zailtasunei aurre egiteko prestatuenak.

Euskal Herrian sindikatuak langileriaren ahalmen ekonomikoaren apaltzea salatzen ari dira etengabe. Enpresarien Zedarriak foroak berriz EAEko ekonomiaren ahultzeaz ohartarazi du berriki. Guztientzat erronka berriak, aldaketen beharrean gaude.
Indiako nekazariek bertako gobernuak gauzatu nahi zituen neurri liberalizatzaileak geldiaraztea lortu zuten iaz, milaka langilek urtebetez mantendutako bide eta hiri nagusien blokeo gogorraren ondorioz.

Kurduek berriz 2005ean proposatu zuten Konfederalismo Demokratikoa estaturik gabeko pertsonentzako sistema gisa. Haien biziraupena bermatzeko, burujabetzan oinarrituz, udalerrietatik garatzen ari dira elikaduran, ekonomian, ingurugiroan eta feminismoan bidea egiten duen egitasmoa.  

Politika handiak botere ekonomikoarekiko duen menpekotasuna ikusita, estaturik gabekoentzat maila lokala da eraldaketa eta erronka berriei aurre egiteko esparrurik praktiko eta gauzagarriena. Urrunera joan gabe Iparraldean Bizi! elkarteak bultzatuta metamorfosi ekologikorako ituna garatzen ari dira zenbait udalerritan. Agian ildo horretan gehiago sakonduko bagenu lortuko genuke datozen hamarkadetan gure herriaren burujabetzarako indarra eta energia.


Zurea bidali