Bizi-baratzea

Gerra  >  Nuklearra

Rio de Janeirotik dator Uranioaren Zinemaldia maiatzean, atomoaz estalitako egiak erakustera
2022-05-15  |  Pello Zubiria Kamino

Gerra atomikoa, uranio meatzeek lagatako kalteak, zentral nuklearren hondakinak, klima aldaketari aurre egiteko balio ote dezakeen industria nuklearrak… Horiek eta energia atomikoaren  beste hainbat osagai eta ikuspegi jorratzen dituzten filmak erakutsiko dira 'Uranium Film Festival' zinemaldian, Brasilgo Rio de Janeiron, maiatzaren 19tik 29ra. Giza-zibilizazioaren arriskurik handienaz dokumentalez bezala fikzioz ari diren filmak.

Plutonioaren kupula, 'Hilobia’ ere deitua, Marshall artxipelagoko Runit uhartean. 12 urtez AEBek leherrarazitako bonba atomikoen hondar irradioaktiboak daude hormigoiz estalia, Ozeano Barearen erdian. Argazkia: Sea Gypsies.

Garrantzizkoa ote da Rio de Janeiron hamaikagarrenez maiatz honetan burutuko duten Uranioaren Film Zinemaldia?  Oso, sinestekotan Berlinen Claus Biegert (Alemania, 1947) kazetari eta militante antinuklear zaharrari, Nuklearrik Gabeko Etorkizunaren Sariak (Nuclear-Free Future Awards) sortu zituenari.

Alemanian Europako jendeei zinemaldia aurkeztean, apirilean, honela mintzatu da Biegert: “Plazerez egin dut Uranium Film Festival-en aurkezpena, bere indartzearen lekuko izan naizelako. Zinemaldi honek lan handia egiten du ahanzturaren kontra.  Nuklearraren arazoa ez da bakarrik ez gaituztela horietaz informatzen, hori da kontuaren alde bat; arazoa da  gauzok jakiten ditugunean ere berehala ahanzten ditugula. Oso garrantzitsua da nuklearraren aroarentzako amaiera bat aurkitzea. Gizakiok hasi genuen nuklearra eta gu guztioi dagokigu hari ematea bukaera. Gauza da, nola. (…) Horregatik 2010ean topo egin nuenean Uranium Film Festival-ekin, pentsatu nuen: ‘To, jada eman diagu urrats bat!’. Zinemaldi honi ez zaio gertatzen herri mugimenduei bezala, borrokan ari direla aurrera egiteko, ez: hauek jada goia jo dute. Esan nahi dut, lortu dute maila bat, formatu bat, eta orain behar dutena da jendearengana iristea”.

Marcia Gomes de Oliveira  soziologoa eta Norbert G. Suchanek kazetariak, portugesez 'Uranio en Movimento' deitzen den zinemaldiaren sortzaileak. Argazkia: Uranium Film Festival.

Uranioaren Zinemaldia (portugesez Urânio em Movi[e]mento deitzen da) 2010an Brasilgo Rio de Janeiron sortu zuten Norbert G. Suchanek kazetariak eta Marcia Gomes de Oliveira soziologoak. Suchanek (Alemania, 1963) ezaguna da Brasilen 1990ko hamarkadatik ingurumenaz, giza eskubideez eta zientziaz egindako ikerketa-kazetaritza lanagatik; liburu, argazki eta filmetan bildu ditu Ipar Irlandatik hasi eta Palestinarainoko gatazketan eta Brasilen oihaneko jendeen artean ikusi eta bizi izandakoak.

Beyond Nuclear International erakunde antinuklearraren gunean Linda Pentz Gunterrek Ideia bitxi bat arrakasta handi bilakatu da kronikan kontatu du Norbert Suchanek lehenbizikoz topatu zuenean tipo pitzatu samarra iruditu zitzaiola, bere baikortasun kutsagarriarekin: “Aipatu zidan abian jarri behar zuela zinemaldi bat soilik energia nuklearrari eta gerra atomikoari buruzko filmez osatua, munduan zehar mugituko zena. (…) Nik pentsatu nuen Dr. Strangelove eta Godzilla bezalakoak behin eta berriro eman ostean material faltan geratuko zela, zeren eta… zenbat film egon zitekeen hortik energia nuklearra bezalako gai elkor eta ezkutukoaz? Nork nahiko zuen joan gerra nuklearrari buruzko pelikula etsigarriak ikustera? Ez zuen asko iraun behar zinemaldi hark, pentsatu nuen. Horrexegatik ematen du batzuetan hainbesteko poza ekibokatu izanak”.

Bi alditan Navajo jendearen lurretan, Window Rock herrian, egin dira Uranioaren Zinemaldiaren edizioak, AEBetan. Argazkia: Uranium Film Festival.

Pasatu zen Rioko lehen zinemaldia 2010ean eta 2011an Fukushimako zentralaren istripu larriak erakutsi zien mundu osoko herritarrei atomoaren arrisku larriek hor zirautela, inork haiek aipatu ez arren. Geroztik, 2011an Rio de Janeiron eta Alemanian ere egin ostean, urtero lortu dute bai zinemaldia osatzea eta baita munduan zehar zabaltzea ere: Alemania, India, AEB, Kanada, Jordania, Portugal, Espainia (Almeria 2020an), eta abar. Bi aldiz, 2013an eta 2018an, egin dute AEBetan, ikustaldiak eskainiz hainbat hiritan eta bereziki Navajo jendearen lurretan, Window Rocken; navajoek beren lurretan eta beren larruan nozitu dituzte AEBetako industria nuklearrak uranio bila eta militarrek arma atomikoak probatzeko lehertuz eragindako zauriak.

2022ko edizioan, maiatzaren 19tik 26ra brasildarrek Rio de Janeiroko Arte Modernoaren Museoaren zinematekan ikusi ahal izango dituzte aurtengo zinemaldiko altxorrak. Gainerako mundutarrok, Internetetik eta libre ikusteko aukera edukiko dugu egun horietan. Aurrekoetan bezala, hautatu diren 41 filmen artean genero guztietakoak ikusi ahalko dira: dokumental, esperimentuzko, marrazki bizidun, thriller, zientzia-fikzio, komedia, beldurrezko, humorezko…Posible da tartean industria nuklearraren propaganda nabarmena den baten bat ere ikustea, antolatzaileek ez baitiote muzin egiten horrek gaia mahaira ekartzeko balio baldin badie. Programazioan eskaini duten zerrendako batzuk nabarmentzea merezi du.

Izarretako bat Atomic Cover-up (AEB, 2021) izanen da, izenburua Ezkutatze atomikoa edo Atomoaz estalitakoak euskaratu diezaiokegun dokumentala, zeinetan Greg Mitchellek erakusten dituen Nagasaki eta Hiroshiman amerikarrek leherrarazitako bonba atomikoen kalteen irudi orain arte ezkutuan gordeak. 1945eko maiatzean, leherketen biharamunean, bi ekipo aritu ziren txikizioak filmatzen, Japoniako albiste kate bateko ekipoa batetik eta AEBetako armadaren eliteko talde bat bestetik, jada ordurako suntsiketaren eta gizakiengan eragindako erredura eta beste zauri ikaragarrien kolorezko irudiak jaso zituztenak.

Arthur McArtur jeneralak, ordea, irudi haiek top secret izendatu eta ezkutarazi zituen eta bahituta egon dira hamarkada luzez.  Bitartean, industria nuklearrak bere urrezko aroa bizi izan zuen eta arma atomikoen lasterketak AEB eta Sobiet Batasunaz gain beste hainbat herrialde gehitu zituen lehiara. Atomic Cover-up-ekin Mitchellek lortu du irudi zentsuratu haietako asko jendeari erakustea. 2022ko gerra berrietan bizi dugun arrisku nuklearra gutxiesteko tentaldia sendatzeko moduko irudiak.

Sea Gypsies: The plutonium dome (Itsasoko Ijitoak: Plutonioaren kupula) izango da ziur arrakasta edukiko duen beste dokumental bat. Belaontzi batean itsasoak zeharkatuz bizi den familia batek bisitatzen ditu Marshall uharteak, Ozeano Barean, AEBetako armadak hidrogenozko bonba atomikoak probatzeko sakrifikatutakoak: 12 urtean bataz beste egunero Hiroshimakoa baino handiagoko bonba bat adina erradioaktibitate jaso zuten. XXI. mendeko marinel errariok iritsiko dira yankiek uharteetako batean plutonioz kutsatutako hondakinak hormigoiz estali zituzten kupula bateraino. Jada Interneten libre ikus daitekeen lekukotasun hunkigarria.

Fukushimako istripuak bertako biztanleen artean eta bereziki etxera itzuli ezin dutenengan utzitako orbanak kontatzen dituzten filmak dira Atomic Refugee Moms (Ama Errefuxiatu Atomikoak), Miyako eta The Invisible Island (Uharte ikusezina) japoniarrak. Frantzian egina da Peur à fleur de peau (Beldurra hezurretaraino sartua), lotzen dituena Fukushiman gaur hondakin erradioaktiboekin bizi duten arazo larria eta Normandian La Hagueko hondakin  atomikoen tratatze planta inguruetan bizi dutena.
Uranio meatzaritzaz ari da beste film sorta bat.

Bretagne radieuse-n (Bretainia irradiatua) bertako herritarrek  kontatzen dituzte aspaldiko meatzeek  beren lur eta etxeetan utzitako kutsadurak. L’Uranium de la colère-n (Uranio madarikatua) Nigerren gaur bertan, nagusiki Frantziako zentral nuklearrak elikatzeko uranioa erauzten duten lurraldeetako bizi ezina kontatzen da. Eta badira hari horretako gehiago Groenlandia, Kanada, Namibia eta abarretako kasuen inguruan filmatuak.

Irakurleak nahiago baldin badu atomoaren distopiari zinismo pittin batez erreparatzea, Stalking Tchernobyl-en (Ezkutaketan Txernobylen) dauzka mundu osoko frikiak klase guztietako abentura ez legalak praktikatzen hango paraje post-apokaliptikoan. Aldiz, benetako beldurra maite badu, zinemaldian aurkeztuko diote  World War 4 (Laugarren Mundu Gerra) zientzia-fikziozko serieari hartutako  atal errealistenez osatua. On egin!